Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all 13990 articles
Browse latest View live

Goshua gasteiztar erara

$
0
0

inTACTO jaialdia

Konpainiak: Societat Doctor Alonso, Eva Guerrero, Alonso Cortes & La Terribilita. Lekua: Gasteizko Artium museoa. Eguna: Azaroak 25.

Hizkuntza eszeniko berriak dira Gasteizko inTACTO jaialdiaren gaia, eta —gasteiztar goshuaren erara— hainbat geruzarekin eratu da larunbateko egitaraua.

Lehen emanaldia Kataluniako Societat Doctor Alonsori egokitu zaio, eta Anarchy izenburupean, haien estiloko lan sailkaezinetariko bat eskaini digute: aretora sartu garenean aulki guztiak zeuden beteta, bakoitietan gitarra elektriko zuri bana eta bikoitietan haren anplifikadore txikia zeudela. Beraz, nork bere gitarra hartu eta akorde batzuk jotzeari edo hariekin jolasteari ekin dio eszenan zegoen interpretea hitz egiten hasi arte. Jugoslavia ohitik etorria eta Katalunian finkatua den Semolina Tomicek zorutik eta eskortzo jarreran azaldu digu Espainiako gerra zibilean Katalunian gauzatu zen iraultza anarkista, gitarra batzuetatik ausazko soinuak ateratzen ziren bitartean. Bigarren fase batean, idortasun eszenikoa hautsi, bere gorputzeko atal bigunei astindu bortitzak eman eta punk zein hardcore musikak ekarri ditu gogora, sexu eszenak izan ditu irudimenezko lagun batekin, korroskada batzuk bota... eta amaiera aldera konpainiaren ezaugarria den nihilismoaren apoteosira bideratu du bere proposamena, gitarra-kontzertu kolektiboa bezain desafinatua izan dena.

Bigarren saioan dantzaren alorrean sartu gara Euskal Herriko Eva Guerrero konpainiaren eskutik. El fin de las cosas izeneko lan honek bi bertsio dauzka, eta oraingo hau kalerako sortua da, Artiumeko areto batean ikusi dugun arren. Lan honen inguruan artista sendo batzuk bildu ditu Guerrerok, eta haietan nagusia Ana Valles galiziarra dugu dudarik gabe. Orain gutxi El cuello de la jirafa Gazteszenan ikusi dutenek badakite zertaz ari naizen bere dramaturgia-lana aipatzen dudanean. Ainara LeGardonen musika emozionalak ere rol nagusia jokatu du pieza honetan Begoña Diezen jantziekin batera, eta eszenako bikoteak —Garazi Lopez de Armentia eta Aritz Lopez— fintasunez irudikatu du emozioen kudeaketa korapilatsua. Beharbada, keinu psikologiko lar darabilte dantzari biek, baina hori ere estilo baten partetzat jo behar dugu, eta ez dio baliorik kentzen proposamenaren txukuntasunari.

Azkenik, gaualdiko harribitxia etorri da Masacre en Nebraska lanarekin. Alberto Cortes andaluziarra frankizia moduko formula batekin lehorreratu da Gasteizen, eta haren alboan jardun dute Rebeca Carrera eta Andrea Quintana performer zailduek, Gasteizko hamar bat antzerkizalerekin batera. Formula-antzerki deituko diot nik hemendik aurrera formatu horri, eta horrekin deskribatu nahi dut dramaturgia jakin batean edozein hiritako lagunek hiruzpalau egunetan ekarri ditzaketen bizipenak eta kultur adierazpenak txertatu daitezkeela, emanaldi probokatzaile, koral, absurdu eta berritzaile bat sortzeko. Horrela gertatu da kasu honetan ere, eta aretoa leporaino betetzen genuen ikusleok entusiasmoz txalotu ditugu proposamenaren ausardia, umorea, freskura eta apaltasunetik sortutako edertasuna.

Katalunia nagusi, ezinbestean

$
0
0
Errealitateak markatzen dio eguneroko lana Patxi Huarte Zaldieroa marrazkilariari (Faltzes, Nafarroa, 1966). Urteak dira egunero-egunero zinta bat argitaratzen duela BERRIA egunkarian, eta errealitatea aldatuz joan ahala aldatu zaizkio hizpideak sortzaileari. Horren lekuko da De Rerum Natura 7 liburua, azken bi urteotan kazeta honetan eta Noticias taldeko egunkarietako Ortzadar kultura gehigarrian plazaratu dituen zinten bilduma. Ezinbestean, Katalunia bihurtu zaio zazpigarren antologiaren protagonista nagusietako bat. Ez bakarra, hala ere, bere ohiko pertsonaia ugari ageri baitira irudietan, Nafarroako Katebegi Galduak eta Azken Antxoa, kasurako. Elkar argitaletxeak plazaratu du lana.

Duela hamalau urte ekin zion sortzaileak zintak egunero argitaratzeari, eta duela hamabi kaleratu zuen zinta horien lehen antologia. Lan hartatik bilduma berrira sumatu du aldaketarik: «Lehen liburu hura zuri-beltzean zen, eta nire umorea ere diferentea zen, ausartagoa. Orain, ez dakit, pixka bat zen-ago nago, eta islatzen da marrazkietan». Ortzadar gehigarrikoak jarri ditu adibidetzat, horietan umore zuria, «ziria sartu gabekoa» darabilela azalduta. «Lehen lan hura askoz ere punkiagoa zen, eta azken hau oso lasaia da», laburbildu du.

Baina berehala gehitu du: «Tira, Kataluniako gaia ez da batere lasaia». Hain zuzen, zinta askotan agertzen da gaia. «Eta gehiagotan sartuko nuke. Oso engaiatuta nago, ANCko bazkidea naiz, eta asko ateratzen dut, baina gehiago aterako nuke; moztu egiten naiz».

Baina, horrez gainera, askotariko gaiak jaso ditu liburuan. Izan ere, bi urteotan 700 zinta inguru plazaratu ditu, eta horietatik 250 inguru aukeratu ditu libururako. Errefuxiatuen auziari erreferentzia egiten diotenak, euskal egoera politikoari eta errauste plantari buruzkoak, Obama sanferminetan agertzen dutenak, labar artearen aurkikuntzen ingurukoak... zabala da gaitegia.

Twitter, sorkuntza iturri

Eta bere gaitegia are gehiago zabaltzeko aukera Twitterren aurkitu zuen sortzaileak. Hain zuzen, txioen presentzia da lan berriaren beste ezaugarrietako bat, aurreko bilduman ere hainbat ageri ziren arren. Bere buruari erronka jarri zion halako batean, eta, orain, astero ilustratzen du arreta eman dion mezuren bat. «Batzuetan kosta egiten zait; txio onak daude, baina agian ez dira beti marrazteko aproposak». Gogoko du ariketa hala ere, eta Twitterreko «gidoigile asko» ekarri ditu bere zintetara. «Oso polita iruditzen zait; azkenean, egiten ari garen auzolan bat da, normalean euskal kulturan ibiltzen diren euskaldunek egiten dituzten txioak baitira». Azalean eta kontrazalean ageri da horrek liburuan duen presentzia: Twiterreko txoriek airean daramatela ageri da marrazkilaria azalean —inguruan Taliban Jatorra, Yoda, Azken Antxoa eta beste zenbait pertsonaia dituela—, eta txioak idazten, berriz, atzealdean.

Gaitegi zabala, pertsonaia sorta oparoa, sareetako mezuak... Gustura dabil marrazten, baina, hala ere, «oraintxe bertan krisi batean» dagoela aitortu du Huartek. «Txioen mundu hau interesgarria da, baina... ez dakit, agian hau itxi beharko genuke, ea beste zer edo zer agertzen den? Ez dakit...».

ETS taldeak zuzeneko diskoa eta dokumentala kaleratuko ditu

$
0
0

En Tol Sarmiento (ETS) talde arabarrak bosgarren lana prest du: Ametsetan. Aurtengo abuztuaren 6an grabatu zuten zuzenekoa Gasteizko Foruen Plazan. Disko "zintzoa" dela azpimarratu dute gaur taldeko kideek aurkezpenean. Izan ere, azken hamabi urtetako ibilbidea laburbiltzen du lan berriak. "Lan osoa da, taldeak gehien definitzen duen proiektua", azaldu du Iñigo Etxezarreta abeslariak. Hamabi urteren ostean, "gelditu, atzera begiratu eta hausnartzeko" garaia zela esan du. Hala, taldeak bere buruari "omenaldia" eskaintzea erabaki du lan berriarekin, eta zuzenekoa grabatzearekin batera, taldearen istorioa kontatzen duen dokumentala ere egin dute. "Alde positiboak eta negatiboak kontatu nahi izan ditugu, musikaren munduko ikuspegi orokorra izatea garrantzitsua baita guretzat".

Zuzenekoaren CDa, bideoa eta taldeari buruzko 60 minutuko dokumentala abenduaren 6an aurkeztuko dituzte Durangoko azokan. Hortik aurrera, "aro berri bati" ekingo dio ETS taldeak, orain arte egindako musika estiloa ahaztu gabe, baina ezagutzen duten "konfort eremutik" irtenda. "Hamarkada luze baten ziklo bat itxiko dugu, gure ametsei puntu eta jarrai bat emateko".

Mendia dute "gertaleku" Aingeru Epaltzaren 'Mendi-joak' liburuko ipuinek

$
0
0

Mendian edo mendizaletasunean girotu eta oinarrituriko hamar ipuin bildu ditu Aingeru Epaltzak Mendi-joak (Elkar) ipuin liburu berrian. Mendizalea da Epaltza bera, mendizaletasuna "ia obsesiboki" bizi duena. "Hala ere, nik literatura ez dut ulertzen gatazkarik gabe, eta egungo gizartearen arazoak azaltzeko mendizaletasuna egokia dela iruditzen zitzaidan, mendizaletasunaren bidez azal baitaitezke kontsumismoa, elkartasun eza, matxismoa, nagusikeria, enpatia falta...". Mendizaletasuna bera izan liteke "patologia bat", idazlearen hiztetan. "Zaletasuna bihur liteke obsesio. Eta nik ere obsesio hori bizi dut"

Ipuinetako asko kokatu ditu bere mendigune gogokoenetan, Aralar-Malloetan, Nafarroako nahiz Frantziako Pirineoetan, eta Marokoko Atlasetan. Ipuin bakarra kokatu du inoiz egon gabeko mendi batean, Kilimanjaron, hain zuzen ere. Gisa guztietako ipuinak idatzi ditu. Badira nobela txiki baten luzera izan dezaketenak, 50 orri ingurukoak, eta badira 10 orritara iristen ez direnak ere. Lehen pertsonan idatzitakoak, hirugarren pertsonan onduak eta baita bigarren pertsonan osatuak ere. "Beldur nintzen protagonista gehienek nire antza handiegia izango ote zuten, hau da, 60 urte ingurura hurbiltzen ari den gizon batena, zeinak bikotea duen eta guraso den. Horregatik, bestelako pertsonaiak ere eraiki nituen, emakumezkoak eta baita haurren bat ere".

Erdi-Aroan kokaturiko trilogia idatzi ondoren "desintoxikatu" beharra zuen Epaltzak. "Horretarako mendirako joera berreskuratu eta idatzi egin dut. Eta idatzi dut oso bestelako tonuan. Hizkera ere desberdina da".

Hegemoniari aurre egin diote

$
0
0
Artea eta ezagutzaren ekoizpen eta hedapen modu hegemonikoak zalantzan jarri dituzte Nafarroako eta Jorge Oteiza museoetan bisita daitekeen Ni denetan okerrena erakusketan. Teoria kritiko feminista oinarri hartuta diseinatutako erakusketa da. Heldu den otsailaren 4ra bitarte, 24 artistaren lanak ikusi ahal izango dira. Artelan gehienak emakume artistek egindakoak izan arren, Maite Garbaio komisarioak argi utzi du: «Hau ez da, inondik ere, emakume artisten erakusketa bat. Inor bazterrean uzten ez duen erakusketa da». Nafarroako eta Oteiza museoetan ikus daitezkeen artelanez gain, Uharteko Arte Garaikideko Zentroan, datozen asteetan, artea eta pentsamendu kritiko feministan oinarritutako hamaika ekitaldi dituzte programatuak.

Ni denetan okerrena erakusketa ez da epelkerietan erortzen. Errealitatea inolako iragazkirik gabe plazaratzen du. Ez da kasualitatea erakusketaren guneetako bat Iruñean dagoen Nafarroako Museoa izatea. Duela urtebete, Gogoeta/Inflexioa. Emakumeen presentzia Nafarroako Museoan erakusketaren bidez, «autokritika» egin zuten emakume artistei emandako trataeragatik. Museoa 1990. urtean ireki zutenetik 2014. urtera bitarte, 121 erakusketa egin zituzten. Horietatik 19 soilik osatu zituzten emakumezkoak ziren artisten artelanekin. Mercedes Joverrek, museoko zuzendariak, azaldu duenez, egindako autokritika ariketa haren ondorioetako bat da egun ikusgai dagoen erakusketa.

Artelan historiko batekin abiatzen da Nafarroako Museoan ikus daitekeen erakusketa: XVII. mendean, Mexiko kolonialean egindako zuresi gaineko margolanarekin, hain zuzen ere. Garbaioren iritziz, Nafarroako Museoko erakusketako artelanik garrantzitsuenetarikoa da. «Modernitateko ideologia hegemonikoaren adierazlea da, gizon zuri eta europarrarena, alegia». Urte luzez, Gendulaingo kondeen jauregian egon zen, eta, behin berreskuratuta, Nafarroako Museoko sotoan egon da gordeta. Halako «harribitxi bat» erakustearen garrantzia nabarmendu du komisarioak. Izan ere, erakusketan parte hartu duten hainbat artistak, besteak beste, Gentz del Vallek, Amaia Molinetek, Laida Azkonak eta Txalo Tolozak elkarrizketa bat eratu dute euren sorkuntzen eta zuresiaren artean.

Leire Urbeltz artista iruindarrak, berriz, zuresian erdi biluzik ageri diren emakumeen kontrapuntu modura, hiru horma irudi egin ditu. Emakumea eta bere karga da horma irudi horien izenburua. Austin (Texas, AEB) eta Mexiko Hirian egindakoak dira. Bizkarrean daramaten zaku bati tiraka ageri dira, bizi duten errealitate «gogorraren» adierazgarri modura. Benetan harreman «bitxia» sortzen da parez pare jarritako Francis Bartolozziren (1908-2004) Gerrako margoak lanarekin, biek modu oso ezberdinetan helarazten baitute emakumeen «errealitate pisutsu» hori. Garbaio, hain zuzen ere, harrituta dago Bartolozzi askorentzat artista ezezaguna delako. «Horregatik, biltegitik erreskatatu dugu, haren obra ez dagoelako Nafarroako Museoko erakusketa iraunkorrean. Askotan gertatzen den bezala, emakume artisten obrak saihestu edo isildu egiten dira».

Funtsean, zalantzak

Proposamen berri eta zaharren arteko hartu-emanaz harago, komisarioak beste era bateko elkarrizketa modu bat eratu du Nafarroako Museoko artelan historikoen funtsarekin. Neurri batean, bilatzaile lana egitera behartzen du bisitaria. «Museoak eta antzeko instituzioetako ezagutza ofizialean esku hartu dugu, objektuei begiratzeko modu berriak aktibatzeko», azaldu du Garbaiok. Ziurrenik, hori da Iruñeko Alde Zaharreko museoan dagoen proposamenetan urratzaileena. Nerea de Diego artistak Historiaurreko eta Erdi Aroko bildumak eraldatu ditu, besteak beste. Hala, Erdi Arokoak diren objektuak dauden erakusleihoetan, Lourdesko amaren ura gordetzeko kantinplorak jarri ditu; garai hartako objektuak garaikideagoa den herri kulturako objektuekin nahastu ditu. Bisitariari ahalegina egiteko eskatzen dio artistak, bitrinetan distortsioa eragiten duten elementuak zeintzuk diren ebazteko. «Nire lanaren bidez, museoetan egiazkotzat jotzen diren diskurtsoak zalantzan jartzea nahi dut», azaldu du De Diegok. Zenbait kasutan, bilaketa lana nahiko erraza da; besteetan, baina, bisitariak irizpide kritiko garatuagoa izatea ezinbestekoa da, «iruzurra» non den jabetzeko.

Nafarroan ikuspegi feministarekin lan egin duten artisten artean, Txaro Fontalba nabarmendu du Maite Garbaiok. Hala, Fontalbak XX. mende hasierako Marcel Duchampen Iturria lan ikonikoaz 1990eko hamarkadan egindako hainbat interpretazio daude Nafarroako Museoko zenbait tokitan. Interpretazioak anitz dira, pixatokiei eskultura izaera ere aitortzen baitie artistak. «Gizonen mundu pribatuko lanabes hori tramankulu burlatu eta edertu bilakatu dut; hala, zentzu bisexual eta bitarikoa aitortzen diot», dio artistak.

Oteizarenean, etena

Altzuzako Jorge Oteiza museoa da Ni denetan okerrena erakusketaren bigarren egoitza. Erakusketarako espresuki egindako artelan gehienetan, Oteizaren lanaren esperientziak, interes pertsonalak eta sentimenduak kontuan izan dituzte. Lehen egoitzan dauden artelanekin alderatuta, euskarri aldetik askotarikoagoak dira, margolanez gain eskulturak eta bideoak ere badirelako. Hezkuntza estetikoa oinarrizko hezkuntza gisa ulertzen zuen Oteizak, baina baita hegemoniaren kontrako pedagogia modura ere, subjektu kritiko eta konprometituak eratzeko aukera ematen zuela esaten baitzuen.

Iruñeko eta Altzuzako erakusketen lotailu lana egiten du Elba Martinezen Pajaritos serieak. Nafarroako Museoan serie horretako hainbat margolan daude, eta baita Oteiza museoan ere. Naif itxurako marrazkiak dira. Altzuzakoan, esaterako, parez pare jartzen ditu txori horiek, euren artean elkarrizketan ariko balira bezala. «Gozatzeko margotu ditut txoriok. Sufritzen ari nintzela ohartzen banintzen, margotzeari uzten nion», aitortu du artistak. Zenbait margolanetan, gainera, esaldi berbera idazten du, mantra bat balitz bezala: «Gaur txori hau margotu dut zoriontsuago izateko». Martinezek ez du lehen aldia lan horiek erakusten. Hala ere, lana erakusten duen aldiro aldatzen du txorien kokalekua, adierazi nahi duen horren interpretazio berriak posible eginez.

Maddi Barber artistak, berriz, Ametsen egunerokoa lana aurkeztu du. Gauean amestutakoa irudien bitartez azaldu du, eta bisitariaren eskura jarri du. Ikus-entzunezkoen ekoizpen prozesuek denbora «asko» eskatzen dutela eta, prozesu azkarragoen bilaketan egindako lanaren emaitza da sorkuntza hori. «Neure buruari metodologia bat ezarri nion; lehenik amestu, eta, hurrengo egunean, irudien bila joaten nintzen». Metodologia horren emaitza da Altzuzan ikus daitekeen Barberren egunerokoa.

Sarritan arteari egozten zaion perfekzioaren bilaketa «temati» hori zokoratu, eta inperfektuaren izaeraren aldarria egin du Txaro Fontalbak Obecedario (totela) lanean. Oteiza hizketan irudikatzen du, hitz-motela balitz bezala. «Oteizari mihia moztu diot, nolabait, beste hitz egiteko modu bat aldarrikatzeko, inperfektua bezain egiazkoa», Fontalbaren esanetan. Lorea Alfarok, aldiz, Oteizaren gurutze bikoitzak barnean eragiten dionaren inguruan gauzatu du Tu izenburua duen bideo sorkuntza. «Benetan interesatzen zaidana da gauza bat bestearen ondoan jartzean gertatzen dena». Inspirazio iturri izan delako, urte luzez Oteiza museoko biltegian gordeta egon den gurutze bikoitza ere ikusgai dago erakusketan.

Maite Garbaiok gidatutako Ni denetan okerrena proiektuak hirugarren egoitza bat ere badauka: Uharteko Arte Garaikideko Zentroa. Joan den igandera arte, Sorgina naiz, emakume arima erakusketa —Rurru Mipanochiak Laura Gurbindo belar biltzailearekin elkarlanean egindako ikerketa— bisitatu ahal izan da. Etzi, berriz, Laida Azkonaren eta Txalo Tolozaren Hau ez zen sekula Argentina izan proposamena ikusi ahalko da bertan, asteburu osoz. Urtarrilaren 7ra bitarteko asteburuetan egongo da bi artiston elkarlanaren emaitza ezagutzeko aukera.

1.590

$
0
0
CORTADA JAIALDIRA AURKEZTUTAKO FILM LABURRAK

Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta, Cortada film laburren jaialdia egingo da Gasteizen hilaren 28tik abenduaren 2ra arte. Aurtengoa 20. aldia du festibalak, eta 1.590 lan aurkeztu dituzte. Horietatik 66 aukeratu dituzte jaialdian parte hartzeko.

'Gernika' Gernikara eroateko eskatuko du EH Bilduk

$
0
0
ARTEA. Bizkaiko herria suntsitu zuen bonbardaketaren 80. urteurrena bete dela baliatuz, EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztuko du gaur Espainiako Kongresuan, Pablo Picassoren Gernika Gernikara eraman dezaten. Marian Beitialarrangoitia diputatuak egingo du eskaera.

Elirale konpainiako Oihan Indart, Madrilgo bidean

$
0
0
DANTZA. Madrilgo Certamen dantza zentroko Me, Myself & I bakarkako dantza lehiaketaren finalerako hautatu dute Oihan Indart. Ostiral eta larunbat honetan iraganen da. Senpereko Elirale konpainiako dantzariak taldean lantzen ari diren Artha-ren parte bat eramango du hara.

Steve Winwood eta Mavis Staples, BBK Legends jaialdian

$
0
0
MUSIKA. BBK Music Legends jaialdiaren hirugarren ekitaldia 2018ko ekainaren 29an eta 30ean egingo da Sondikan (Bizkaia), eta dagoeneko iragarri dituzte han izango diren bi artista: Steve Winwood eta Mavis Staples. Vinwood, besteak beste, Traffic eta Blind Faith taldeko kide izan da.

Amets baten neurrikoa

$
0
0
«Bazen garaia gelditzeko, atzera begiratzeko eta nora iritsi garen gogoeta egiteko». Azken diskoaren mamia esaldi bakar batean laburbildu du Iñigo Etxezarreta En Tol Sarmiento (ETS) taldearen abeslariak. Hamabi urte joan dira Arabako musika taldea lehen aldiz igo zenetik taula gainera, eta, egindako ibilbideari «gorazarre» egiteko garaia zela jakinda osatu dute azken lana, bosgarrena: Ametsetan (Baga Biga). 2005ean taldea eratu zutenetik, Iñigo Etxezarretak, Ruben Campinunek, Floren Diazek, Ruben Terrerosek eta Javier Lucasek ametsaren bidea eraiki baitute, «hankak lurrean jarrita».

Ametsetan bete egin den ametsa da. Inor gutxik uste zuelako Arabako Errioxaren bihotzean sortutako talde txiki batek hainbesteko arrakasta lortuko zuenik Euskal Herrian. «Amesten gaude, ez genuelako uste honaino iritsiko ginenik», azaldu du Etxezarretak. Hargatik, azken lana desberdina da. Sakonagoa. Osatuagoa. «Taldearen arima hobeto definitzen duena». Ez baita soilik disko bat. Proiektu bat da. Hiru atal dituen proiektu bat: zuzeneko diskoa, zuzenekoaren DVDa eta taldeari buruzko dokumentala. Durangoko Azokan kaleratuko dute lana.

Zuzenekoa aurtengo abuztuaren 6an grabatu zuten Gasteizen, Andre Maria Zuriaren jaietan eskainitako kontzertuan. Argi zuten hamabi urteko lanari merezitako «omenaldia» eskaintzeko modurik egokiena zuzenekoa grabatzea zela. «ETS zuzeneko taldea da. Ez bakarrik hobeto moldatzen garen esparrua delako, baizik eta publiko zabal batekin konektatzeko aukera ematen digulako», dio Etxezarretak. Foru plazan grabatutako kontzertuan azken urteetan «bizi izandako eta ikasitako guztia» islatzen saiatu ziren taldekoak.

Azken hiru diskoetako hogei abestirik onenak bilduta daude diskoan. Gainera, abeslari ezagunen laguntza izan zuten grabazioaren egunean, eta horiek ere jasota geratu dira lanean: besteak beste, Kaotikoko Jony, Betagarriko Iñaki Ortiz de Villalba eta Vendettako Pello Reparaz izan ziren zuzenekoan. Diskoarekin batera, Gasteizko kontzertuaren grabazioa ere kaleratuko dute, «publikoaren aurrean askatzen dugun energia erakusteko».

Diskoek kontatu ezin dutena

«ETSkoak xume hasi ziren musika munduan, xume iraun dute hamabi urteotan, eta xumetasunetik atera dute orain arteko dena», Ritxi Aizpuru Baga Biga diskoetxeko arduradunak azpimarratu duenez. Taldeari buruz egindako dokumentalak ere «umiltasun» hori islatzen du, ikuspuntu «gizatiar» batetik. Taldearen egunerokoa deskribatzen duen ordubeteko filma da, eta musikari bakoitzaren esparru pertsonalean sakontzen du, taldeko partaideen eta hurbilekoen elkarrizketak direla tarteko. «Diskoek eta zuzenekoek kontatu ezin dutena» jasotzen du dokumentalak, Aizpururen esanetan. «Taldearen ikuspuntu orokor bat ematen saiatu gara, bidean izan ditugun oztopo guztiak barne», gaineratu du Etxezarretak.

Eta hemendik aurrera, zer? «Ziklo baten amaiera da hau. Hamarkada luze baten zikloa itxiko dugu, gure ametsei puntu eta jarrai bat emateko». Etxezarretak argi dauka bosgarren lana «mugarria» izan dela ETSren ibilbidean, eta hemendik aurrera «bestelako aro bati» ekin beharko diotela. «Konfort eremutik irteteko garaia da», dio. Horrek ez du esan nahi euren sustraiak ahaztuko dituztenik, baina bai beste bide bati ekingo diotela. «Gure musika estiloan oinarrituko gara, baina bide ezberdin bat jorratuko dugu». Aro berriari heldu aurretik, datozen hilabeteetan azken lana aurkeztuko dute, modu akustikoan.

Beti aldakor, beti bizirik

$
0
0

'Pequeños actos'

Konpainia: Cielo raso. Zuzendaritza: Igor Calonge. Zuzendari laguntzailea: Gabriel F. Argiak: Pedro Fresneda, Raquel Hernandez. Dantzariak: Gorka Gurrutxaga, Nekane Mendizabal, Leire Otamendi, Beñat Urretabizkaia. Lekua: Donostiako Gazteszena aretoa. Eguna: Azaroak 26.

Gazteszena aretoaren moldakortasuna baliatuta eta ohiko besaulkiak kenduta, karratu handi bat marraztu dute argi lerro zuzenek besaulkiek utzitako hutsunean, eta ikusleak eremu hutseko hiru aldetan jesarri dira, boxeo-ring baten inguruan baleude bezala. Lekua hartzen genuen bitartean bi neska zeuden zorutik bueltaka, arpel-harrien antzera, arloa alde batetik bestera zeharkatzen, abiadura geldoan eta mantra kutsuko musika lasai batean bilduta.

Emanaldia benetan hasi denean, beren ibilbide paraleloen abiadura areagotu dute bi neskek, ia paroxismora heldu arte, eta hasiera leundu hori —ez-ikuskizun egoeratik ikuskizun egoerara suabe-suabe eraman gaituena— pieza honen asmatze nagusietarikotzat jo behar dugu, eremu eszenikoaren diseinuarekin batera.

Hortik aurrera, eta izenburuari kasu eginez —Pequeños actos (Egitate txikiak)—, hainbat eszena labur etorri dira bata bestearen atzean, zein baino zein iradokitzaileagoa, donostiar koreografoaren inspirazio oparoari jarraikiz eta lau dantzarien bikaintasun eztabaidaezinean bermatuta. Bide horretatik, aharien modura oldartu dira bi gizonak, alderantzizko V bat eginez, besoak luzatuta eta eskuetatik helduta, eta jarraian uretan baleude bezala aritu dira bi emakumeak, zorutik egindako eboluzio paralelo perfektuek eta ispilu-bolatik irtendako argi-efektuetan murgilduta. Musika, argia, gorputzen eboluzio pausatu eta neurtuak... dena egin zaigu lagungarri eta denak lagundu digu ametsetan bezala egoten.

Calongek berak esku-programan azaldu bezala, «umetan izandako begitazio guztien arteko lotura etengabea, irudimenaren txatal txikiak, ahalmenaren oihalkiak, oroimenaren boterearenak» bilatzen ditu, eta ez da irudi onirikorik falta izan oroimen zatiekin egindako sorkuntza honetan. Haien artean, bereziki ederrak begitandu zaizkigu espazio karratua ausazko mugimenduekin korritu duen mutilaren irudia, neskaren soinekoa haizearen eraginez erantzi deneko eszena eta, nola ez, besaulki tolestuetako horma bertikaletik dantzariek gauzatu dituzten noraezeko ibilbideak.

Une jakin batean, lau txokoka jolasean baleude bezala ibili dira dantzariak, betiere abstrakzioaren eremu emankorretik irten gabe eta haietariko bakoitzak bere pasarte dantzatu pertsonalak burutzen zituela, besteek egindakoekin loturarik logikorik ezarri gabe, horrela eginez gainontzekoen jazarpen dantzatuetatik libratzeko esperantzan. Beharbada horretan datza oroimenaren sorginkeria, eta horregatik erakartzen gaitu dantzaren eta sugarraren itxura errariak. Bata zein bestea harrapaezinak direlako, beti aldakor sugarra, beti bizirik dantza.

'Hegats' aldizkariak poesiari eskaini dio 55. zenbakia

$
0
0
Duela hiru urte, Hegats aldatzea erabaki zuen EIE Euskal Idazleen Elkarteak. Edukiari ez ezik, formari ere garrantzia emateko saioa egin zuen, «irakurlego zabalago bati iritsarazteko asmoz». Liburuxka izateari utzi, eta aldizkari formatua hartu zuen, eta erabaki zuten urtero kide desberdin batek zuzenduko zuela zenbaki berria. Lander Garrok koordinatu zuen aldaketa haren lehen emaitza, Alaine Agirrek bigarrena, eta Felipe Juaristik egin ditu orain editore lanak kaleratu berri duten aldizkarian, 55. zenbakian, hain zuzen. Iñigo Ibañezek landu ditu argazkiak, eta Sardina etxeak diseinua. Gai nagusia, berriz, poesia da oraingoan. Eta horrela, mamiz nahiz edukiz, «ederra» adjektiboarekin definitu zuen aldizkaria Jasone Osoro EIEko lehendakariak atzo, hura aurkezteko Juaristirekin egindako agerraldian.

Osorok berak aldizkariaren hitzaurrean laburbiltzen du zenbaki berriaren ardatza: «Poesia hautatu du Felipek. Olerkariz bete ditu orrialde hauek guztiak, eta ederra da egiaztatzea poesiaren euskal letretan ere badaudela belaunaldi bat baino gehiago». Hain zuzen, askotariko estilo, adin eta ibilbideak dituzten egileak ageri dira aldizkarian. Juaristik azaldu zuenez, hainbat sortzaileri egindako elkarrizketek hartzen dute ale berriaren parte handi bat. Patxi Ezkiagari Pello Otxotekok eginikoa da horietako bat. Beste belaunaldi bateko poeta bat, Luis Garde elkarrizketatu du Uxue Razkinek, eta Juaristik berak Tere Irastortzarekin izandako solasaldia eraman du aldizkarira. Beste hiru elkarrizketa ere badira: Beatriz Txibite eta Garazi Ugalde elkartu ditu Aritz Gorrotxategik solasaldirako, eta Amaia Garciak, berriz, nor bere aldetik elkarrizketatu ditu Itxaro Borda eta Jule Goikoetxea. Euskal poesiagintzaren belaunaldi aniztasunaren argazki bat uzten dute horiek denek. Gazteen belaunaldiari bereziki erreparatuta, ondorio bat ere atera du Juaristik: «Esango nuke momentu honetan euskal poesia halako loraldi batean dagoela».

Hain zuzen, euskal poesiak urteotan izandako bilakaeraz eta gaur egungo egoeraz gogoeta egiten dute, artikulu banatan, Igor Estankonak eta Izaskun Garcia Quintanak. Hainbat egileren izenak tartekatzen dira bi testuetan, hala nola Jon Gerediaga, Joxanton Artze, Bernardo Atxaga, Peru Magdalena, Alaine Agirre, Ione Gorostarzu, Martxel Mariskal, Ekhine Eizagirre eta besterenak.

Horietako hainbaten eta beste zenbait egileren hamazazpi liburu aukeratu ditu Juaristik gomendio gisa edo, eta horietako bakoitzetik esaldi bat nabarmendu du.

Atzerrikoak eta urteurrenak

Nazioarteko zenbait poetaren izenak ere ekarri dituzte aldizkarira. Munduko Poesia Kaierak bildumaren barruan euskarara ekarritako zenbait autore aipatzen ditu, esaterako, Hasier Rekondok bere artikuluan, eta Alfonsina Storni eta haren lana ditu hizpide, halaber, Uxue Alberdik —hark euskaratu zituen hari eskainitako kaierako aleak—. Txema Arinasek, berriz, Primo Leviren poesiagintza aztertu du beste erreportaje batean. Carson McCullers eta haren literatur lanak hartu ditu hizpide, berriz, Itziar Minguezek, idazlea jaio zela ehun urte eta hil zela berrogeita hamar bete direla.

Beste zenbait urteurren ere aintzat hartu dituzte. Hala, Gernika bonbardatu zutenetik 80 urte igaro berri direla, horrek poesian utzitako arrastoak aletu ditu Iratxe Retolazak testu batean. Halaber, Errusiako Iraultzaren mendeurrenean, haren bueltan sortutako literaturaz mintzo dira Joxe Iriarte Bikila eta Hedoi Etxarte, beste bi testutan.

Literaturari lotutako gertakarien urteko errepasoa ere egiten du ale berriak. Halaber, aurten hildako Luis Mari Mujika, Hasier Etxeberria, Marijane Minaberri eta Pierre Xarriton idazleak ere gogora ekarri dituzte aldizkarian.

Mendia, gertaleku eta ispilu

$
0
0
Desintoxikazio pertsonala. Hala definitu du Mendi-joak liburuaren idazketa prozesua Aingeru Epaltzak. «1.000 orrialde inguruko trilogia bat idaztetik nentorren, pertsonaia beraren ingurukoa, eta XVI. eta XVII. mendeetan kokatua. Garai horretara egokitutako hizketa batetik nentorren. Eta terapia behar nuen. Landetxe batera joan beharrean, betidanik izan dudan zaletasun bati are gogo handiagoz ekin nion, mendira joateari. Eta baita idazteari ere». Erresuma eta fedea trilogia osatzen zuten hiru nobelen ondotik —2013an plazaratu zuen Gure Jerusalem galdua hirugarren eta azken alea—, oso bestelako zerbait idazteko grina piztu zitzaion. Eta mendizaletasunari ez ezik, mendian nahiz mendizaletasunean kokatu eta giroturiko narrazioak idazteari ekin zion. Elkar etxearekin plazaratu berri duen Mendi-joak ipuin liburua da emaitza.

Liburuko hamar ipuinek ildo bat dute, hari bat. Edo «giro bat», idazlearen hitzetan. «Mendia eta mendizaletasuna dira giro hori. Euskaraz badira fikzio batzuk giro horretakoak, baina ez gehiegi, kontuan hartuta mendizaletasuna zenbateraino dagoen sustraitua gure artean». Mendizalea da Epaltza, eta zaletasun hori «ia obsesiboki» bizi duela aitortzen du. «Mendizaletasuna bera izan daiteke patologikoa. Zaletasun bat obsesio gisa bizitzea gizartean maiz ikusten dugun gauza da. Niri mendizaletasuna modu literarioan interesatzen zait giza harremanak ispilatzeko balio duen heinean. Nik literatura ez dut ulertzen gatazkarik gabe. Literatura da gatazkaren eremua, gatazka fikzionatuarena, jakina».

Epaltzak mendiari eta mendizaletasunari botatzen dion begiratua ahobiko labana da: «Mendizaletasuna bada gure garaiari, gure mendeari ondo egokitzen zaion zaletasun bat. Abentura nahiari, errutinaren hausteari lotutako zerbait da. Ariketa fisiko eta psikiko bat da, eta, aldi berean, abentura kutsua duen zerbait. Gaur egun, ez goaz Ternuara baleak harrapatzera, baina Txindokira goaz. Eta, igual, ez goaz Euskal Herria tiroka askatzera, baina 90 kilometroko ultratraila egingo dugu hurrengo igandean, eta, gainera, 4.500 metroko desnibel akumulatuarekin. Ez da zehazki gauza bera, baina...», utzi du airean ironiaz jaurtitako baieztapena.

Mendizaletasunak «abentura gogoa» asebetetzeko balio du, neurri batean, «baduelako nolabaiteko epika», baina, era berean, «gure gizartean hain politak ez diren gauzak ere ispilatzen ditu», egilearen ustetan. «Nahi duenak, begirada zorrotz eta zolia duenak, ikusten ahal ditu hain politak ez diren gauza horiek. Mendian ispilatua ikus dezake, adibidez, kontsumismoa. Edo elkartasunik eza. Maiz egiten da mendian dagoen elkartasunaren apologia. Nola utzi zuten gailur bat igo gabe, arriskuan zen beste mendizale bati laguntzeko. Baina hain maiz agertzen ez dena da elkartasunik izaten ez denean. Eta ez dakigu zein den albiste handiagoa. Badago mendizaletasunean nagusikeria ere, eta matxismoa, eta enpatia falta... Azken batez, mundua ez dagoela zuzen antolatua, sarri izaten dugun sentsazio hori ere ikus liteke mendian».

Zorrotz, baina leunago

Irakurleren bat mendiaren mitifikazioaren eta haren ikuspegi gozoaren bila baldin badoa nahastu egingo dela, alegia. Xabier Mendiguren Elizegi Elkar etxeko editorearen hitzetan, «desmitifikatzea eta zaurian hatza sartzea» izan baita Epaltzaren «ezaugarririk funtsezkoena» idazten hasi zenetik. Hala ere, kasu honetan ohikoan baino leunago aritu dela uste du Epaltzak berak: «Agian, ez naiz aritu hain gaizto, errazagoa delako gaizto izatea XVI. mendean kokaturiko nobela batean, eta ez hainbeste gaur egun kokaturiko batean; jende gehiago dagoelako bere burua ispilaturik ikus dezakeena, eta ni neu ere tartean egon naitekeelako ipuin batean ez bada bestean, nahiz eta pixka bat trabestiturik. Neure buruarekin barkaberagoa izaten naiz», dio barre artean.

Istorioak sortzen hasi zenean beldur zen pertsonaia nagusiek idazlearen antz handiegia izango ote zuten, hau da, 60 urtetara hurbiltzen ari den gizonezko bikotekidedun eta gurasoarena: «Horregatik, badira protagonista emakumezkoak eta baita haurren bat ere». Ipuin guztiek dute hitz bakarrez osaturiko izenburu trinkoa bezain iradokitzailea: Ertza, Atea, Sugea, Lokatza, Urratua, Belauna, Olatua, Sukarra, Zorabioa, eta Argazkia. Eta era askotako kontamoldeak erabili ditu. Badira lehenaldian kontatuak, eta baita orainaldian ere. Badira nika ari direnak, hots, lehen pertsonan kontatuak, badira huraka edo hirugarren pertsonan onduak, eta baita zuka edo bigarren pertsonan osatuak ere. Luzeak dira batzuk, 50 orrialde ingurukoak, baina bada baita 10 orritara iristen ez denik ere. Denbora jolasak ere ez dira falta. «Batzuek modu lineal eta kronologikoan egiten dute aurrera; besteak, aldiz, atzera-aurrera dabiltza, eta bada mosaiko modukorik ere».

Gustukoak dituen mendiguneak baliatu ditu ipuinen agertoki gisara: Aralar eta Malloak, Nafarroako nahiz Frantziako Pirinioak, Marokoko Atlasak... Ezagutzen ez duen mendigune bakarra, Kilimanjarokoa da. «Ipuin hori ontzeko google edo bertan izandako lagunen informazioa erabili dut». Ezagutzen dituen mendiguneak ere utzi ditu sartzeke, Andeak edo Alpeak, adibidez. Gehienetan paisaia «atze-oihal eta gertaleku huts» izan da. «Istorioak gerta zitezkeen beste edozein lekutan ere, baina nik mendira ekarri ditut, eta, zenbaitetan, paisaiak berak ere ekarri du istorioa». Mendia, gertaleku eta ispilu.

Arantxa Iturbek 29 narrazio "bizkor" bildu ditu 'Honetara ezkero' ipuin bilduman

$
0
0

Urtearen hasieran plazaratu zuen Arantxa Iturbe idazle eta irrati esatariak Koadernoa zuri nobela -lehenago antzerki testu eta antzezlan izan zen lana-. Orain, berriz, ipuingintzari heldu dio Susa etxearekin argitaratu berri duen Honetara ezkero lanean. 29 narrazio dira. Neurriz laburrak diren arren, Gorka Arrese editoreak nahiago du "ipuin bizkorrak" direla esatea. "Arantxaren estiloak lengoaia ekonomia darabill, batetik, eta, bestetik, zentzu bat baino gehiago emateko ateak zabaltzen ditu". Honela dio liburuaren kontrazalak: "...ipuin maleziatsu hauetan ere ustekabeko asko izango dira, pertsonaiak eta gertakariak katramilatzen ikusiko dituzu isilpekoen kariaz, oker ulertuak bezainbat ager litezke susmoak. Umorezkoak batzuetan, gaiztoak sarritan".

Gaur goizean aurkeztu du liburua, Donostian, Iturbek, eta nabarmendu du "editorearen eskariz" ipuinen bat "gehixeago luzatu" duen arren batez ere istorioak "kimatu" egin dituela, "esentzia minimora" eraman. "Hats laburrekoa naiz idazketan", esan du. 29 istorioek hitz bakarreko izenburu iradokitzailea dute. Potroak du izenburutzat lehenak, eta Etorkizuna azkenak. Eta tartean, Profanazioa, Sektretua, Terapia, Ezpainak, Galdera, Haizagailua eta Izenordainak, besteak beste. Ipuin guztiek hartu-emanak dituzte ardatz, gizon eta emakumeen artekoak batez ere, "baina ez beti eta ez bakarrik". Eta inkomunikazioak, gaizki ulertuek eta susmoek zeharkatzen dituzte istorioak. "Esan gabekoek, isilik gordetakoek, erdizka adierazitakoek" ere lekua dute liburuan, eta "irakurleari ere badagokio esaten ez den hori betetzea".

EOSeko langileek beren eskaerak gizarteratzeko asmoa agertu dute

$
0
0
MUSIKA. Euskadiko Orkestra Sinfonikoko (EOS) langileek beren eskaerak orkestrako abonatuen artean «gizarteratzeko» asmoa dute. Bihar hasiko du EOSek denboraldiko hirugarren programa Donostian, eta, ELAk azaldu duenez, kontzertu horietan beren egoeraren berri emango dute. Kontzertuotan Miren Urbieta-Vega soprano donostiarra izango da protagonista nagusia.

Musika Bulegoa sariak jaso dituzte Ordorikak, Lazkanok eta Setienek

$
0
0
MUSIKA. Musika Bulegoa sariak banatzeko ekitaldia egin zuten atzo arratsaldean, Donostian, Musikeneren egoitzan. Jakina zen bezala, Ramon Lazkanoren zuzeneko lanak (Festival d'Automne a Paris-Portrait), Zuhainpeko soinua ikuskizunak, eta Elena Setien (Dreaming of Earthly Things), Juan Ortiz (Winter Tales) eta Ruper Ordorikaren (Guria ostatuan) diskoek jaso zituzten sariak. Etxepare euskal institutuko Musika Saria, berriz, Berri Txarrak taldearentzat izan zen.

Ez diote hesirik jarri nahi sormenari

$
0
0
Bi urte joan dira Tenpora taldeak Mundu berria diskoa kaleratu zuenetik, eta «atzo izan balitz bezala» gogoratzen dute Itsaso Etxebestek eta Elene Arandiak. Etxebeste baxu jotzaileak, Arandia abeslariak, Juantxo Zeberio Etxetxipiak (pianoa), Beñat Barandiaranek (gitarra elektrikoa) eta Hasier Oleagak (bateria) osatzen dute taldea. Duela hilabete atera zuten Itzulika diskoa, hamar kanturekin osatua.

Lehenengo lan hartatik bigarrenera «eboluzio bat» egon dela uste du Etxebestek. «Gure artean gehiago ezagutzen dugu elkar, eta horri esker, hain zuzen ere, disko hau helduagoa da». Azaldu duenez, urtebete eman dute kantuak prestatzen, eta entsegu ordu gehiago ditu. Emaitza «gardena» dela dio Arandiak: «Lokalean sartzen garenean, lehenengo kolpean abesti bakoitzak sortzen diguna esaten dugu bakoitzak, eta horri eusten saiatzen gara, ahal den neurrian».

«Askeago» sentitu dira disko berriarekin, Arandiaren arabera. Sormenari hesirik ez jartzen saiatu direla. «Gauzak probatzeko konfiantza handiagoa sentitu dugu: elkar gehiago ezagutzen dugu, eta, gainera, kritikoak gara gure artean». Musikan ibilbide luzea egina dute taldekideek, eta bakoitzak bere estiloa dauka: azaldu dutenez, horrek eragina izaten du abestiak osatzeko orduan. «Abestiaren arabera, bati edo besteari eskatzen diogu gehiago eragin dezala beretik, atera dezala gehiago barruan daukan horretatik», azaldu du abeslariak.

Badira aurreko diskoan egin gisara mantendu dituzten zenbait kontu. Mundu berria lanean bezala, Zeberiok sortu ditu abestiak, eta, gero, taldean osatu dituzte. Bi abestiren hitzak hark eginak dira, Barandiaranenak dira Berandu da abestikoak, eta gainerakoak Harkaitz Cano eta Karlos Linazasoro idazleek onduak dira, aurreko diskoan bezala. Haiekin lan egitea «gozamena» dela nabarmendu du Zeberiok: «Gertatu izan zaigu haiei abestiak pasatzea, ezer gehiago esan gabe, eta guk buruan geneukanaren ildotik joatea haiek». Horrez gain, bertsio bat ere sartu dute diskoan, kasu honetan, Imanol Larzabalen Zure tristura abestiarena.

Errefuxiatuak gogoan

Aske sentitu dira disko berrian, eta are askeago sentitzen dira zuzenekoetan, Etxebesteren arabera. «Momentuko energiarekin beste zerbait sortzen da, eta jendeari gehiago iristen zaizkio kantuak: abesti bat ez dugu beti berdin jotzen, momentuak eraman gaitzan uzten dugu». Grabatu ere, taldean grabatu ohi dituzte kantuak, eta horri gehitzen zaio gero «zuzeneko magia».

Esan izan diete abesti berriak «tristeak» direla, baina ez dago ados Etxebeste: «Diskoa entzuteko momentuak daude». Arandiaren ustez, abesti bakoitzean «momentu» ugari egon daitezke: «Abesti bat has daiteke modu batera, baina, aurrera doan heinean, beste leku batera eramaten zaitu: horren adibide da, esaterako, Egunero hasten delako».

«Betiko gaiekin» itzulika aritu direla diote, baina badira hiru kantu lotuta daudenak, aktualitateari estu lotuak. Azken hirurak dira, Lesbos, Lampedusa eta Argiak itzali izenekoak. Zeberiok azaldu duenez, iazko udan egindakoak dira lehenengo biak, hain zuzen ere, errefuxiatuen krisia bete-betean zenean: «Bihotza eskuetara erortzen zaizun egoera horietako bat zen niretzat». Argiak itzali, berriz, Donostiako Udalaren eskariz egina zuen, frankistak Donostiara sartu ziren 80. urteurreneko ekitaldi baterako. Hasieran ez zuen diskoan sartzeko asmorik, beste biekin zuen loturaz konturatu zen arte. «Gaur egun, errefuxiatuak eguneroko bitxikeria bihurtu dira, eta duela 80 urte gu izan ginen errefuxiatuak, gerra batetik ihesi. Garai batean, nazioarteak bizkarra eman zigun, eta nire irudipena da orain gu berdintsu ari garela egiten».

Etxebestek azaldu duenez, «pisu handia» dute bai hitzek bai musikak taldearentzat: «Batekin zein bestearekin zerbait kontatu nahi dugu». Horren harira, kantuek, itxuraz lasaiak izan arren, hitz kritikoak dituzte. Horren adibide da Munduko hiritar, esaterako. Hala dio zati batean: «Munduko hiritar izatea da nire amets/ baina nik ez dakit nola egiten den amets, amets/ garaile kolorez jantzi, nonahiko izan, irribarrez/ hizkuntza txikien ele isilen hatsa entzun gabe».

Elkartasunaren hogei aurpegi pantailara eraman dituzte

$
0
0
Hatortxu Rock jaialdia 1999an sortu zen, sakabanaketa politika salatzeko, eta presoen senide eta lagunei gastuei aurre egiten laguntzeko. Uztailean 20. ekitaldia egin zuten: lau eguneko jaialdia egin zuten, Lakuntzan (Nafarroa), 85 talde, sei agertoki eta milaka lagunekin. 6.000 boluntarioren laguntzari esker atera zuten aurrera; Euskal Herrian inoiz egin den jaialdi solidariorik handiena izan zen.

Elkartasunaren eta auzolanaren ideiak oinarri hartuta, Elkarrekin edozer dugu posible izeneko dokumentala sortu du Iñaki Alforja zuzendari iruindarrak. Festan hainbat modutara parte hartu zuten hogei lagunen istorioak bildu ditu ordu bat eta hogei minutu irauten duen filmean.

Hatortxu Rock jaialdiari buruzko «making of-aren ideia alde batera utzi», eta festa posible egin zuten pertsonak erdigunean jartzea izan du helburu Alforjak: «Hatortxu nola egiten den erakusten duten bideo anitz daude; honekin, ordea, beste gauza bat nahi genuen: film bat egin nahi genuen, auzolanari buruzko istorio bat. Lau eguneko jaialdi bat erakusten du, baina ez da kontzerturik agertzen».

Horretarako, boluntario guztiak ordezkatuko zituzten lagunak bilatu zituzten: adin, jatorri eta genero ezberdinetakoak; ikasle bat, abokatu bat, igeltsero bat, erretiratu bat, musika irakasle bat... «Jaialdi honen helburua da sakabanaketa salatzea eta horren kalteak pairatzen dituztenei laguntzea; horregatik, soslai askotako pertsonak bilatu genituen, sakabanaketak edonori egin baitiezaioke kalte», azaldu du zuzendariak.

Horien artean daude Ander soinu eta argi teknikaria, Amaia Izko abokatua, Mohamadu Saharan jaiotako euskalduna, Maider preso ohia, Peio Reparaz musikaria, Oihane musika irakaslea eta Patxi Xabier Razkin Lakuntzako alkatea, besteak beste.

Alforjak, dokumentala egiteko eskaera jaso zuenean, protagonistak bilatzeari ekin zion. Hainbat pertsonari proposatu zien filmean agertzea, eta erantzun gehienak baiezkoak izan ziren; zenbaitek, ordea, eskaera ukatu zuten: «Ez ziren eroso sentitzen kameraren aurrean, haien intimitatean sartuko ginelako», azaldu du.

Dokumentalean beren bizitza erakutsi dutenekin eskertuta azaldu da, eta adibide jakin bat azpimarratu du, Endika eta Amaia bikotearena: «Endika Hatortxu Rockeko antolakuntzan aritzen da, buru-belarri, eta Amaiak seme-alaben eta etxearen ardura hartzen du. Bada, dokumentalean adierazi nahi izan dugu Amaia ere jaialdiaren antolaketaren parte dela. Horretarako, beren bizitza eta intimitatea erakutsi behar izan dute».

Urtebeteko lana

Xochtil Karasatorre euskal preso baten alabaren testigantzarekin hasten da filma. Sakabanaketaren ondorioz pairatzen dituen kalteak azaltzen ditu: astero Albocassereraino (Herrialde Katalanak) joatea, asteburuak errepidean igarotzea eta bidaietako arriskua jasatea.

Bestalde, dokumentalean Hatortxu Rocken antolatzaileek jaialdiaren aurreko hilabeteetan egindako lana azaltzen da: borondatezko lanaldi luzeak, bidaiak, Lakuntzako herritarren prestutasuna... Jaialdiaren aurreko egunetako lan intentsiboa eta irekiera unea ere erakusten ditu: lorik gabeko gauak, telefono deiak, urduritasuna, bilerak eta azken orduko erabakiak, besteak beste.

Orain dela urte bat hasi ziren grabaketa lanetan, festibalaren lehenengo aurkezpenekin batera. «Lakuntzako zelaia hutsik zegoen unetik grabatu genuen, 20. Hatortxu Rock lau egun horiek baino askoz gehiago izan zelako», adierazi du zuzendariak. Harentzat, lanik zailena koordinazioa izan da: «Oso lan luzea izan da, eta pertsona guztien erritmoak eta agendak bateratu behar izan ditugu».

Ekoizpen prozesuan asko gozatu duela adierazi du Alforjak, eta pozik dagoela hainbeste lagun ezagutu izanaz; baina bere gain ardura handia duela gaineratu du: «Egindako lana aurkezteko gogoa dut, baina urduri nago; protagonista batzuen bizitzak erakutsiko ditugulako, eta horrek haiekiko erantzukizuna ematen digulako. Gurekin eskuzabaltasun izugarria izan dute, eta orain emandakoa itzuli nahi diegu».

Jaialdiko argazki bilduma

Dokumentalaz gain, 20. Hatortxu Rockeko irudiak bildu dituzte Elkartasuna, eskuz esku argazki liburuan. Jaialdiaren aurreko asteetan, festaren egunetan eta desmuntatzeko egunetan euren alea jarri zuten milaka lagunak omendu nahi izan dituzte. «Kultura du aldarrikapen esparru Hatortxu Rockek. Euskal errepresaliatu politikoen eta haien senideen eskubideen defentsa eta sakabanaketaren salaketa. Normalean, musikaren bitartez jaialdi bat antolatuz. Aurten, 20. Hatortxu Rockek hartutako pisua ikusita, beste ate batzuk ere jo ditugu», adierazi dute ekoizleek.

Gari Garaialde, Ander Gillenea, Josu Trueba, Saioa Cabañas Gauilunak, Ibai Arrieta, Eider Iturriaga, Amaia Oca, Zuriñe Alava, Fermin Bidaurre eta Dabid Sanchez argazkilariek egindako 200 argazki bildu dituzte, 150 orriko liburu batean. Diseinu lana Oiartso Los Arcosek egin du, eta Aitor Agirrezabal antolakuntzako kideak idatzi du hitzaurrea.

Gaur aurkeztuko dute, dokumentalarekin batera, Golem Baiona zinema aretoetan, 20:00etan. Bata zein bestea Durangoko Azokan izango dira eskuragai.

Beste mundu ilun horietan

$
0
0
Ikus-entzunezkoen arloan egin izan du lan batez ere John Anduezak (Oregon, AEBak, 1966), baina letren mundua ere ez zaio arrotza. Zuzendari eta aurkezle ez ezik, gidoigile ere aritu izan da telebistarako nahiz zinemarako hainbat proiektutan, eta gaztetatik idatzi izan du. Gazte literaturako hainbat lanez gain, helduentzako lehen nobela duela hiru urte eman zuen argitara: Prime-time (Elkar, 2014). Genero beltza jorratu zuen orduko hartan, baina are beltzagoa da bere lan berria: Danba! izenburupean plazaratu du eleberria, Elkar argitaletxearekin.

Paula Badiola da kontakizuneko protagonista. Abokatua da, eta Bilbon bizi da, alaba nerabearekin. Lana eta alaba dira bere mundua, eta soseguz bizi da, baina, halako batean, gogoz kontra, defendatu beharreko kasu bat etorriko zaio, eta, orduan, «bere hiri berean, paraleloan, berak ezagutzen ez duen mundu ilun bat badagoela deskubrituko du, non drogak, prostituzioa eta krimenak dauden», Xabier Mendiguren editoreak azaldu duenez. Horrek bere bizitza lasaia zipriztinduko du.

Nobela beltzetan, sarri polizia bat edo detektibe bat izaten dira protagonista. Abokatu bat jarri du, ordea, ikerketa gidatzen Anduezak. «Zigor arlokoa da, baina eguneroko delituekin ibiltzen da, eta sekula ez zaio halako kasu bat egokitu». Bizitzak jarriko du ataka horretan, arazo «potolo» batean sartuta dagoen gazte bat defendatu beharko duelako. «Gazte horrek azalduko dio Bilboko alde ilun horretan zer-nolako istorio gogorrak gerta daitezkeen». Nahiz eta gauzak oso muturrera eraman dituen, istorio sinesgarria sortzea izan da Anduezaren tema, eta abokatuaren lanak hori ahalbidetuko ziola pentsatu zuen.

Istorioa Paula Badiolarekin hasi eta bukatzen den arren, beste hiru pertsonaiaren bidez ere garatzen da mamia, idazleak zehaztu duenez: Luki, Talan eta Yul dira hirukote hori osatzen dutenak. «Bilbon gaztetan ezagutu, eta gutxika-gutxika oso putzu itsusietan sartzen hasiko dira, hasieran nahi gabe, eta, une jakin batetik aurrera, eskuetatik joango zaielako».

Droga trafikoa eta beste hainbat putzu ilun joango dira agertuz kontakizunean, istorio gogor bat osatzeraino. «Ahalegin bat dago istorio garaikide bat egiteko, gaur egungo errealitatean oso sustraituta dagoena, gogorra eta broma gutxikoa». Liburuaren hasieran kontatzen denez, emakume baten gorpua topatuko dute Bilbon. «Eta ez da bakarra izango», aurreratu du idazleak. Hala, putzu ilun horiez hitz egiteko, tonuak ere beltza izan behar zuela garbi izan zuen Anduezak. «Lehen momentutik oso argi izan dut nobela gogor bat idatzi nahi nuela. Aurreko lanetan, baita Prime-time-n ere nahiz eta nobela beltza izan, beti saiatu izan naiz umorea sartzen. Baina kasu honetan erabaki nuen ez zela umorerik batere egongo; liburu osoan ez da zipitzik ere agertzen. Alde horretatik gogorra da, beltza izan nahi du».

Film bat abiapuntu

Istorioaren abiapuntua «duela urte asko» sortu zitzaiola azaldu du Anduezak, film batetik sortu ere. Michael Cimino zinemagilearen The Deer Hunter ikusi zuen aspaldi, non, Vietnamgo gerraren testuinguruan, protagonista heroinaren bidetik mundu ilun batean hondoratuz joaten den. Eszena batzuk iltzatuta geratu zitzaizkion idazleari. «Eta ziur asko hainbeste markatu ninduten, urte batzuetara ipuin bat idatzi nuen, Belaunaldi kronikoa izeneko istorio laburra. Baina hantxe geratu zen ipuin hura, tiradera batean ezkutatuta, pentsatzen nuelako tiraka hasiz gero agian ipuin bat baino zerbait gehiago egiteko aukera banuela harekin».

Tarte bat igarota istorioari berriro helduko ziola pentsatu zuen orduan; azkenean, 28 urte pasatu direnean egin dio tira hariari, nobela bihurtzeraino.

Kilimatuak ez, kimatuak

$
0
0
Aitortzen du oraintsu arte uste izan duela kontakizun laburrak idazteak ez zuela luzeak idazteak baino zailtasun handiagorik. «Benetan pentsatu izan dut ez badut luzeago idatzi izan, kapazitate faltagatik izan dela. Honetara ezkero, ez nago hain seguru. Iruditzen zait lan handiagoa eskatzen duela mozteak, motzean asko esan nahiak, jario farragoso batean sartzeak baino. Ni arnasa laburrekoa naiz zentzu horretan, eta irakurle gisa ere oso erakargarria zait hitz gutxirekin esandakoa ulertzeko modukoa izatea». 29 narrazio labur bildu ditu Arantxa Iturbek plazaratu berri duen Honetara ezkero ipuin liburuan. Bizpahiru orrialdekoak dira gehienak; bakan batzuk baino ez dira neurri horretatik gorakoak.

Susa argitaletxearekin kaleratu du liburua, eta, bertako editore Gorka Arreseren hitzetan, «ez dira ipuin laburrak; ipuin bizkorrak dira». Ingelesezko short story edo gaztelaniazko cuento corto izendapenak ez zaizkio ondo egokitzen Iturberen estiloari, Arreseren aburuz. «Traizioa egiten diote bere estiloari. Ipuin hauek, batez ere, bizkorrak dira. Estilo bizkorra da lengoaiaren ekonomian, eta bizkorra da zentzu bat baino gehiago emateko ateak zabaltzen dituelako».

Iturbek «lore definizio» gisa hartzen du ipuin bizkorrak izatearena, baina abisu egin du bere ipuinetan ez dela lorerik, ezta naturaren arrastorik ere ia. «Ipuin bakar batean agertzen da baratzea, eta hura sekretu baten ezkutaleku delako, ez beste ezergatik. Nire istorioetako belar txarrak eta anabasak, lau hormen artean kokatzen dira denak». Ordea, egilearen ustez, bere idazketa prozesuak badu natura zaintzarekin parekotasunik, bere jarduera bonsaizalearenarekin alderatzen baitu. «Ipuinok ez ditut ureztatu, ez ditut argiztatu. Ez diet ongarririk bota. Ez ditut mimatu, ez ditut kilimatu. Kimatu egin ditut. Ez diet arnasarik hartzen utzi. Ez diet nahi edo behar zuten bidea egiten utzi». Berak ere ez du arnasarik hartu ia, istorioak nahi zuen formetara eta neurrietara ekarri arte. «Horretarako sustraiak kiribildu behar banizkien, batere barkaziorik gabe kiribildu dizkiet. Eta korapilatu. Adaxkak luzatzeko arriskuan sumatzen banituen, beldurrik gabe kimatu egin dizkiet». Eta horregatik eman dute «fruitu txikia, txiki-txikia». Hain kontzentratuak neurrian, ezen «bonsai ipuinak» deitzen baitie Iturbek berak: «Bonsaiek asko sufritzen dute bere garapenean, eta nik uste dut ipuin hauek majo sufritutakoak direla. Eta aitortu egin beharko dut, ikaragarri gozatu dut ipuinoi sufriarazten. Ipuinen formaz eta neurriaz ari naiz. Eta hitzen kopuruaz; bakarrarekin esan litekeen esaldia birekin ez osatzeaz. Eta iruditzen zait halaxe bakarrik konta nezakeela kontatzen dudana».

Inkomunikazioa

Eta kontatzen duenaren muina pertsonen arteko harremanek osatzen dute. «Harremanetako inkomunikazioa ageri da. Gaizki ulertuak. Zer esaten dugun eta zer isildu. Eta zergatik». Batez ere «gizonen eta emakumeen» arteko harremanez ari da, «baina ez beti, eta ez bakarrik». Badira adiskidetasun harremanak, lankideen artekoak, eta hala ere adiskide direnen artekoak, familiako belaunaldien artekoak... baina funtsean, eta sakon-sakonean, «hartu-emanak denak». 29 ipuinetako gehienek, «baina ez denek», emakumeak dituzte protagonistatzat: «Batzuetan, dezentetan, zehaztu gabe doa protagonista edo narratzailea andre edo gizon den. Ze, kimatzen hasita, kimatu ditut haien izenak ere. Ipuin gehienen protagonistek ez dute izenik ere. Protagonistak dira zu, ni, haiek, gu, edadeko emakumeak. Baina baita edaderik gabeko protagonistak ere. Harremanetarako ez da adinik, baina harremanek berek badute adina. Harremanak urteak bete ahala herdoilduz joaten dira. Batzuetan, urteak bete gabe ere, herdoilduta jaiotzen dira, ordea».

Ipuin guztiek hitz bakarra dute izenburu, eta «apropos» dute hitz bakarra, «batzuetan ipuinaren muina seinalatzeko, eta besteetan fokua desbideratzeko». Potroak du izenburutzat lehenak, eta Etorkizuna azkenak. Eta tartean, Profanazioa, Sekretua, Terapia, Ezpainak, Galdera, Haizagailua eta Izenordainak, besteak beste. Istorioetako bakar batek ere ez du liburuari izenburu ematen dion izen bera: ez dago Honetara ezkero izenekorik. «Baina batean aipatzen dut honetara ezkero, esplizituki, eta badu liburu osoaren izpiritua biltzeko helburua».

Lankide, «akuilu eta makulu» duen Nekane Peñagarikanori zor dio liburuaren izenburuaren zergatia. Honela esan omen zion behin hizketan ari zirela: «Bizitzan bi aukera ditugu: honetara ezkero edo hemendik aurrera». Liburuko pertsonaia gehienak egoera horretan daude, honetara ezkero horretan. «Behin honetara iritsita, atzera bueltarik gabeko egoera honetan zerbait egitea, edo zerbait aldatzea, erabat antzu eta alferrikako balitz bezala. Pertsonaiei kosta egingo zaie daudenetik irtetea, besteak beste, honetara ezkero ohitu direlako. Erresignatu direlako. Horrek badu zerikusia errutinarekin, seguru sentitzearekin, konfortean bertan goxo geratzearekin, ezagutzen ez zaionari beldur izatearekin».

Laburrean zorrotz, «eta zorrotzean umorez» idatzi ditu istorioak Iturbek, Arreseren hitzetan. «Zati bat kontatzen du, baina kontatu gabekoa ere eraikitzen du. Idatzi gabekoak intuitu egiten dira, idatzitakoaren azpian doaz, eta hori irakurleak bete behar du». Iturbe ados da: «Batzuetan, hitz bakarrarekin, gauza asko kontatzen da. Zertarako jarriko duzu paragrafo oso bat, hitz bakarrarekin ulertarazi baduzu. Ez dakit zergatik egiten dudan horrela, baina horrela egin dut, horrela egiten dut eta poz-pozik nago».

Urteak ziren Arantxa Iturbek narrazioz osaturiko libururik argitaratzen ez zuela. 2006koa du Kontu-jaten (Alberdania), adineko hainbat emakumeren testigantzak biltzen dituen liburua. Aurten bertan plazaratu du, berriz, Koadernoa zuri (Elkar), jatorrian antzerkirako zen testua nobela bilakatuta.

Viewing all 13990 articles
Browse latest View live