Iluntasunean sorturikoak bide bera egiten du argiaren beldurrik gabe. Karmelo Alguea eta Endika Etxebarria musikari bizkaitarrak muturreko metalaren zale eta sortzaile fidelak dira. Biak elkarrekin aritu ziren Odd Heathenish taldean, eta orain, indarrak batu dituzte Jhëit izenarekin. Black metal klasikoari men egin gabe, gordintasunari kutsu espeziala eman diote Omega Rising estreinako lanean. Bost kantuko bidaiak izaera zinez makurra du, eta, era berean, erakargarria. Bikoteak beste bi lagunen eta musikariren laguntza izan du. Izan ere, Aritz Nabarro (Numen) eta Ian Mason (The Wizards, Knives) abeslariek idatzi dituzte letrak. Nihil Omnia Et Singula Regit eta Et Chaos Hoc Dominat dira sinfonia makur eta deigarrienak.
↧