Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all 13990 articles
Browse latest View live

'Txapelpekoak'-en seigarren atala ikusgai

$
0
0

[youtube]https://youtu.be/yPzXc4QDc_M[/youtube]

Azken finalaurrekoa besterik ez da falta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean zein bertsolari arituko diren jakiteko. Iruñean jokatuko da, larunbatean. Azkenbigarrena joan zen larunbatean izan zen Donibane Lohizunen (Lapurdi), eta gero eta argiago dago nor izango diren BECeko eserlekuen jabeak.

Igor Elortza eta Maialen Lujanbio segurutzat jo daitezke, Sustrai Colina eta Beñat Gaztelumendi bezala. Horretaz aritu dira Miren Garate eta Oihana Elduaien kazetariak, eta Donibane Lohizuneko bertsoaldiak ere jarriko dituzte.

Saio horretan Julio Sotok eta Agin Laburuk zortziko txikian egindako bertsoaldian inspiratutako sormen lana egin dute Txakur Gorria taldeko kideek.

Elkarrizketaren tartean Joana Itzaina gai jartzailea izan da, eta gaiei buruz aritu dira Zarauzko bertsozale lokartuak ere.


Eduardo Arroyo artistaren erakusketa jarri du Bilboko Arte Ederren museoak

$
0
0

1994ean jaso zuen areto berak jaso ditu oraingoan Eduardo Arroyoren artelanak. Ia 25 urte igaro dira Bilboko Arte Ederren museoan Arroyori buruzko atzera begirako erakusketa jarri zuela. Atzera begirakorik ez oraingoan; XXI. mendean sortu dituen artelanak jarri dituzte ikusgai artistak 80 urte bete berri dituenean. Le retour des corisades margolana da sortu duen azkena: Ignacio Zuloaga artista eibartarraren Festako biktima (1990) margolanari egindako "parodia". Bada, aurrez aurre jarri dituzten margolan biak, areto berean. "Nik Zuloagak azaldu ez zuen beste Espainia bat irudikatu dut nire koadroan; atsekabetutakoa, alegia". Margolanez gain, Arroyok egindako eskulturak jarri dituzte erakusketan.

Espainiako egoera soziopolitikora lotuta dago Arroyoren obra. Frankismoaren aurka zuen jarreragatik Parisera jo zuen errefuxiatu gisa 1958an eta bertan garatu zuen artearekiko zuen zaletasuna. Hautsak harrotu zituen hasieratik: Frantziako hiriburuan, beste hainbat margolarirekin batera, 1960ean egindako erakusketa batek zeresan handia eman zuen, Los cuatro dictadores (Lau diktadoreak) irudikatu zituenean. Madrilgo Biosca galerian jarri zuten gero, baina Espainiako Gobernuak berehala zentzuratu zuten erakusketa. Norabide horretan, artistak espainiarren topikoak irrigarri uzten ditu bere lanetan: Doña Ines eta Don Juan Tenorio lanak dira horren erakusle.

'Horma' nobela kaleratu du Anjel Lertxundik, ahotsa itzultzaile bati emanda

$
0
0

Itzultzailea da Horma nobelako protagonista eta narratzailea. Haren izenaren berri ez du ematen liburuak, baina pertsonaiak berak Fidel ezizena ematen dio bere buruari ironia amiñi batez. Honela dio Inazio Mujika Erein argitaletxeko editoreak nobelari buruz: "Kode batetik beste batera hitzak pasatzen espezialista da. Bizitzan ere halatsu, kode batetik bestera pasatu beharra du mundua ulertuko badu. Maite du bere lana, baina hor sortzen zaio arazoa. Haurtzaroan gertatu ziren pasarte lauso batzuk nahasten zaizkio buruan, Martarekin bikote harremanari ekin behar dion une berean, noiz eta amari, kode haiek erraz itzuliko zituen pertsona bakarrari, memoria husten eta hondatzen zaion garaian".

Goizean aurkeztu dute liburua, Donostian. Lertxundik adierazi du aspaldi zerabilela buruan itzulpenaren gaia, eta protagonistatzat itzultzaile bat izango zuen istorioari bueltaka ari zela: "Hil ala biziko kontua da itzulpenarena gure literatur sistemarentzat ez ezik, gure hizkuntzarentzat ere bai". Gainera, pertsonaiatzat itzultzaile bat izateak "modu asko ematen dizkio etekinak ateratzeko". Literarioki "pertsonaia polita" iruditzen zaio, "gure gizartean aura handirik gabekoa, eta pertsona grisa".

Nobelaren hasiera argi zuen: "Protagonistaren ama alzheimerrak joko du eta memoria galtzen hasiko da. Gaixotzea eta diagnostikoa doaz hasieran". Izan ere, memoria, edo haren gabezia, da nobelaren gai ardatzetako bat, ardatzena ez bada. Honela dio liburuko pasarteetako batek: "Zu zauzka, baina ahanztura erabatekoaren amaraunean galduta zaude. Zu zaindu nahi zintuena zure premian dago, baina ezin diozu ezertan lagundu". 230 orrialde inguru ditu nobelak. Etxeko hautsa (2011, Alberdania) eta Zu (Erein, 2015) zituen orain artean idatzitako azken bi nobelak Lertxundik.

Sodre ballet taldea zuzenduko du Igor Yebra dantzariak

$
0
0
DANTZA. Uruguaiko Sodre ballet talde nazionala zuzenduko du Igor Yebra dantzariak 2018ko urtarrilaren 28tik aurrera. Azken hamar urteetan haren zuzendari izan den Julio Boccaren eskaria onartu du Yebrak.

Jean Mixel Bedaxagarri ohorezko saria

$
0
0
MUSIKA. Eusko Ikaskuntzak eta Baionako hiriak sariak banatuko dituzte egun. Ohorezko saria Jean Mixel Bedaxagarri emanen diote, ibilbide oparoagatik, dela kantari, txirula jotzaile, eta pastoral eta maskarada idazle gisa.

Gasteiz, argazkilarien elkargune

$
0
0
Gaurtik igandera bitarte, argazkigintzaren zaleek hitzordua dute Gasteizko Viphoto argazki azokan. Hamabi argazkilarik beren lanak erakutsi eta salduko dituzte eta, gainera, mahai inguruak, hitzaldiak eta tailerrak egingo dituzte, baita book jockey bat ere. «Kalitate handiko ekitaldia da hau, argazki munduarentzat esanguratsua», esan du Peio Lopez de Muniain Gasteizko Udaleko zinegotziak.

Azokaren funtsa argazkien salerosketa da. Hamabi argazkilariren lanak egongo dira salgai. Hala nola Javier Berasaluzerenak, Patricia Bofillenak, Alvaro Gomez-Pidalenak, Laura Gonzalez Rierarenak, Carmen Isasirenak, Anna Jornet Puigenak, Manu Mazpulerenak, Geray Menarenak, Evaristo Montañorenak, Rosa Neutrorenak, Javier de Reparazenak eta Concha de la Rosarenak. Guztiak Amarika aretoan egongo dira, eta erosleek haiekin hartueman zuzena izateko aukera izango dute. «Egilearekin aurrez aurre egonda, lana gertuagotik ezagut dezakezu, eta hori oso aberasgarria da bi aldeentzat», aipatu dute azokako antolatzaileek.

Denera 70 dosier inguru jaso dituzte, eta aditu talde batek aukeratzen ditu hamabi onenak. «Espainia osotik jasotzen ditugu lanak, eta atzerritik ere bidali dizkigute batzuk. Argazkilarien artean izen oneko erakusketa da», azaldu du Pilar Gutierrez Barco Viphotoren koordinatzaileak.

Antolakuntzakoek nabarmendu dute urtetik urtera hazten ari den azoka dela. «Iaz baino eskaintza zabalagoa prestatu dugu. Aurten, mahai inguru gehiago, hitzaldiak, tailerrak... prestatu ditugu, baita book jockey bat». Azken horretan, DJ batek egiten duen moduan, Gabriela Zendoia argazkilaria bere argazki bilduma arrakastatsuenekin jolastuko da, eta proiektatuko dituen argazkiak bere iruzkinekin jantziko ditu. Horrez gain, gaur egungo argazkigintzari eta argazki-liburuaren garrantziari buruzko bi mahai inguru egingo dituzte; Marta Dehesak sare sozialak eta egile eskubideak uztartuko dituen hitzaldia egingo du; azkenik, familia albumen inguruko tailer praktiko bat ere egongo da.

Argazkigintzari lotuta

Gasteizek argazkigintzarekin harreman estua duela nabarmendu du Lopez de Muniain zinegotziak: «Munduan erreferentea den World Press Photo erakusketa urtero dugu ikusgai, eta argazkigintzari lotutako ekintzak antolatzeko orain arte ez geneukan hitzarmen bat ere sinatu dugu». Goia eraikinean Alberto Schommer argazkilari gasteiztarraren izena daraman gune bat zabaldu nahi dutela iragarri du zinegotziak, «ez soilik haren argazkiak erakusteko, baizik eta baita argazkilari gazteei aukera emateko eta argazkigintza zabaltzeko ere».

Harrera ona izaten dute argazkigintzari lotutako ekitaldiek Gasteizen. Iaz mahai inguru guztiak bete egin ziren, eta argazkilariek, denera, 3.700 euro fakturatu zituzten: aurten zifra horiek hobetzea espero dute antolatzaileek.

Garaiek moldatutako artea

$
0
0
«Zuloagaren margolana ikusi nuenean, hura ardatz hartuta zerbait egin behar nuela pentsatu nuen berehala». Ignacio Zuloaga artista eibartarraren Festako biktima (1910) koadroa aurrean duela ari da Eduardo Arroyo hizketan. Zezenketa batetik bueltan den gizon atsekabetua irudikatzen du margolanak, odolez zikinduta dago, eta fondo ilun batekin. «Ez nuen inoiz esango hogei urte beranduago erreplika bat egiten bukatuko nuenik». 80 urte bete berritan, aurten, sortu du Le retour des croisades (Gurutzaden itzulera) lana Arroyok. «Zuloagaren lana omendu eta piezaren parodia ere egin nahi izan dut. Aukera eman didalako Espainiaren irudi fantastiko bat emateko; lurralde atsekabetuarena, alegia». Aurrez aurre jarri dituzte margolan biak, Arte Ederren Museoan. «Gaur egungo egoera irudikatzen dute; galdutako guda baten ondorengo sentipen negargarria». Eduardo Arroyo artistari buruz museoak egin duen erakusketari izenburua ematen dion pieza da Le retour des croisades. Orotara, madrildarraren 44 pieza jarri dituzte ikusgai, eta 2018ko apirilaren 9ra bitarte egongo da ikusgai.

1994an hartu zuen areto berak hartu ditu oraingoan madrildarraren artelanak. Ia 25 urte igaro dira Bilboko Arte Ederren Museoan Arroyori buruzko atzera begirako erakusketa jarri zutela. Atzera begirakorik ez oraingoan; XXI. mendean sortu dituen artelanak jarri dituzte ikusgai artistak 80 urte bete berri dituenean. Koadroak ez ezik, 2000. urtetik hona egin dituen eskulturak ere jarri dituzte aretoetan. «Gero eta gehiago jotzen dut eskulturara». Arroyok ez du bere burua koadroen eremura mugatzen. Irriz aurkeztu du bere burua: «Gauza gehiago egiten dituen margolaria naizela esan ohi dut: eskulturak egiten ditut, idatzi egiten dut, eta zeramika ere lantzen dut. Hori guztia naiz, eta nire hilobiak hala jaso beharko luke».

Garaiari zor zaion artista

Literaturan eta antzerkigintzan ere hainbat testu sortutakoa da, eta artelanetan nabari da letretara jotzeko duen joera. Orson Welles aktore eta gidoigile estatubatuarra, James Joyce idazle irlandarra eta Leon Tolstoi idazle errusiarra irudikatu ditu hainbat margolanetan, eta Honore de Balzac idazle frantsesaren erretratua ere egin du, harriz. Klaus Michael Gruber gidoigile eta zinema zuzendariarekin hainbatetan egin du lan Arroyok, eta haren omenez egindako margolana jarri dute Bilbon. «Niretzat, balio handia du koadroak». 2008an zendu zen Gruber. «Laguna nuen, eta haren heriotzaren ondoren erabaki nuen ez nuela gidoi gehiago idatziko».

Espainiako egoera soziopolitikora lotuta dago Arroyoren obra eta ibilbidea. Berehala nabari da hori haren lanetan. Frankismoaren aurka zuen jarreragatik Parisera jo zuen errefuxiatu gisa 1958an, 21 urte zituela. Han garatu zuen artearekiko zuen zaletasuna, eta haren sorkuntzek hautsak harrotu zituzten hasieratik: Frantziako hiriburuan, beste hainbat margolarirekin batera, 1960an egindako erakusketa batek zeresan handia eman zuen. Francisco Franco, Antonio de Oliveira Salazar, Adolf Hitler eta Benito Mussolini irudikatu zituen Los cuatro dictadores (Lau diktadoreak) margolanean, eta salaketa jarri zion Francoren erregimenak. Bilboko erakusketan antzeko irudikapena egin du, Cordero místico (Bildots mistikoa) koadroan. Madrilgo Biosca galerian ere erakutsi zuen diktadoreei egindako obra, 1963an, baina Espainiako Gobernuak berehala zentsuratu zuen erakusketa.

Euliak fetitxe gisa

Franco hil ondoren eman zioten Arroyori Espainiara bueltatzeko baimena, 1976an. «Frantsesa ere banaiz ni. 30 urte inguru igaro ditut han bizitzen, eta Italian ere zortzi urte egin nituen. Horregatik diot, hiru herrialdek sortu nautela». Espainiarren topikoak irrigarri uzten ditu bere lanetan etengabe. Joera hori argi adierazten dute Bilbon bildutako hainbat piezek; Doña Ines eta Don Juan Tenorio lanetan, kasurako. Bi pertsonaiak ardatz hartutako literatura lanetik eskulturak sortu ditu: giltzapean sartu du Doña Ines eta Frida Kalhoren irudiarekin nahastu du Don Juan Tenorioren irudia.

Fetitxea du Arroyok. Hala aitortu du margolan baten aurrean, bertan ageri den euli bat seinalatzearekin batera. «Nire lanetan euliren bat edo beste agertzea oso ohikoa da. Obsesionatuta nago». Zergatia ere azaldu du. «Esan ohi dut Espainia eulien paradisua dela. Intsektu nazkagarriak eta gogaikarriak dira, eta beraien paradisua Espainia da».

Autorretratuak ere egin ditu azken urteetan. «Garai batean, sarritan amesten nuen margotu ondoren, egindakoaren gainean agoarrasa jaurtitzen nuela». Ametsetan agertzen zitzaiona mihisetan irudikatzea erabaki zuen. «Itxura hau hartu dut», dio irriz. Bere burua soilik ez, Winston Churchill politikari ingelesa ere eraman du koadroetara. «Churchillek margotu egiten zuen, ondo margotu ere. Interesa piztu dit beti pertsonaia politikoaren alde artistikoa, eta horregatik ekarri dut margolanetara».

Garaiek moldatutako artista da Arroyo. «Nik nire lanak historian kokatu behar ditut». Historia bitan errepikatzen dela dio, Marx filosofoaren hitzak hartuta.«Tragedia gisa lehenik, eta fartsa gisa, gero».

Suitzako galeria batek irekiko du Txillida Leku, datorren urtean

$
0
0
Eduardo Txillidaren lanaren parte handi bat jasotzen duen Txillida Leku museoak (Hernani, Gipuzkoa) ateak irekiko ditu datorren urtean. Suitzako Hauser & Wirth galeriak kudeatuko du espazioa, prentsa ohar bidez atzo jakinarazi zuenez. Artista handiaren seme Luisek atzo bertan adierazi zuen aita hil zitzaienetik ari direla haren ondarea zaindu nahian, «eta Hauser & Wirth galeriaren aukeraketa garbi zegoen, gure aitaren lanarekiko daukan sentsibilitateagatik». Zurichen, Londresen, New Yorken, Somerseten eta Los Angelesen ere baditu egoitzak galeriak, eta iragarrita dauka datorren urtean beste bat irekiko duela Hong Kongen.

Ireki, itxi

Txillida Leku 2000. urtean zabaldu zuten. «Nire eskulturei atsedenerako lekua topatu nien, eta jendea eskultura haien artetik zebilen, basoan zuhaitz artetik bezala». Hala deskribatu zuen Eduardo Txillida eskultoreak berak Txillida Leku. Handik hamar urtera, baina, museoa itxi egin zuten, defizitarioa zelako eta familiak ezin ziolako eutsi.

Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin negoziatu izan dute txillidatarrek, museoa berriro irekitzeko, baina akordiorik erdietsi gabe. Akordiotik «inoiz baino gertuago» egon ziren iaz, Joxean Muñoz Kultura sailburuordearen hitzetan. Erakundeek atzera egin zuten, ordea. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak orduan zehaztu zuenez, erakundeek 100 milioi euro jarri behar zituzten, 50 aldundiak eta 50 Jaurlaritzak.

Hauser & Wirthek zehaztu duenez, «Txillidaren ondarearen ordezkaritza esklusiboa» izango dute aurrerantzean, eta 2011tik itxita dagoen Txillida Lekuk «Hauser & Wirthen babes eta gidaritzapean» irekiko ditu berriro ateak. Galeriakoen arabera, bertan eredu iraunkor berria garatzeko asmoa dauka, Txillidaren beraren ikuspegia kontuan hartuta, «eta artistaren lana beste sortzaile handi batzuen testuinguruan kokatzeko erakusketa egitarau batekin».

Egunkari hau Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin harremanetan jarri da, albistearen balorazioa egin dezan, baina jakinarazi diote adierazpenik ez egitea erabaki dutela «xehetasun guztiak jakin arte».

Gipuzkoako Kultura diputatu Denis Itxasok, berriz, «oso ontzat» eman du albistea. «Familiak Suitzako galeria horrekin egindakoa akordio erabat pribatua da, Txillidaren obra osoaren ordezkari izan dadin, eta Txillida Leku ireki eta kudeatuko du». Akordio pribatu horrek eremu publikoan ere ondorioak izango dituela aurreikusi du, eta nabarmendu du poztekoa dela urte askoan «desaprobetxatuta» egon den ondarea «kultur erakargarritasunen zerrendara gehitzea». Txillidaren neurriko artistak «bakanak» direla erantsi du. «Bakoitzak badaki zer rol jokatu duen honaino ekarri gaituen ibilbidean. Begira dezagun aurrera eta aprobetxa dezagun hau. Turismo aldetik, guretzat garrantzi handia edukiko du honek, eta gure sustapen ekintzetan pisua edukiko du».

Denei eta denari egin dio tokia

$
0
0
Itxurek sarritan engainatzen dute, eta horregatik ezin daiteke proiektu bat azalagatik epaitu. Horren adibide da Hibai Etxebarria musikari eta konpositore gernikarrak aurkeztutako Triptics diskoa. Gernikarraren estreinako lanaren atzean proiektu handi bat ezkutatzen da. Handia da 32 musikarik eta artistak parte hartu dutelako, eta handia da kasik musika estilo guztiak aurki daitezkeelako lehen laneko zortzi kantetan. Musikariaren esanetan, «datorrenaren atarikoa» da Triptics (Gaztelupeko Hotsak).

Etxebarriak eskarmentu handia du musika munduan, baina beti beste proiektu batzuen atzean. Gogoratu du azken hogei urteetan orotariko estiloetan aritu dela: «Hip hopa, rocka, musika klasikoa, jazza. Pertsona oso eklektikoa naiz, eta beti mugitu izan naiz testuinguru ezberdinetan». Bere azken lana Aitor Etxebarria El_Txef_ A anaiaren alboan izan da. Hibai taldearekin, gidaritzari heldu dio lehen aldiz gernikarrak. Bere ibilbidea abian jartzeko, lau abestiko bi triptikok osatzen duten eta musikariaren hitzetan «oso eklektikoa» den lana aurkeztu du.

Handia zentzu guztietan

Eklektikotasun horrek proiektu«handia» egin duela azaldu du Etxebarriak: «Handia da zentzu guztietan, musika estilo eta musikari ugari biltzen dituelako». Konpositorearen esanetan, lehen lanak «ez du estilorik, edo estilo guztien jabe» da. Aniztasun horri ordena emateko asmoz, Etxebarriak diskoa «triptikoetan» banatu du. Reborn izeneko lehen kantu sorta folka, jazza eta country amerikarra nahasten dituen ingelesezko lau kantuz osatua dago. Bigarrena atalak, Gernikaldea izenekoak, euskarazko kantak eta musikariak jaioterrian bizitako esperientziak biltzen ditu beste lau abestitan.

32 musikarik parte hartu dute lehen diskoan, baina estudiotik gehiago pasatu direla azaldu du Etxebarriak. Hasieran, Etxebarriak berak grabatzen zituen instrumentu guztiak etxean, baina, diskoa osatzeko orduan, musikari ezberdinekin grabatzeko gomendatu zioten. Horrek bere onurak eta arazoak dakartzala azaldu du Etxebarriak: «Kalitateak gora egiten du, baina zailagoa da produkzio lana koordinatzea».

Kolaborazioen artean bereizi ditu, alde batetik, proiektuaren oinarri den zazpikotea: Carlos Sahi, Ander Gartzia, Enara Rodriguez, Alfredo Varela, Gotzon Ereño, Iraide Ansorena eta Etxebarria bera. Bestetik, estudiotik pasatu diren 32 musikariak. Etxebarriak onartu du gustatuko litzaiokeela 32 artista taularatzea zuzenekoetan baina zaila izango litzatekeela koordinazio aldetik. Hori dela eta, zuzenekoa formatu ezberdinetan landuko dute: zazpikotea, jazzekoa hirukotea, talde folkloriko txikiagoa, bakarka eta orkestra osoa. «Taldea oso malgua da estilo eta formatu aldetik», azpimarratu du musikariak.

Paradigma aldaketa

Diskoaren grabazioa ere malgua izan da, eta ohiko grabaketa prozesuetatik aldendu dela azaldu du gernikarrak: «Helburua ez zen epe jakin batean diskoa grabatzea. Estudioa proiektuaren parte da, eta abestiak sortzen ditugun heinean grabatuko ditugu». Zortzi abestiez gain, beste hamasei abesti ari dira lantzen orain. Kanta berriak triptikoen formatuaren bidez zabalduko dituela iragarri du musikariak.

Horren harira, proiektuaren funtsetako bat albumaren heriotza irudikatzea dela azaldu du Etxebarriak. «Jendeak musika segituan jaso nahi du. Diskoak maiztasun jakin batez ateratzeak jada ez du zentzurik. Paradigma aldatu da». Alde horretatik, abestiak sortzen eta triptikoak aurkezten segituko duela azaldu du Etxebarriak.

Sorgin ehizak, atzo eta beti

$
0
0
Historialariek maiz aztertu duten garaia da XVI. eta XVII. mendeen artekoa, gizarte feudaletik kapitalismorako trantsizioa ekarri zuena. Gizarte aldaketa izugarriak bizi izan zituzten Europak eta Europak kolonizatutako lurraldeek bi mendeko epean, eta, alde horretatik, garai mugarria da historian. Aldaketa hori aztertzean, emakumeari erreparatu zion Silvia Federici ikerlariak, arreta, bereziki, garai berean gertatu zen sorgin ehizan jarrita. Eta ondorio argia atera zuen: kapitalismoak garatzeko ezinbestekoa zuelako jazarri zitzaizkien andreei, sorgin bihurtuta. Caliban eta sorgina. Emakumeak, gorputza eta metatze primitiboa liburuan jaso zuen bere tesia, eta, orain, euskaraz irakur daiteke pentsamendu feministaren lan giltzarrietako bat dena. Edurne Lazkanok eta Aitor Arrutik itzuli dute liburua, eta Elkarrek eta Jakinek argitaratu, Eskafandra bilduma feministaren barruan.

Pentsalaria, ekintzailea eta unibertsitate irakaslea da Silvia Federici (Parma, Italia, 1942). AEBetan garatu du bere ibilbidea, eta feminista eta marxistatzat du bere burua; ikuspegi horretatik, biei egin izan die ekarpena bere lanetan. Caliban eta sorgina liburukoa «ikerketa sakon bat da, baina oso modu errazean ulertzen dena», Lorea Agirre Jakin-eko zuzendariaren ustez: «Besteak beste, liburuan kontatzen duena geure baitan ikusten dugu, eta ez hori bakarrik, egun ere kapitalismoak hori egiten jarraitzen du». Euskarazko ediziorako berariaz hitzaurrea idatzi du egileak, eta «ekarpen handia da», Antxiñe Mendizabal Elkarreko kidearen ustez, «liburua gaurkotzen duelako».

Federicik liburuan defendatzen duen tesia hala laburbildu du Agirrek: «Orduko emakumeak sorgin bihurtu zituzten, alegia kriminalizatu, beren praktikez literatura oso bat sortu, nolabait jazartzeko arrazoi bat egon zedin, alegia, emakume horiek jazartzea justiziazko ekintza bat izan zedin. Eta Federicik dio hori gabe kapitalismoak ezin zuela gailendu; ez da aldi berean gertatzen direla, baizik eta kapitalismoak indar hartzeko ezinbestekoa zuela emakume horiek guztiak sorgin bihurtzea eta jazartzea. Zergatik? Sistema ekonomiko berri honek kultura berri bat eskatzen zuelako».

Itxitura hitza darabil Federicik liburuan, eta hitz horri tiraka jarraitu du azalpenarekin Agirrek: «Kapitalismoak ekarri zuen itxituran sartu beharra dena, bai ondareak, bai bizikera eta baita pentsakera ere». Aldaketa haren zenbait adibide zerrendatu ditu: herri lurren eta hazien pribatizazioa, zer landatu ezartzea, gizonak lan eremuetara behartuta eramatea, «leku itxietan sartuz, kartzelen pare», emakumeak etxean ixtea, «erreprodukziora mugatuz, kontrolatuz», trukea ixtea eta merkatu ez librea sortzea, harreman sozialak ixtea eta familia nuklearra sortzea... «Nolabait, kultura eta pentsamendua itxi egiten dira». Hala, garapen kapitalista horren erdian, «lehenagotik ere beharbada egongo zen patriarkatuaren eredu berri bat sortuko da, gaur egun ezagutzen duguna».

Emakumeen bizkar

Horren harira, liburuan Federicik lantzen dituen bi ideiatan sakondu du Agirrek. Batetik, andreen esplotazioa funtsezkoa izango dela metatze kapitalistaren prozesuan. «Marxek aipatzen duenean jatorrizko metatzea —alegia, noren bizkar abiatzen den sistema ekonomiko berria, nori lapurtuz—, Federicik esaten du metatze hori, baita gaur egun ere, oinarritzen dela andreek doan egiten duten erreprodukzio lanean. Azken finean, emakumeak erreproduzkio makina bihurtzen direla, gizonak lan indar makina bihurtzen diren bezala». Bestetik, horri lotuta, Federicik dio lan munduaren sexuaren araberako banaketa ekarri zuela horrek, gaur egun indarrean dena.

Orain dela bost mendeko prozesu hori, baina, gaur egunera ere ekartzen du pentsalariak, Agirrek nabarmendu duenez. «Federicik dio berdin segitzen dugula. Kapitalismoak, indarrean mantentzeko, eremu berriak konkistatu behar dituela beti, eta eremu horiek direla lurra eta emakumeen gorputzak». Hori argudiatzeko adibideak ere jartzen ditu: esaterako, Afrika «salgai» dagoela dio, eta lurrak pribatizatzearekin batera, milaka eta milaka andrazko desplazatzera behartzen, jazartzen eta hiltzen ari direla. Bestetik, haurdunaldi subrogatua emakumeen gorputzetan kapitalismoak egindako azken konkistatzat du.

Hortaz, duela 500 urteko kontuak soilik ez, gaurkotasun handikoak dakartza Federicik, Agirreren irudiko, baita Euskal Herrian «oso erraz» identifikatzeko modukoak ere. «Federicik erresistentziarako guneak sortu beharraz hitz egiten du beti. Beraz, gure libururako hitzaurrean berak esaten duen bezala, sorgin ehiza ez da iraganeko kontua, sorgin egizak aurrera darrai».

Itzulpen lana egiteko, sakon aztertu dute lana Aitor Arrutik eta Edurne Lazkanok. Arrutiren hitzetan, «liburua euskararen konpasera ekartzea» izan da haien lana. Itzultzailearen aburuz, «hasi eta buka, galera baten kronika da. Galera ez da kokatzen, ordea, andreengan bakarrik, baizik eta gizonengan ere bai; hor galdu ditugu hainbat balio». Lazkanoren iritziz, Federicik «eduki handiz, baina zehatz eta argi» azaltzen ditu gauzak; «alferrikako hitz bakar bat ere ez dakit badagoen». Estilo argi horri lagundu dio liburuaren egiturak, itzultzailearen ustez, alegia, tesia hasieran azaltzeak, gero adibideak jarriz, eta, azkenik, ondorioak emanez.

«Geure amonak», azalera

Joan den urtean jaio zen Eskafandra bilduma, «pentsamendu feministaren garapenean giltzarri izan diren liburuak euskaratzea» helburu hartuta. Edizio talde bat dago proiektuaren atzean, Eider Rodriguezek, Anari Alberdik, Ainara Lasak, Maialen Lujanbiok, Idurre Eskisabelek, Amagoia Gurrutxagak eta Lorea Agirrek osatzen dutena, eta Elkar eta Jakin dituzte lagun edizioan. Bildumako hirugarren alea da Federicirena; aurretik, Angela Davisen Emakumeak, arraza eta klasea —Danele Sarriugartek euskaratua— eta Virginie Despentesen King Kong teoria —Itziar Diez de Ultzurrunek itzulia— plazaratu dituzte. Agirrek aurreratu zuenez, beste bi lan argitaratzeko ari dira lanean: Judith Butlerren Generoa desegiten iritsiko da aurrena, eta Simone de Beauvoirren Bigarren sexua gero.

Orain arte argitaratutako liburuetan, egilearen argazki bat jarri izan dute azalean, emakume horien lanak ez ezik aurpegiak ere ezagutaraztea garrantzitsutzat jota. Gauza bera egitekoak ziren lan berriarekin ere, baina, bere argazki bat eskatu ziotenean, ezezkoa eman zien Federicik, «arrazoi feministegatik baita ere». Liburuaren protagonistak sorginak direla eta gaur egunera iritsi den sorginaren irudiaz gogoeta egiteko beharra plazaratu zien. Agirre: «Iritsi zaigun sorginaren irudia emakume basa bat da, aldrebesa, itsusia, zaharra, beldurgarria... baina berak esaten du ezetz, sorginak ez zirela gizartearen barruan bazterreko pertsona batzuk, gure amak zirela, gure amonak, gure birramonak; gure birramonen birramonak erre zituzten. Geu ginen. Beraz, pentsatu genuen gure amona edo birramona baten aurpegia jarri behar genuela». Eulalia Abaituak 1900. urtean hartutako argazki bat aurkitu zuten, Bizkaiko andrazko baserritar bat lehen planoan erakusten duena. Hortxe, beraz, bilatzen zuten irudia: «Hori da sorgina, hori gara gu, emakumea».

Memoria nola itzuli

$
0
0
Liburu bakoitzak bere idazketa prozesua dauka, Anjel Lertxundiren iritzian. Liburu bakoitzak eskatu eta eskaintzen du berea. Horma nobela idazteko, hiruzpalau gauza argi zituen. Argi zuen izenburua bera. «Normalean, ez dut izenburua idazketa prozesuan oso aurrera egin arte erabakitzen, baina, oraingoan, desberdina izan da, hasieratik garbi nuen. Hormak islatzen du inkomunikazioaren ertza, edo guk pilota jaurti eta hark itzultzen diguna, asmatzen ez dugulako noiz eta nola jaurti, adibidez». Argi zuen, halaber, protagonista eta narratzailea itzultzailea izango zela: «Aspaldi nerabilen buruan pertsonaia hori. Itzulpengintzaren gaia erakargarri egiten zait literarioki ere, eta baita itzultzailearen figura ere, gure gizartean aura handirik gabeko hori, pertsonaia gris samar hori». Honela deskribatzen du pertsonaia hori Inazio Mujika Erein argitaletxeko editoreak: «Kode batetik beste batera hitzak pasatzen espezialista da. Bizitzan ere halatsu, kode batetik bestera pasatu beharra du mundua ulertuko badu. Maite du bere lana, baina hor sortzen zaio arazoa. Haurtzaroan gertatu ziren pasarte lauso batzuk nahasten zaizkio buruan, Martarekin bikote harremanari ekin behar dion une berean, noiz eta amari, kode haiek erraz itzuliko zituen pertsona bakarrari, memoria husten eta hondatzen zaion garaian».

Liburuaren hasiera eta bukaera ere buruan argi bisualizatzen zituen Lertxundik. Eta hasieran kontatzen du, hain zuzen ere, protagonistaren ama alzheimerrak jotzen duenekoa, gaixotzea eta diagnostikoa. Memoriaren galtzea, eta horrenbestez, eta kontrara, protagonistari burua haurtzarora joaten zaionekoa ere bai. Bukaera ere garbi zuen, baina espoilerrik ez zuen egin, atzo Donostian egindako aurkezpenean.

Tonu hotza gehienean

Hiruzpalau elementu horiek garbi izanda, bazekien bazuela nobela bat hor, baina hortik aurrera, «progresoa» lantzea eta garatzea izan du langintza handiena. «Lantzen hasi nintzen, eta hor azaldu zitzaizkidan pertsonaia batzuk, niri antipatikoak zitzaizkidanak, baina istorioaren baitakoak». Eta horretarako ezinbesteko abiapuntu eta makulu, tonua izan du. Nobela baten tonua Arkimedesen oreka puntuaren aipamenarekin alderatzen du: «Emadazue tonua, eta lan gehiena egina izango dut». Familia bateko inkomunikazioak, ezkutuko sekretuek, oroimenerako ezintasunak, izenburuan aipatzen den horma horrek, hoztasun horrek, «tonu hotza behar zuen», eta horretan egin du ahalegina Lertxundik. Ez da nobelan azaltzen den tonu bakarra, ordea. «Ama-semearen arteko harremanean, gaixotasunaz geroztikakoan, badago ternuraz beteriko tonua ere».

Nobelaren garapena osatzeko, funtsezko bi gai ardatz baliatu ditu Lertxundik. Batetik dago memoriaren edo haren gabeziaren garrantzia. «Memoriaren kontua oso literarioa da, eta memoriaren galtzearena zer esanik ez, askorako ematen duelako. Pertsona bat memoriarik gabe geratzen denean, ganbara husten zaionean, biluzik geratzen da. Arropa baino garrantzitsuago den zerbaiten faltan geratzen da, oroitzapenen faltan. Ordura arteko bizitza guztiaren galera datorkio, eta baita ere etorkizunaren galera. Eta pertsona bati dagokion hori sozialki ere gertatzen bada, hau da, talde batek, herri batek memoria galtzen badu, biluzik geratzen da baita ere. Herri horren izaera biluzik geratuko da».

Gainera, Lertxundiren iritzian, gizakia munduaren pertzepzioan geroz eta urrunago iristen ari bada ere, «geure barneko kosmos horretara iristeko zailtasunak ditu». Eta memoriarena da gai horietako bat. «Gaur egun etxe asko eta askotan bizi den errealitatea da dementziarena edo memoria galtzearena».

Bigarren gai ardatza itzulpenarena bera da. Pertsonaiak literarioki «joko handia» ematen diola uste du Lertxundik: «Adibidez, berak oso garbi du itzultzailea dela. Neska lagunak esango dio saiatu behar lukeela nobela bat idazten, horretarako istorio bat baduelako. Saiatuko da nobela hori idazten, baina albo batera utziko du». Gizartean ere itzultzailearen figura «bigarren mailakotzat» jotzen dela uste du Lertxundik. Eta itzulpengintza elementu estrategikotzat dauka, euskal literaturaren sistemarentzat ez ezik, baita hizkuntzarentzat berarentzat ere: «Euskaraz itzulpen administratiboak hartzen du sekulako esparrua, gaztelaniaz baino handiagoa. Hizkuntza horren kultur espresioa, guk jasotzen duguna, oso urria da. Eta horrek gabezia inportante bat ekartzen dio hizkuntzaren sistemari. Sistema horrek eragin du, unibertsitatetik eta hainbat egitura erdi publikotatik iristen zaigun materiala, hizkera guztiz triste batean jasotzea. Material asko eta asko, baita kazetaritzan ere, bizipozik gabea dugu euskaraz. Eta hori izurrite bat da gurea bezalako hizkuntza batentzat. Nik hala kontsideratzen dut behintzat. Ez dut esango hori bakarrik denik, baina neurri handi batean hori dator eredu bat kopiatzetik, eta ez konturatzetik kode desberdinak behar ditugula».

Memoria itzultzea edo itzultzen denaren memoria egitea ez baitaude elkarrengandik hain urrun. Liburuko pertsonaia gehienek ez dute izenik: «Neska laguna Marta da, eta protagonistak bere buruari Fidel ezizena jartzen dio. Izenek asko markatzen dute pertsonaia, eta haiekin libreago jokatu nahi dudanean nahiago dut izenik ez jarri». Izenik ez daukate itzultzailearen aita-amek, esaterako. «Pasarte batean kontatzen da sekretu bat, haustura ekarri zuena gurasoen artera, beti isilpean gorde dutena. Gero amaren lagun baten bidez ezagutuko du semeak, itzultzaileak...».

Maixa Zugastik eta Asier Serranok jaso dituzte aurtengo Irun Hiria sariak

$
0
0
LITERATURA. Atzo banatu zituzten aurtengo Kutxa Irun Hiria sariak, Irungo (Gipuzkoa) Amaia antzokian. Euskarazko alorrean, Maixa Zugastiren L.A.A. eleberria eta Asier Serranoren Denen mina da nirea poema bilduma saritu dituzte aurten. Gaztelerazko adarrean, berriz, Blanca Bettschenen Juegos de Lógica nobela eta Ramon Fernandezen Providencia de apremio poema liburua saritu dituzte.

Erakundeek oso berri ontzat jo dute Txillida Leku irekitzea

$
0
0
ARTEA. Eduardo Txillidaren (Donostia, 1924 - 2002) oinordekoek herenegun jakinarazi zuten Hauser & Wirth galeriarekin akordioa erdietsi dutela. Akordio horren ondorioz, Txillida Leku museoa (Hernani, Gipuzkoa) datorren urteko bigarren seihilabetekoan irekiko du galeriak, baina txillidatarren jabetza izaten segituko du; eta galeria izango da artistaren ondare guztiaren ordezkaria. Hauser & Wirth etxeak Zurichen du egoitza nagusia, baina munduko hiri handi ugaritan ditu ordezkaritzak. Galeriakoen arabera, «akordioa zehaztutakoan» emango dute guztiaren berri.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza sailburuak, atzo, argitu zuen ez dutela jaso akordioaren berri zehatzik. «Akordioa gauzatuko balitz», euskal kulturarentzako albiste ona litzatekeela erantsi zuen, eta hala gerta dadin ahal duena egingo duela Jaurlaritzak. Txillida Lekuren irekierak, izan ere, «euskal artea munduratzeko plataforma garrantzitsu bat» osatuko luke Zupiriaren aburuz, Bilboko Guggenheimekin eta Arte Eder Museoarekin eta Gasteizko Artiumekin batera. Donostiako alkate Eneko Goiak ere, Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak bezperan egin bezalaxe, «oso ontzat» jo zuen albistea.

Akordioa sinatu dute EOSeko langileek eta zuzendaritzak

$
0
0
EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendaritzak eta langileen ordezkariek akordioa sinatu zuten atzo Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan. Horrekin, ELA sindikatuak jakinarazi duenez, «amaiera» eman zaio langileek azaroaren 18an greba batekin abiarazi zuten mobilizazio dinamikari. Dinamika horren helburua, abian jarri zutenean, enpleguari eustea eta lantaldearen egonkortasuna bermatzea zen, sindikatuaren arabera. Atzo sinatu zuten akordioan, helburu horiek erdietsitzat jo ditu. Zehaztu duenez, EOSeko lanpostuen zerrenda onartu da: hala, 91 lanpostu izango ditu arlo artistikoan, eta hamalau arlo tekniko-administratiboan. Horrez gain, gaur egun bete gabe dauden egiturazko bi lanpostu (tutti biolin eta tuti biola bana) deialdi publikora aterako dira 2018ko lehen seihilabetekoan. Negoziazioetan garrantzi handikotzat jo izan diren beste puntuak ere adostu dituzte: eszedentziak, amatasun zein aitatasun bajak, ikasketetarako baimenak eta abar ordezkatuko dira; lanaldi murrizketak ordezkatuko dira; gaixotasun edo lan istripuen ondorioz sortutako hutsuneak ordezkatuko dira; eta biolinistek maila goragoko lanak egin beharraren ondorioz sortutako hutsuneak ordezkatukgo dira. «Aldeek lau hilabeteko epea eman diogu elkarri hitzarmen berria adosteko», zehaztu du ELAk. «Akordio honek amaiera eman dio prekaritateari EOSen».

EOSeko zuzendari nagusi Oriol Rochen esanetan, akordioa «aurrerapauso garrantzitsua» da lan hitzarmen kolektiboaren baitan. «Baina greba neurriz kanpokoa izan dela uste dugu oraindik ere».

Neurtzen ez diren distantziak

$
0
0
Gu orduko hauek. Hala du izena Garazi Arrularen (Tafalla, Nafarroa, 1987) lehen liburuak , eta hiru hitz horiek nahikoa dira ipuinetan agertuko diren elementuak batzeko. Gu-k «norbanakoz osatutako kolektiboa» aipatzen du; orduko-k, «distantzia fisiko, denborazko eta sinbolikoa»; eta hauek-ek, «bestetasuna». Horra atmosfera. Zortzi kontakizunekin osatu du liburua Arrulak, eta azkenak eman dio izenburua bildumari. Txalaparta etxeak kaleratu du.

«Esaten ez diren usteak, lortzen ez diren ametsak, irabazten ez diren borrokak, sekula beteko ez diren nahiak, inork desiratuko ez lituzkeen bizitzak. Hemen eta orain, bizitza arruntak denak». Horiek osatzen dute liburuaren mamia, egilearen arabera. Azkenean, «elkarrenganako distantziak». Ez da, hargatik, ezintasunen bilduma bat. Ezta nostalgiaren pareko emozioek leku nabarmena duten liburu bat. «Pentsatu nahi dut irabazten ez diren borrokak ez direla nahitaez borroka galduak». Hori dena «modu fisikoan» saiatu da azaleratzen, pertsonaien eta ekintzen bidez.

Azken hiruzpalau urteetan idatzitako ipuinak dira denak. Arrularen hitzetan, «esplizituki edo inplizituki oso garaiari eta tokiari lotuta daude. Erraz atzematen ahal da, esaten ez denean ere, non gertatzen den, edo urteko zein sasoitan gertatzen den». Zehatzago esateko, zortzitik sei ipuin Nafarroa erdialdeko paisaian girotuta daudela azaldu du, eta beste biak, «Gasteiz izan daitekeen hiri batean». Azken zehaztasun bat ere eman du: zazpi ipuin singularreko hirugarren pertsonan kontatuta daude, eta bat, lehenengo pertsona singularrean. Gainontzean, egileak tentuz zaindu ditu azalpenak, ez bailuke nahi inor «interpretazio bakarrera» lerratzerik. Berak behintzat, irakurle den aldetik, ez du maite liburuak nola interpretatu behar dituen esan diezaioten.

Kezkak istorio

Aurreneko liburua du Gu orduko hauek Arrulak, baina ez aurreneko lan argitaratua. Orgasmus liburuan ipuin bat argitaratu zuen 2010ean, Txalapartarekin hura ere. Itzultzailea da, gainera, eta hainbat literatur lan ditu euskarara ekarriak; horietan azkena, Amelie Nothomben Hodien metafisika (Igela, 2017).

Liburuaren lehen bertsioa iazko Durangoko Azokatik bueltan irakurri zuen Mikel Soto Txalapartako editoreak. Hor zeuden jada liburuan argitaratu dituzten ipuin gehienak. Sotok azaldu du «poza» ematen diola handik urtebetera liburua eskuetan izateak. Eta, batez ere, idazlearen bideari jarraitu izana sentitu duelako: «Hamar urte inguru dira Garaziren lehen ipuinak eta poemak irakurri nituenetik. Eta pozgarria da hamarkada baten ibilbidean idazle gazte baten garapena ikustea». Sasoi hartan Arrulari emandako gomendio batekin akordatu da: «Poema batek bazeukan parte politiko bat, eta, nire ustez, poema hobea zen parte politikoa kenduta». Hamarkada bat igarota, liburuko ipuinik gogokoenak «tramaren parte batean politika» daukatenak iruditu zaizkio. Tafallakoa da Arrula, eta han du egoitza Txalapartak.

Sotok aipatutako politikaren auzira itzuli da Arrula: «Eztabaidatu beharko genuke zein ipuin jotzen diren politikotzat, eta, gehiago, zeintzuk ez». Izatekotan, gertakari politikoak istorioen «atzean» kokatu dituela ñabartu du. Oro har, «bere kezketatik» idazten duela dio; inkomunikazioa da, esaterako, horietako bat. «Nola hain segurutzat dauzkagun bestearen inguruko kontuak, eta zenbat gauza isiltzen ditugun, nahiz eta harreman hurbilekoa izan eta erreferente komun aunitz izan».

Bestelako aire eta koloreak

Sotoren esanetan, euskal literaturan «hain ohikoak ez diren ipuinak» daude liburuan; batik bat, Nafarroa erdialdean kokatuta daudenez ari zen. «Alegia, Bilbo idatzia izan da; Donostia, zer esanik ez; baita Iparraldea ere maila batean. Baina, seguru asko, Nafarroa erdialdeko hainbat kolore euskal literaturatik kanpo egon dira, eta iruditzen zait paisaia horiek konkretuki ezagutzen ez dituen irakurleak ere ikusiko duela ipuin hauetako batzuetan badaudela bestelako kolore eta aire batzuk».

Ipuinen aldeko beste alderdi bat nabarmendu du editoreak: zuzen adierazi gabe, «pertsonaien prozesu mentalak adierazteko modua». Bestela esanda, «gertatzera doana» adierazteko gaitasuna. «Keinu bat, ia-ia». Iruditzen zaio irakurleak gozatuko duela iradokitze horrekin; irakurketa ugari izan ditzakeelako, hain justu.

Liburuaren azala Esteban Montoriok egin du, eta hizkuntza berrikusketa, berriz, Amaia Apalauzak. Arrulak apropos aipatu du Apalauza; haren ustetan, eta itzultzailea den aldetik, argitaratu aurreko testuan lan egiten dutenek maiz ez baitute behar bezalako aitorpenik izaten.

Maisuaren aginduetara

$
0
0
New Yorkeko sortzaile polifazetiko bat da Kenneth Goldsmith. Lehenago eskultore izanikoa egun idazlea, poeta eta Pennsylvaniako Unibertsitateko irakaslea da, besteak beste. Internet bidez literatura ikastaro bat eman zuen, arrakasta handiz eman ere. Haren literaturari buruzko gogoetek erakarrita, ikastaro hori bere nobela berrirako abiapuntutzat hartu du Joxean Agirrek. Poetaren eskolak jasotzeko izena ematen duen idazlegai euskaldun bat jarri du protagonista moduan kontakizunean. Eta, hala, maisuaren aginduetara jarri du narratzailea, bere alter ego-a izan daitekeena, Goldsmithen ikaslea liburuan. Elkar argitaletxearekin plazaratu du lana, dagoeneko bederatzigarren nobela duena, eta atzo aurkeztu zuen, Xabier Mendiguren editoreak lagunduta.

Goldsmith aurkeztu zuen lehenik idazleak: «New Yorkeko poeta kontzeptual famatu bat da, mediatikoa, Barack Obamaren aurrean errezitalak emandakoa... Ni nobela idazten hasi baino urte batzuk lehenago, Poliziak Michael Brown izeneko gazte beltz bat hil zuen, eta oso poesia errezital garrantzitsuan, autopsiaren txostena hartu, eta oso-osorik irakurri zuen». Haren liburu bat ere aipatu zuen Agirrek, artikulu bilduma bat dena, Uncreative Writing (Idazketa ez-sortzailea, 2011). «Hor, gutxi gorabehera, esaten du Interneten aroan absurdoa dela originala izaten saiatzea; hainbesteko testu masa dugu sarean, ezinezkoa dela ezer berririk egitea, eta, beraz, abandonatu behar dela ideia hori, eta ikasi behar dugula testuak imitatzen, pirateatzen... eta aurrekoek egindakoaren birziklatze bat-edo egin behar dela». Liburu horretan aipatzen du unibertsitatean eman zuen on- line literatura ikastaroa ere, eta hortik hartu zuen ideia Agirrek. «Pentsatu nuen polita izango zela euskaldun bat hor sartzea, haren aginduetara lan bat egiten». Liburuzaina da narratzailea, eta Goldsmithi idatziko dio, esanez, ezer originala proposatu ezin dionez, berari gertatutako zerbait hartu, eta muturrera eramateko ariketa egingo duela. Baiezkoa emango dio maisuak.

Gertakaria hauxe da: liburuzaina hitzaldi bat ematekoa da, eta, etxera paper batzuen bila joatean, neska laguna beste bi mutilekin topatuko du ohean. «Horren jarraipen luze bat egiten da, modu komiko, barregarri edo parodikoan. Narratzailea bertsioak aldatuz joango da: ez da gai hitzaldia emateko, eta istorioa kontatuko du; bidean taxi gidari bati ere kontatuko dio...». Liburuzainak ere beste hiru neskarekin harreman bat hasiko du, eta gero harreman horiek «modu fulminantean» bukatuko dira. Istorioa, aldi berean, Goldsmithen eskoletara darama narratzaileak, eta nola zuzendu edo nondik nora eraman esanez joango zaio maisua. Beste plano batean, narratzailearen emaztea agertuko da, hura errealitatera ekarriko duena. «Dohain bat du: gauez ametsetan hasi, eta sekulako gauza interesgarriak esaten ditu ametsetan». Beraz, Agirrek hiru plano horietan egituratu du nobela, eta horrek «toke bitxi bat» ematen diola uste du.

Azken batean, liburuak hizpide dituen gai nagusiak zeintzuk diren galdetuta, honela laburbildu zituen: «Betikoak dira: harremanak, existentziari buruzko gogoetak, eta literatura sorkuntzari buruzkoak».

Aurreko nobelan, Gizajoen katalogoa-n, bazeuden literaturari buruzko hainbat pilula ere, baina, Agirreren aburuz, «tonu apalagoa» baliatu du lan berrian gaiari buruz hitz egiteko. «Izan da nobela bat neu izugarri eroso sentitu naizena idazten, eta gustura. Pentsatzen dut hori ona izango dela irakurlearentzat». Egiturari buruz esan zuen planoen artean oso txandakatze erraza egiteko aukera eman diola.

Ikasle bidaia

«Hor bukatu izan banu», jarraitu zuen Agirrek, «nire nobela nahiko tipiko bat izango zen». Baina ez zuen hor amaitu kontakizuna. Goldsmithen imitazioarekiko joera horri jarraituz, Agirrek pentsatu zuen berak ere zerbait egin behar zuela «gizon hau kontentu geratzeko». Harreman horien inguruan neskak egiten duen kontakizuna sartzea erabaki zuen, James Joyceren Ulises-en agertzen den Molly Bloom erreferentetzat hartuta. «Lanik gogorrena hori izan da, imitatu behar nuena Ulises-en azken kapitulua baitzen, eta hain da jeniala, ezin duzu helburu izan pareko ezer egiterik».

Baina, gero, beste ideia bat sartu zitzaion buruan Agirreri: Goldsmith bezalako poeta kontzeptual baten eta Andoni Luis Aduriz bezalako sukaldari baten arteko buruz buruko bat sartzea nobelan. Hori egiteko modua ere aurkitu zuen: Goldsmithek eta ikastaroan parte hartu duten gainerako kideek ikasle bidaia egingo dute Euskal Herrira nobelaren amaieran, eta Bilbo, Donostia, Arantzazu eta beste hainbat lekutan ibiliko dira, egungo hainbat pertsona ezagun lagun dituztela.

Iraganaren puzzlea, lau ahotsetara

$
0
0
Lau pertsonaia. Lau ahots. Donostiako Parte Zaharreko taberna batek batzen ditu. Nagusia eta zerbitzaria dira bi, gizonezkoak. Emakumezkoak dira bi bezeroak: bata, bi gizonezkoen belaunaldiko bertsukoa; bestea, gazteagoa. «Han aritzen dira hizketan, txandaka». Xabier Montoiaren Hitzontziak nobela berriko abiapuntua da, gaur egunean kokatua. Susa argitaletxearekin plazaratu du bere zortzigarren nobela, ia 400 orrikoa, Azken afaria (2013) aurrekoa argitaratu eta lau urtera.

Gorka Arrese Susako editorearen iritzian, nobelak badu musika obra baten tankera «erritmo eta konposizio aldetik». Baina «antzerkiari ere hurbiltzen zaio», lau pertsonaiak eszenara agertzen baitira, «argitan jartzen baitira», bakoitza bere ahotsaren bidez, «ondoren isildu eta beste baten txanda iritsi arte; pertsonaiak agertu eta desagertu egiten dira, opera batean bezala».

Taberna dute bilgune lau pertsonaiek, baina batzen ditu «mindura edo oinaze bana» izateak ere, Montoiak azaldu duenez. «Beraiek jakin ez arren, arrazoi berarengatik dute oinaze hori». Izan ere, hezur-haragitan azaltzen diren pertsonaiak lau izan arren, «badira beste bi beti hor daudenak, nahiz eta 80ko hamarkada bukaeran eta 90eko hasieran hil zituzten». Arrazoi diferenteak direla medio, «heriotza bortitzak» izan zituzten. «Lau pertsonaien ahotsean eta memorian agertzen dira etengabe. Bi hildakoen presentzia oso handia da, besteena bezain handia, edo handiagoa», dio Montoiak.

Iturri tabernan topo egiten dute Oihane filosofo gazteak, Biteri tabernariak, Gloria alargunak eta Goietxe ugazabak. Ez dira elkarren lagunak, baina elkarren berri izaten hasiko dira, eta nola-hala batzen dituen iraganaren puzzlea osatuz joango dira.

Belaunaldi erretratua

«Gauza askotaz» hitz egiten da nobelan. Langile borroka, sabotajeak, lapurretak, drogak, negozioak, hilketak, adiskidetasuna, amodio harremanak eta beste azalduko dira. Oro har hitz eginda, «harremanei buruzkoa» da, baina hori esatea «ez da egia osoa ere», Montoiak dioenez. «Iraganaren pisuaz ari da nobela. Iraganak eta memoriak haiengan duen eraginaz. Memoria da oso inportantea bakoitzak izan duen sufrimendua nola saihesten duen ikusteko. Memoriak ia guztiongan funtzionatzen du leungailu bezala. Gogoratzen ditugun gauzak askotan ez dira gertatu zirenak, edo ez dira gertatu ziren modukoak, baizik eta guri komeni zaigun bezala agertzen zaizkigu, guk geuk jokatu genuen baino hobeto gogoratzen ditugu: guapoagok eta hobeak agertzen gara».

Bere belaunaldiaren «edo belaunaldiko zati baten» erretratua egin nahi izan du Montoiak lan berrian. Pertsonaien oroimen ariketak 1973 inguruan hasten dira eta gaur egunera artekoa hartzen dute, eta denboran erdialdera gertatzen dira bi heriotzak. «Batere nostalgiarik gabe egin dut erretratu hori, ez baitut garai haien batere nostalgiarik». Iraganaren kontrapuntu gisa, bezero gazteenaren ahotsa erabili du: «Hiper denda bateko kutxazaina da, eta hark gehiago ekarriko ditu oraineko kontuak».

Edonola ere, lau pertsonaiek «elkarren ispilu» moduan jokatzen dute: «Nobela formalki ispilu gisara antolatua dago. Pertsonaiak elkarren ispilu dira. Batek gogoratzen duena modu batean, besteak osatzen du, beste modu batera, ziur aski nahiko modu desberdinean, gainera. Ispilu jolas horretan pertsonaia bakoitzak ezagutzen du bere burua, eta topo egiten du guztiak batzen dituen beste ezaugarri batekin, bakardadearekin. Hori da azpian dagoena guztiengan».

Nobela «musikalena»

Gorka Arreseren hitzetan, ohiko tematikak izan dira Montoiaren nobelagintzan askatasuna, maitasuna eta heriotza. «Oraingo honetan ere horiek ageri dira, eta gehituko nuke Montoiaren nobela musikalena ere badela». Bada zerbait, Montoia musikaria ere badela kontuan izanik. Zera dio Montoiak berak: «Bai, musika pixka bat azaltzen da; rock-and- rolla badago, Bowie ere azaltzen da...». Atzo aurkeztu zuten nobela Donostian, eta Montoiak gogoratu nahi izan zuen bederatzi urte bete zirela atzoko egunez Laboa hil zenetik. Oraintsu argitaratu du Gorraizea diskoa ere. Normalean, ez ditu plazaratzen garai berean literatur eta musika lanak: «Nahiago izaten dut batetik bestera tarte bat uztea, baina orain honela suertatu da, eta aurrera». Apirilaren hondarrerako amaitu zuen idazketa lana: «Hortik aurrera, zuzenketak eta editaje lanak egiten aritu gara». Idoia Unzurrunzagarena da azaleko argazkia, taberna bateko kafe makinarena.

Irrealitatearen bezpera

$
0
0
Esku batekin edo birekin kontatzeko adina. Nekez izango dira gehiago txapelketa erabat pozik amaitzen duten bertsolariak. Eta gaur ere hartuko du kolpea baten batek, helburuak bete gabe edo erakutsi nahi zuena erakutsi gabe amaituko zaiolako txapelketa. Kanporaketetan eta finalaurrekoen lehen fasean gertatu zitzaien beste batzuei, eta izango da finala arantza batekin amaituko duenik ere. Parrandara atera aurretik biharamunari begiratzen zaion bezala, txapelketan ere ez dago sobran ariketa hori.

Astelehen txar asko edukitakoa dela kontatu du Miren Amurizak. Orain lau urte, Euskal Herriko txapelketan, ez zuen lortu kanporaketak gainditzerik. Bizkaiko txapelketan ere, azken hiru aldietan, ez da gustura geratu. Alabaina, oraingo honetan, zortzigarren amaitu du finalaurrekoen lehen fasea, eta, Agin Laburu zazpigarrena finalerako aukerarik gabe geratu ostean, BECerako hautagai nagusietako bat da berriztarra. Badirudi haren, Oihana Iguaranen, Jon Maiaren eta Unai Agirrerekin artean dagoela zazpigarren bertsolaria. Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi ere oraindik ez dira sailkatu, baina nahiko segurutzat jotzen dira finalean. Alaia Martinek ere badu aukerarik.

Amuriza joan izan da txapelketako saioetara hortik aurrera etorriko denari buruz ezer pentsatu gabe; gaur, ordea, etxeko lanak eginda doa. «Aurreko asteotan, guztiak neurriz kanpoko dimentsioa hartzen du, eta niri asko laguntzen dit saioaren aurretik txapelketa nire bizitzan kokatzeak, ea zer leku duen pentsatzeak, erlatibizatzeko eta esateko neure buruari: 'Erronka inportantea da, baina hau zatitxo bat bakarrik da'».

Aurten, estreinakoz, idatzita ari da uzten gogoeta hori. «Finalera sartuko banintz ere, lur hartuko nukeen eremu hori ez da erreala, euforia hori ez da erreala. Gerta daiteke oso ondo joatea edo oso gaizki joatea, baina lehenago edo beranduago bueltatu behar izaten duzu zure ardatzera, zure lurrera». Izaten da jendea oporretara joan aurretik etxea normalean baino txukunago uzten duena, bueltan behintzat hori behar bezala izateko eta ez are gehiago zailtzeko itzulera. Badu horrekin zerikusia Amurizak kontatutakoak, bueltan ideiak bere lekuan edukitzearekin, alegia: «Niretzat, bertsolaritzaren zakuaren barruan sartzen da txapelketa, baina bertso eskola ere sartzen da, umeekin egiten dudan lana, entrenatzeko aitzakian sortu dugun lagun sarea eta abar. Horren guztiaren barruan, parte txiki bat bakarrik da txapelketako emaitza».

Txapelketa gaizki ateratzeko beldurraren atzean, batez ere bertsolarien «paranoia moduko bat» egoten da, azaldu duenez: bat-batean bertso mundutik desagertzeko kezka. Asterix eta Obelixen marrazki bizidunetako kapitulu batek lagundu zion orain lau urte gogoeta egiten: erromatarrek itsasora botatzen zituzten, mundua laua zela uste zutenez, mundutik kanpo botatzen zituztelakoan. «Baina lurra borobila zenez, Asterix eta Obelix Ameriketan jausten ziren. Aurreko txapelketan ikusi nuen, mapatik desagertuko zarela uste arren, beste eremu batean jausten zarela, eta hor zeure buruari galdetu behar diozula: 'Jarraitu nahi dut bide hau lantzen, edo beste batzuk topatu behar ditut?'».

Badaki gaizki ateraz gero kolpea hartuko duela orain ere, «baina mina ez da hainbestekoa izango». Besteak beste, badituelako beste interesgune batzuk ere. «Jende batek bere bizitzaren erdigunean jartzen du txapelketa, lehentasun absolututzat eta ia helduleku bakar moduan. Bizitzako beste edozein arlotan ere arriskutsua da helduleku bakar bat edukitzea, eta honetan ere bai». Eroriz egin ditu hausnarketa horiek Amurizak. «Orain, benetan iruditzen zait azken urteetan egindako saio txarrak ez nituzkeela aldatuko, zer bestela ez nuen egingo autokritikarik, eta ez nintzen saiatuko beste bide batzuk aurkitzen».

Ez aurkezteko erabakia

Uxue Alberdi ere gaiaz hainbat hausnarketa egindakoa da. 2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan ez zuen lortu Euskal Herrikorako sailkatzerik. «Baina irakaspen handi bat izan zen». Alde batetik, momentu horretan ikusi zuelako bertsolari izan nahi zuela. «Ordura arte, hor nenbilen; olatua hartu nuen 2007ko txapelketan, eta haren gainean, baina benetan planteatu gabe zenbat eskaini nahi nion bertsoari». Bestetik, erabaki zuelako bertsolari izan nahi zuela, baina ez inori ezer demostratzeko.

Gipuzkoako txapelketa hartara «oso baldintza pertsonal txarretan» aurkeztu zen. Erditu berria zen, eta apenas egiten zuen lorik. Zergatik aurkeztu zen galdetu zion bere buruari. «Zertarako halako premia, ez bazen momentu egokia? Konturatu nintzen egundoko beldurra niola zirkuitutik kanpora geratzeari, eta presio handia jartzen niola neure buruari jendeari edo kanpoko faktore bati erakusteko gai nintzela». Fokua bere barrura begira eduki beharrean espektatiben eta egoaren bueltan zuela ikusi zuen, eta erabaki zuen gehiago ez aurkeztea txapelketara: «Ez baitzait gustatzen nola jartzen naizen txapelketen aurrean. Jarraitu nahi dut plazan ahalik eta maila onena ematen, baina txapelketara aurkeztu gabe».

Gustuko du bertsoak berez duen arrisku eta urduritasun puntu hori, baina neurri bateraino. «Uste dut plazako bertsolaritzan neurri hori topatu dudala, baina, gaur egun ere, txapelketara aurkeztuz gero, ez nintzateke gai izango baretasunetik kudeatzeko». Bakoitzak bizi nahi duen erritmoarekin ere badu zerikusia, haren ustez. «Nik ez dut azeleratuta bizi nahi. Eta azelerazio orokor bat sortzen du txapelketak».

Bertsolari batzuek aipatzen dute beren burua estutu eta maila hobetzeko aurkezten direla txapelketara. Grina hori badu Alberdik ere. «Oso polita da txapelketaz aparteko motibazioa bilatzea, sorkuntzari edo arteari lotuago dagoelako. Plazaz plaza bazabiltza, eta lanketa bat egiten baduzu, akaso gaur ez zaizu aterako, baina bihar bai: bideak jarraitu egiten du, eta zeuk dakizu aurrera doan edo ez». Kontatu du ahalegintzen dela ahalik eta exigenteena izaten bere buruarekin, eta ahalik eta gutxien emaitzarekin. «Bideari, jarrerari, ahaleginari ematen diot garrantzia. Gainera, lortu dut entzulea ez ikustea epaile moduan».

Txapelketan ere, inportantea iruditzen zaio norbere helburuak ondo markatzea, emaitzaz harago. «American dream ukitu bat ere badago txapelketan, badirudi edonork egin dezakeela edozer, baina errealitateak erakusten du bakar batzuei bakarrik ateratzen zaiela nahi luketen bezala, emaitzaz behintzat». Alabaina, txapelketa da oraindik plazetarako jauzia egiteko zubirik azkarrena. «Zalantzarik gabe. Nik ere txapelketari esker egin nuen plazetarako jauzia. Hori bai, desioko nuke beste kanal batzuk ere egotea, eta ez badaude, sortu egin beharko genituzke».

Bere esperientzia hori izanik ere, txapelketara doazenei ez die inolako kritikarik egiten Alberdik; kontrakoa, miretsi egiten dituela dio. «Denok nahi dugu gure ona bakarrik erakutsi, eta txapelketan foku eta entzule kritiko pila bat izaten dira aurrean, eta han agertzen dira zure hutsuneak eta tendentzia ez hain gustukoak, zenbait inertzia, aurreiritziren bat ere ager daiteke. Oso erabaki ausarta iruditzen zait txapelketara aurkeztea».

Unai Agirre ere BECen izango da

$
0
0

BECera begira ziren aukera zuten bertsolariak. Hala abestu dute hasierako agurretan. Baina guztientzat aukerarik ez. Unai Agirrek lortu du azkenean eserlekua.

Argitu da Amets Arzallus egungo txapeldunaz gain zein bertsolari izango diren abenduaren 17an BECen egingo den finalean. Puntuazioaren araberako ordenan: Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Igor Elortza, Sustrai Colina, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre.

Honela gelditu da gaurko sailkapena:

1. Aitor Sarriegi: 698,5 puntu
2. Aitor Mendiluze: 696,5
3. Unai Agirre: 696
4. Miren Amuriza: 652
5. Alaia Martin: 649,5
6. Oihana Iguaran: 646

Lehen bertsoalditik izan da berezia gaur Iruñean jokatu den azken finalaurrekoa. Miren Amurizari sudurretik odola hasi zaio zortziko handiko lana egiten ari zenean. Jarraitu eta amaitu egin du, eta bi txalo zaparrada jaso ditu: bat bertsoaldiagatik eta bestea, agertokitik jaitsi denean, horrela lana amaitzeagatik.

Saio osoan eragin dio horrek Amurizari. Sudurra tapatua zuela abestu du, eta kartzelako lana amaitutakoan agertokitik jaitsi da, lan guztiak eginda. Puntuazioen garaian itzuli da.

Kartzelako lanak sortu du ikusmin handiena gaur ere: "Ezkutatu egin zara ikus ez zaitzaten".

Amuriza izan da abesten aurrena, eta maitalearen armairuan sartu da, ate hotsa entzun denean. Honela amaitu du bertsoaldia:

"Zuek hasi dezuena
hirurok buka dezagun"

Sarriegi bigarren, Irunen taularatu zuen doinuarekin, han ere erakutsi zuen umorez. Estresagatik lanera joaten ez den baten paperean jarri da. Kalean, poteoan, bere nagusiarekin topo egin du. Ezkutatzera komunera joan da, baina nagusia ere hara, gintonica bota dio, bere izotz eta guzti:

"Ordaintzen duenerako
ez du besterik merezi"

Mendiluze bullying-aren biktima baten gorputzean jarri da.

"Nere bizitzan ez nintzen inoiz
horren bakarrik sentitu"

Iguaran Bertsozale Elkarteko lehendakari Iñaki Muruaren lekuan jarri dela ulertu dugu, aipatu ez duen arren.

"Gehien inporta duena
sarri ikusezina da"

Martin gurasoengandik ezkutatu da etxeko sukaldeko mahai azpian.

"Mahai azpian nago eta garrasika ari dira", bukatu du bertso bat, eta gero "aspaldi uste dut aitak ez duela ama maite".

Agirrek egin du ariketa hori azkenekoz, eta kartzelan izandako burutazioak esplikatu ditu:

"Oholtzara ez nun irten nahi eta
gorde egin naiz kartzelan"

37

$
0
0
BILBO ARTEKO ARTISTAK

Abian da Bilbo Arte fundazioaren beka eskuratu zuten 37 artisten lanekin osatutako Ate irekiak erakusketa. Fundazioko kideen iritziz, Euskal Herrian zein nazioartean egiten den arte garaikidearen adierazgarri dira ikus daitezkeen artelanak. Aukera garrantzitsua da Bilbo Artek eskaintzen duena. Izan ere, erakusketan parte hartu duten artistetako batek 2018an bakarkako erakusketa egiteko aukera erdietsiko du.
Viewing all 13990 articles
Browse latest View live