Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Angolako bazter auzoetako dantza

$
0
0
Askotan, ahaztu egiten dugu Portugalekoa izan dela musika afrikarrak Europara sartzeko izan dituen lehen ateetako bat edo, hobe esateko, kaietako bat. Gauza jakina da kolonizatzaileek ebatsitako aberastasunekin batera iristen direla metropolira pertsonak eta, haiekin, musikak. Ez da harritzekoa, beraz, Porto edo Lisboatik barreiatu izana mendebalde osoan Cabo Verde, Mozambike eta Angolako musika, baita hango artista ezagunenak ere. Zerrenda luzea da oso; hainbesteraino, ezen hainbat urtez Portugalgo bi kai nagusiak izan ziren hainbat artistarentzat Parisera, musika afrikarren munduko hiriburura, jauzi egiteko atari ezinbestekoa. Azken 20 urteetan, ordea, txikitu samarra zirudien haien itzalak. Kuduroak pixka bat berpiztu zuen arte.

Kuduroa (ipurdi gogorra), berriz, erritmo tribalak eta elektronika gordina uztartu eta Luandako bazter-auzoetan jaiotako estilo musikal bortitza da. Brasilgo faveletan sortutako baile-funk delakoaren erantzun angolarra. Frederick Galiano dantza-musikaren gurua izan zen estilo berriaren lehen enbaxadorea. Baina Lisboatik zetorren Buraka Son Sistema izan zen, ordea, generoari ikuspegi zabalagoa emanez sua piztu zuena Europan 2006ean. Arrakasta horrek, bide batez, agerian utzi zuen Lisboa eta Portoko dantza-klub eta entsegu lokaletan garatzen ari zen afro-elektronika eszena interesgarria. Musikari portugaldarren eta afrikarren arteko elkarlanean oinarrituta eta dantza-erritmoen uztarketa jostagarria ardatz hartuta.

Testuinguru horretan kokatu behar da Throes & The Shine hirukoaren lana, egun bi portugaldarrek eta angolar batek osatzen baitute taldea, nahiz eta hasierako urteetan rock boskote formazio klasikoa eduki zuen. 2012an kaleratu zuten lehen lanaren izenburuak (Rockuduro) argi adierazten zuen zein zen taldearen bidea, kuduro musika rockaren indarrarekin uztartzea, alegia, eta baita lortu ere. Bigarren diskoak , berriz, bide berriak zabaldu zizkion nahasketari, eta Wanga hirugarren honetan, hiruko bihurtua, erabat nagusitu da formatu elektronikoa. Erritmo kutxak dira nagusi, eta sampler-ek hartu diete hainbatean lekua gitarra elektriko zorrotzei.

Kuduroa, jakina, rock apurrak nola ez, baina baita cumbia, house ukituak, eta, batik bat, afrikar erara hegan egiten duten gitarra eta teklatuak. Egia esateko, kuduroa pixka bat dulzifikatuta lortu dute hainbeste eragin modu egokian uztartzea. Horretan ere lagundu dute munduko hiru bazterretatik etorritako laguntzaileek: La Yergos argentinarra, Meridian Brothers talde kolonbiarra eta Pierre Kwenders kongoar-kanadarra, eta, jakina, baita Moulinex ekoizlearen lanak ere. Guztien artean ondu dute udako gau sargorietarako aholkatzeko modukoa den disko hau.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik