Egile eskubideen inguruan ebatzi behar du epaileak, marrazkiak sortu zituzten marrazkilarienak diren edo gaur egun Kukuxumusuren jabe denarena. Marrazkilarien abokatuak argudiatu du Urmenetak zenbait marrazki Kukuxumusu sortu aurretik erabili zituela. Marrazki zehatz batzuen inguruan jardun du, Testis zezena adibidetzat jarriz. Zehazki, abokatuak esan du Urmenetak Testis zezena Kukuxumusu enpresa sortu aurretik ere erabili zuela eta enpresatik kanpo ere erabiltzen zuela. Epaileak argitu du ez dela auzia marrazki konkretuez ebazteko.
Asisko Urmeneta marrazkilariak epaiketa ilustratu du, eta sare sozialetan argitaratu auziaren marrazkiak:
Asisko dibuja durante el juicio: Testis existe desde antes de Kukuxumusu. @KatukiSaguyaki pic.twitter.com/Ed5yaXwtRn
- MikelUrmeneta (@MikelUrmeneta) 2017(e)ko otsailak 9
Declarando Bermejo, Asisko de @KatukiSaguyaki dibuja en directo. pic.twitter.com/KTtbxJRy0f
- MikelUrmeneta (@MikelUrmeneta) 2017(e)ko otsailak 9
Mikel Urmeneta markaren sortzaileak ez du epaiketan deklaratu, ez duelako hala eskatu salaketa jarri duenak, Roberto Bermejok. Hala ere, Urmenetak adierazpenak egin ditu epaitegi atarian: "Lotsagarria da, enpresa bat sortu eta hari 15.000 marrazki eman eta gero, bere filosofia ezagutzen ez duen pertsona bat iritsi eta jostailu bat balitz bezala ostikoz jotzea".
Bermejok epailearen aurrean deklaratu du beti nahi izan duela "marrazkilariekin adeitsu" aritu. Ez du adierazpenik egin hedabideen aurrean, baina sare sozialetan mezu bat argitaratu du: "Kontuz desinformatuekin: zerbaiten eskubideak eman badituzu, eta horien truke kobratu, ezin duzu esan kendu egin dizutela".
Peritu batek ere hitz egin du epaiketan, eta azaldu Katuki Saguyaki markako hainbat marrazkitan Kukuxumusuko marrazkiak erreproduzitzen, moldatzen eta kopiatzen dituztela. Kukuxumusutik irten ondoren sortu zuten hainbat marrazkilarik Katuki Saguyaki. Peritua: "Artista berak bi estilotan marraztu dezake. Bigarrena ez da zertan izan lehenengoaren kopia".
Jende andana bildu da auziari kasu egiteko. Perituetako bat gaixo dagoela-eta, epaiketa ez da gaur amaituko, peritu froga bat ezin izango delako aurkeztu.