Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Pozoia erraietan

$
0
0
Marios Iliopulos greziarraren grina azpimarratzekoa da. Musikari bikainez inguratuta abiatu zuen Nightrage taldearen abentura propioa. Sweet Vengeance estreinakoarekin askoren arreta piztu zuten, besteak beste, Tomas Lindberg abeslaria (At The Gates) eta Gus G. gitarra (Firewind, Ozzy Osbourne) zeudelako hasierako bandan. Descent into Chaos bigarren lan zitalaren ondotik etorri ziren aldaketa amaigabeak. Iliopulosen sormen emariak ez zuen etenik, baina kostata lortu zuen ordutik aurrera talde egonkorra topatzea.

2007an Azpeitiko plazan (Gipuzkoa) izan zen zuzenean Grezia eta Suedia bitarteko banda. Kapritxo bat baino gehiago izan zen bertaratu ginenentzat. Legen Beltza azpeitiarrek antolatuta, gurean izan genituen aurreneko aldiz, A new Disease Is Born hirugarren diskoa atera berritan. Sanagustin kulturgunea dagoen plaza aurrean, oholtza arrunt baten gainean, aritu ziren Antony Hämäläinen abeslari finlandiarrarekin. Ordurako, taldekide aldaketak etengabeak ziren.

Urrats bakoitzeko egonkortasuna izan du helburu Iliopulos nekaezinak, eta ez du etsi. Horrela plazaratu du The Venomous zazpigarren diskoa, bi urtetan bigarrena. Pozik dago greziarra, momentuz, boskotea definitu duelako. Horrela aritu ziren gurean bigarrenez 2015ean, Bilboko StageLive aretoan. Ez zen beraien ibilbideko kontzertu onena izan, bereziki Ronni Nyman abeslariarena. Dena dela, taldeak beste sentsazio bat transmititu zuen.

Suediako death metal melodikoa bizirik mantentzen duen taldeetako bat da Nightrage. Estiloaren jarraitzaileek beraien zerrendan izan beharrekoa. Ibilbideagatik ez ezik, baita azken diskoetako ekarpen onarengatik ere. Iliopulos jaunak bere onena eman du The Venomous diskoan. Estiloaren berezko melodia eta egitura horiek inork baino hobeto ezagutzen ditu, eta gainera, bere izaera propioa gehitzen dio. Bere gitarra berehala antzematen da, bere jotzeko era, bere sormen aparta. Death melodikoaren pozoia darama erraietan.

Zaila da kantu bat edo bestea nabarmentzea, denek dutenean azpimarratzeko zerbait. Metamorphosis-Day of Wrath basatiak duen indarra, In Abhorrence abestiak duen gitarra riff ahaztezina edo Affliction pausatu zein melodikoa. Noski, gitarra akustikoa elementu garrantzitsua da melodeath musikan, eta Trail of Ghosts kantua eredu aproposa da. Aldiz, Disturbia da diskoak gordetzen duen altxorra edo danbatekoa. Beraz, noiz etorriko dira hirugarrenez Euskal Herrira? Zain gaude.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik