Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Isiltasunak badu soinurik

$
0
0

Carla Andrade

Erakusketa: Towards silence. Non: Aldama Fabre Gallery, Bilbo. Noiz arte: Martxoaren 18ra arte.

Orain urte batzuk Bilbo Arten egon ostean, berriz ere Bilbon da Carla Andrade. Bilbo Arteko eraikinetik pauso gutxira, Aldama Fabre galeria gaztean aurkeztu du bere banakako erakusketa, Towards silence tituluduna.

Galeria txikia da, garai batean biltegi izandako lokala, zeinaren sustraiak, oraindik ere, gainjarritako pladur zurizko tabikeen izkinetatik irteten diren adreilu gorrixketan topa daitezkeen. Metro koadro gutxian ikus daiteke ia erakusketa guztia, begirada bakar batean; galeria bera itxita balego ere, kanpoko beiratetik guztia ikus daitekeen susmoa ere badut. Hala eta guztiz ere, hau ez da aitzakia bertako ateetatik barrura ez sartzeko, beti izaten baita zerbait barneko hormen artean sarturik, esperientzia eraldatzen duena.

Galeriako atea igaro ondoren, eta atzera bueltan atea itxita, lasaitasunez beteriko atmosfera batek besarkatzen du berehala bisitaria; kaleko obrek ateratzen duten zarataren kontrasteak, lasaitasun sentsazioa oraindik ere gehiago areagotzen du. Lasaitasunak gorputza bildu, eta lasai, patxadaz, aretoari bere perimetroa jarraituz buelta ematera gonbidatzen du.

Andraderen ikerketa arloa isiltasunarena da, baina ez nolanahiko isiltasuna, naturarekiko erlazioan sor daitekeenarena baizik. Ikerketa horretarako bitarteko nagusi gisa argazkigintza darabil, eta hala, aretoan horiexek dira nagusi, argazkiak. Baina, posiblea al da, benetan, izatez, naturan isiltasuna topatzea? Haizeak, errekak, olatuek... etengabeko zaratak, soinuak ateratzen dituzte, hori tartean beste izaki bizirik ez denean. Gauaren iluntasunean ere, maiz, zeruari begira, izarrek beraiek ere soinurik aterako luketela iruditzen zait, adi-adi begira egonez gero. Eta horixe bera gertatzen zait Carla Andraderen lanei begira jarriz gero ere: soinua entzun, eta azkenean, soinua bera ikusteko gai naiz. Baina ikuste-bitarte horretan, denbora-tarte horretan, ia meditazioko saio bat izan balitz bezala, denborak berak ihes egiten du, edo are gehiago, paralizatu egiten da erabat. Denborak harrapatu egiten du ikuslea, eta guk denbora neurtzeko erabiltzen ditugun parametroek, segundo eta minutuek, zentzua galtzen dute erabat.

Bitarte horretan, begiek zeri so dauden pentsatzen dihardute. Benetako natura-zatia, paisaia, edo errealitatearen atzematea da horman esekirik dagoena? Ala zuria gailentzen den irudi abstraktua da? Duna batzuk izan daitezke? Mendi tontorren bat? Ala lerro zuri, gris eta beltzez osaturiko konposizioa?

Argazkiak, errealitatearen irudikatze soilak izateaz haratago, errealitate horren beraren hedapen gisa uler daitezke. Agian ez da hautematera ohituta gauden errealitatea, ez dira, ziur, larre berde eta itsaso urdinak bertakoak, baina zuriaren zuriz tindaturiko hauek, bestelako errealitate isil bat dakarte geurera, itxaroten gaituen errealitatea izan daiteke, ala guk itxaron izan duguna, irudimenezko errealitate erreal bat, baretzailea, lasaia, sosegagarria.

Hala ere, sosegu horren guztiaren tartean, bada zaratarik, nahiz eta hau, era berean, zarata isila izan, kontraesana dirudien arren. Pantaila katodikozko telebistek, lehen antenaren seinalea galtzen zuteneko zarata hartaz ari naiz, txinparta zuri-beltz-grisak pantailaren gainazalean gailentzen zirenekoaz. Soinurik ez, baina bai txinpartak; argazkien gainazaletan ikus daitezke, soseguaren kontrapuntu gisa. Txinpartak, lurrean ere gailentzen dira, kolore arrosakoak orain, telebista pantaila pare batean ikusgai, sabaitik lurreraino erortzen diren kristalezko bonbillen argipe gozoan, argipe laranjan, beren artean mugimenduz beteak, talkaka. Baina berriz ere, soinurik ez. Mugimendua hipnotizatzailea da, harik eta pantailetan islatzen den bonbillen laguntzaz, begirada pantailetatik aretoko hormetara bueltatzen den arte.

Txinparten zaratarik ez dela entzuten ohartu naiz, baina aretoa bera ere ez dago erabat isilik. Bertan ez da erakusketa aretoetan normalean nagusitzen den isiltasun beltzik, baina isiltasun falta ez da txutxu-mutxuak aditzen direlako, ez eta bideoren baten zarataren oihartzunak aditzen direlako ere: soinu pieza bat da horren jatorria; erakusketari, nolabaiteko atmosfera isila, sosegatua, patxadatsua, ematen diona. Soinuzko isiltasuna da; eta soinuzko isiltasun hori da bisitaria besarkatu eta atmosfera lasai eta sosegatura daramana, berriz ere atzera, kaleko atea ireki eta, aurreko espaloiko obren zaratek isiltasun hori apurtzen duten arte.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik