Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

«Inork ez du hitz egiten hitz egiteagatik»

$
0
0
«Ahozkotasunaren bigarren aroa da». Andoni Egaña bertsolariak Euskal Herriko Unibertsitateko ikastaroetan hitzaldia egin zuen atzo Miramar jauregian, Mintzola Fundazioak babestuta. Bertsoa eta ahozkotasuna hezkuntza arautuan izena eman zion hitzaldiari. Nabarmendu zuenez, egun, grafiaz lantzen diren testu gehienek ahozkotasunaren ezaugarriak dituzte: hala nola mezu elektronikoak edota whatsapp-ak. Halere, ahozkotasunak gero eta garrantzi handiagoa duen garai honetan, uste du trebakuntza kaxkarragoa dagoela gizartean.

Zerbait ongi egin ez den seinale behar du horrek. Haren iritziz, bertsolaritzak ahozkotasunerako gaitasunak eskuratzen laguntzen du, ahozkotasunak bertsolaritza aberasten duen moduan. Harremanak «bi norabide ditu», azaldu zuen. Egun, 21.000 ikasle ari dira ahozkotasuna bertsogintzaren bidez lantzen Euskal Herrian. Hala, azken urteetan hezkuntzan izan diren aldaketak nabarmendu zituen: «Lehen etxean ikasten ziren kontuak gaur egun eskolak irakasten ditu».

Ahozko hizkeran eraginkorrak izateko, bi kontzeptu bereizi beharra dagoela azpimarratu zuen: jarioa eta diskurtsoa, hain zuzen. Jarioa edozeinek hizkuntza batean duen etorri maila litzateke. Diskurtsoa, berriz, jario horri komunikazio estrategiak aplikatuz lortzen den pilula. «Jarioa hobetu edo txartu egiten da, baina diskurtsoak egiten ikasi egiten da». Azaldu zuen diskurtsoak atzean beti duela asmo jakin bat, eta asmo hori beti dela hizkuntzaz kanpokoa. «Inork ez du hitz egiten hitz egiteagatik». Hori horrela, uste du diskurtsoak egiten irakastea garrantzitsua dela. Izan ere, argi du jarioa izatea baino garrantzitsuagoa dela diskurtsoak egiten jakitea mezu eraginkorrak sortzeko.

Helburua, argi

«Ez dago diskurtso hoberik edo txarragorik, asmoa eta xede-taldea finkatzea da kontua». Hala egiten ez bada, jarioa luzatu besterik ez dela egiten nabarmendu zuen. Gu ta gutarrak telebista saioa jarri zuen adibide gisa: «23 urteko partaideek huskeriez hitz egiten dute, eta 13 urtekoak dira ikusleak». Argi du infantilizazio kasu bat dela, hizlariek helburu jakinik ez dutelako. Haren iritziz, halako kasuetan izan ezik, helburua beti dago hizkuntzaz kanpo. Beraz, ezinbestekoa da kanpoko baldintza horiek hezkuntzan integratzea.

«Hezkuntzaren erronka neska-mutilak kanporako prestatzea da». Horretarako, uste du bertsolaritza lagungarria dela: izan ere, hiztegia aberasten da, sormena lantzen da, diskurtso mota askotan estrategia mota askotarikoak aplikatzen ikasten da, memoria lantzen da, eta argudiatzen ikasten da.

Egañaren aburuz, bertsolaritzak ahozkotasunari egin dion ekarpena bezain garrantzitsua da ahozkotasunak bertsolaritzari egin diona. «Bertsolariaren ezaugarri nagusia belarri ernea da». Haren arabera, entzuten jakitea ezinbestekoa da, bertsolaritzaren oinarriak ahozkotasunean daudelako. Hortik aurrera, jardutea da gakoa. «Uraren konposizio kimikoa eta besoen mugimendua azalduta, inork ez daki igerian», gaineratu zuen.

Egañak hizkuntzarekiko duen miresmena adierazi zuen, ondokoarengan eragiteko gai delako. «Emoziorik sortzen ez duenarekin alferrik ari gara».

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik