"Bat egiten dugu beste Ez dok Amairu bat aldarrikatu zuen Benito Lertxundirekin". Imanol Agirre jaialdiko zuzendariaren hitz horiek laburbildu dezakete Loraldia jaialdiaren asmoa. Bilbon euskal kulturarentzako erreferentziazko plaza bat eskaintzea izan da hasieratik asmoa, eta hirugarren edizioa aurkeztu dute orain. Eta datuek eman dezakete argien egitarau osoaren neurriaren berri: 29 egun iraungo ditu, 30 emanaldi baino gehiago eskainiko ditu, 10 gune baino gehiago hartuko ditu, eta, guztira, 150 artista baino gehiago bildu. Esparru guztiak hartuko ditu kontuan, gainera: musika, literatura, bertsogintza, antzerkia, artea eta zinema. Eta hainbat erabateko estreinaldi ere eskainiko ditu; Arriaga antzokian jaialdia abiatuko duen Mikel Martinez eta Patxo Telleriak sortutako "Euskal musikaren benetan istorioa" antzezlana, esaterako. Horrez gain, Mikel Urdangarin, Kukai dantza taldea, Xabi Aburruzaga, Hesian, Kirmen Uribe, Iban Zaldua, Alaia Martin eta beste hamaika sortzaileren lanak ere programatu dituzte.
"Arriskuak hartu ditugu". Agirreren hitzetan, publikoari euskal kultura "azken sormenak" aurkeztea da jaialdiaren asmoa, eta bi ekoizpen propio aurkeztu dituzte horregatik. "Strip-tease" izeneko antzezlana da horietariko bat. Fernando Bernues, Mireia Gabilondo, Jokin Oregi eta Garbi Losada zuzendariek propio sortutako biluzte ariketa bana biltzen ditu emanaldiak, eta martxoaren 24 eta 25ean eskainiko dute Arriaga antzokian. Hori, beraz, lehen ekoizpen propioa, eta musika du ardatz bigarrenak. Pete Seeger musikariaren abestiak euskaraz eskainiko ditu Lou Topet taldeak martxoaren 26an Arriaga antzokian. "Eutsiko diogu, Pete" deitu dute saioa, eta hainbat abeslari gonbidatuko dituzte. Aurreratu dutenez, Eñaut Elorrieta Aiora Renteria, Anje Duhalde eta Izaro izango dira gonbidatu horietariko batzuk.
Aurrekontu txikiagoa
Bi emanaldi horiek dira ekoizpen propiotzat aurkeztu dituztenak, baina gehiago izango dira jaialdirako propio sortutako ikuskizunak. Kukai dantza taldeak, esaterako, bere hainbat lagun gonbidatuko ditu "Kukai & lagunak" emanaldian (martxoaren 18an). Kirmen Uribek idatzitako zientzia-fikziozko testu baten gainean bertsotan arituko dira Alaia Martin eta Oihana Bartra bertsolariak eta Anjel Unzu musikaria. "Geroa" deituko da saio hori, eta apirilaren 2an eskainiko dute Guggenheimeko auditorioan. Apirilaren 1ean, Hesian taldeak bere 10 urteko ibilbidea ospatuko du eta Lukiek taldea ere izango da oholtzan Badok atariarekin elkarlanean Kafe Antzokian eskainiko duten kontzertuan, eta Mikel Laboaren unibertsoa hartuko du ardatz "Txoriak" dantza ikuskizunean Dantzaz konpainiak martxoaren 12an. Eta askoz zabalagoa da egitaraua.
Antolatzaileek ez dute jaialdiaren aurrekontuaren datu zehatzik eman nahi izan. Iaz, 360.000 euroren bueltan ibili zirela esan zuten, eta aurten kopurua hori baino txikiagoa izan dela soilik adierazi dute. "Halere lortu dugu jaialdi handi eta interesgarri bat antolatzea". Bilbao 700-III Fundazioa, Bizkaiko Foru Aldundia, Laboral Kutxa eta Eusko Jaurlaritza dira jaialdia babesten duten erakunde nagusietariko batzuk.
Oreka, helburu
Oreka da azken helburua, antolatzaileen hitzetan: "Euskal kulturaren maparen oreka bilatu nahian abiatu zen Loraldia. Udazkenean Durangoko Azokaren itsasargiak dirdirak pizten dituen bezala, udaberri aldera Loraldiaren itsasargiak euskal kultura modernoari ematen dio ikusgarritasuna".