Euskadi Sariak bi txandatan eman dituzte aurten ere, eta gaur jakinarazi dituzte haietariko lau Bilbon. Mitxelko Urangari eman diote, Tartaroa. Mina, boterea eta egia (Pamiela) lanagatik, euskarazko saiakerakoa. Uxue Alberdik jaso du haur eta gazte literaturakoa, Besarkada lanagatik (Elkar). Fernando Mikelarenak jaso du gaztelerazko saiakerakoa Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936 lanagatik (Pamiela). Eta Mikel Casalek jaso du ilustraziori dagokiona Así es la dictadura sariagatik (Media vaca). Sarien garrantzia azpimarratu du Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Hezkuntza eta Gaztedia sailburu ordeak, eta sariak epaimahai profesionalek ematen dituztela nabarmendu du. Datorren astean aurkeztuko dituzte gainontzeko sariak, eta azaroaren 17an egingo sari banaketa Donostiako San Telmo museoan.
Gizarteari kritika
Urangaren kasuan, epaimahaiak "berezko ahotsa" izatea txalotu dio. "Gogoetarako ate berri eta iradokitzaileak irekitzen ditu saiakera ulerterraz eta sakon honetan". Greziako mitologia du abiapuntu saiakerak, baina globalizazioa, demokrazia, kontsumismoa, biktimismoa eta terrorismoa lantzen ditu. Filosofiak doktorea da Uranga, eta Sopelako ikastolan irakasle da. Hainbat saiakera kaleratu ditu azken urteetan kaleratu dituen liburu sortak: Espektroak. Euskal terroristak (Utriusque, 2010), Espektroak. Gutun bat euskalduntasunari buruz (Utriusque, 2011), Espektroak Euskaldunak Europan (Utriusque, 2011), eta Eros(ki). Merkatuaren erotizazioa, erotismoaren merkantilizazioa (Pamiela, 2014; Juan Zelaia saria).
Urangak eskerrak eman ditu ekitaldian, eta azaldu duenez, sorpresaz hartu du saria. "Mitologiaren aldarrikapen bat egitea zen nire asmoa liburuarekin", azaldu du. "Oraindik oso baliagarriak egiten zaizkigu mitoak gaur egungo arazoak ulertzeko. Eta filosofoa naizen heinean, gizarteari kritika egitea da helburua". Eros(ki) liburuaren jarraipen modura aurkeztu du Tartaroa. Mina, boterea eta egia liburua. "Egunero naiz irakasle ikastolan, eta bertako ikasleak ditut gogoan liburuak idazterakoan. Haiek astintzea eta piztea da nire asmoa".
Besarkadaren sentsazioa
Alberdiren lanari buruz epaimahaiak ondokoa nabarmendu du: "Azal eta mami biltzen du besarkada batek sortarazten duen zirrara". Kopla bidez osatu du liburua idazle eta bertsolariak, eta hori ere nabarmendu du epaimahaiak. "Pentsatzeko baino 'sentitzeko' liburu baten aurrean gaude". Izan ere, handia da liburuan sentsazioei ematen zeien pisua. "Txikitasunaren handitasunari gorazarre egiten dio eta agerian uzten du literaturaren oinarrizko balio sotila: zu, ni, hitzak, irudiak eta guztiak biltzeko une bat".
Besarkada liburuko ilustrazioak egin dituen Maite Gurrutxaga izan du gogoan Alberdik prentsaurrekoan egindako hitz hartzean. "Bere irudirik gabe ez dut uste sari hau emango zidatenik". Azaldu duenez, gainera, garrantzitsua izan da elkarlan hori. "Koplak orain lau urte idatzi nituen, eta kajoian ezkutatuta izan ditut luzez". Gurrutxagari bidali zizkion orduan, eta hala sortu zen proiektua. Kanta bat ere egin zuten kopla horien harira, eta baita Gurrutxagaren irudiekin sortutako animazio bat ere. Aurkezpenean zuzenean kantatu ditu liburua osatzen duten koplak, Mikel Laboaren Sorterriko koplak doinuan.
1936ko gerrako gehiegikeriak
Fernando Mikelaren idazleak azaldu duenez, berak ere sorpresaz hartu du gaztelerazko saiakerako Euskadi Saria. Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936 (Pamiela) liburua da epaimahaiak nabarmendu duena . Gerra hartan Nafarroan izandako bortizkerieen erretratua eskaintzen du liburuak, eta garai hartan izandako tortura, hilketa eta gehiegikeriak izan ditu gogoan aurkezpenean. Hain justu ere, diktadura bat da Mikel Casal ilustraziogilearen Así es la dictadura lanaren ardatza ere. 1977an egin zen lehenengoz liburu hori, Franco hil berritan. Casalek irudi berriak sortu ditu lanerako orain.