Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Zinemagile berrien habia

$
0
0
Habia bat balitz bezala, Donostiako Tabakaleran ari dira bost zinemagile euren proiektuak su txikitan egosten, mantso-mantso, babesean. Donostia 2016k, Donostiako Zinemaldiak eta Tabakalerak elkarlanean bultzatutako Ikusmira Berriak programari esker, sei asteko egonaldia egiten ari dira kultur zentroan Leo Calice, Mikel Gurrea, Aitor Merino, Amaia Merino eta Kiro Russo zuzendari gazteak. Abuztuaren 15ean hasi zuten egonaldia, eta irailaren 25era bitartean izango dira, lau filmari —proiektu berean ari dira lanean Merino anai-arrebak— itxura ematen.

Tarte horretan, zinema munduko arlo askotako profesionalen irakasgai magistralak eta aholkularitza saioak jasoko dituzte, egitasmoen jarraipena egiteko. Egonaldiaren bosgarren astean, gainera, Donostiako Zinemaldiko pitching batean parte hartzeko aukera izango dute: esku artean dituzten proiektuen aurkezpen laburra egin beharko dute, lana ekoitzi eta banatzeko prest egon daitezkeen ekoiztetxe, telebista kate eta bestelako ordezkarien aurrean. Iaz, adibidez, mundu osoko 1. 496 kreditatu egon ziren Zinemaldiko industria arloan.

Atzo hedabideen aurrera agertu ziren bost zuzendariak, orain arteko esperientziaren berri emateko. Haiekin ziren programako hautaketa batzordean aritutako Paz Lazaro, Berlingo zinemaldiko Panorama saileko programazio-zuzendaria, Ada Salomon, zinema ekoizlea eta Hifilm Productions ekoiztetxeko sortzailea, eta Sergio Oksman, Brasilgo zinemagilea eta Dok Films ekoiztetxeko arduraduna. Egonaldian parte hartzeko aurkeztutako 33 proiektuen artean aukeraketa egin zuten hirurek, eta, orain, hautatutako zinemagileentzako aholkularitza lanetan dihardute.

Salomonek egonaldiak ingurutik bakartzeko eta proiektuetan zentratzeko eskaintzen duen aukera nabarmendu zuen atzoko aurkezpenean: «Programa hau opari bat da edozein artistarentzat. Patxadaz ikertzeko, eta sortzeko aukera bat da, etxetik eta egunerokoaren betebeharretatik urrun, ingurune zoragarri batean». Alde horretatik, «egun batzuetan haurtxoarekin bakarrik egoteko» aukera nabarmendu zuen Salomonek, film baten eta haur txiki baten arteko konparazioa eginez.

Lau proiektu ezberdin

Salomonen bidetik, film egitasmoan arreta jartzeko aukera nabarmendu zuen Leo Calice zuzendari austriarrak ere. Azaldu zuenez, «denbora eta espazioa» behar izaten du mamitzeko bidean den proiektu batek, eta huraxe topatu du berak Ikusmira Berriak programako egonaldian. Gainera, aholkulari gisara ondoan dituzten profesionalen «begirada freskoa» goratu zuen, eta programak «alor estetiko zein teknikoen inguruan» gogoetatzeko ematen duen aukera nabarmendu. Calipatria izeneko animazioko dokumental laburra prestatzen ari da Calice. Kaliforniako (AEB) izen bereko kartzelan preso bizi den gizon baten istorioaz mintzo da filma.

Mikel Gurrea euskal zuzendariak «askatasuna» eta «erantzukizuna» izan zituen hizpide, atzoko agerraldian. Proiektua sortu eta «hizkuntza berri bat» bilatzeko askatasunaz mintzatu zen, baita proiektuen inguruan «gogoeta partekatua» egiteko aukeraz ere. Era berean, edonola, pitching-a egin behar izateak dakarren erantzukizuna nabarmendu zuen. Eta bien arteko talkatik, ondorioa: «Bi gauza horien artean sentitzen dut indarra proiektuak pauso bat eman dezan. Hori sorkuntzaren munduan oso garrantzitsua da, egitura moduko bat ematen duelako, oso desegituratua izan daitekeen mundu batean». Suro izeneko fikzio fil luzea prestatzen ari da bera. Kataluniako masia batera bizitzera doan bikote baten inguruko istorioa da, eta arraza tirabirak ditu hizpide.

Aitor eta Amaia Merino euskal zinemagileek esku artean duten Fantasia filmak gurasoekin iaz egindako bidaia «idilikoa» du abiapuntu. Hortik aurrera, «maitasunaren inguruan esploratzeko» baliatu nahi dute pelikula, eta, bide batez, jasotako maitasuna gurasoei «itzultzeko». Gai hori lantzeko eta transmititzeko bideak bilatzen ari dira Tabakalerako egonaldian, eta pozik mintzo dira esperientziaren harira.

Kiro Russo Boliviako zuzendariak, azkenik, Ikusmira Berriak programak berrikuntzarako egiten duen apustua azpimarratu zuen atzoko agerraldian. «Ez da bakarrik zinema berria laguntzen duela; lengoaia modu berriak ere laguntzen ditu». Eta balioa eman zion horri, egungo panorama ikusita: «Gauzak kontatzeko modu bakarra bihurtzen ari da zinema». Loba izeneko film luzea prestatzen ari da Russo, bi istorio uztartzen dituen lana: «Batak dokumentala esploratuko du; besteak, beldurrezko zinema».

Iazko esperientziaren ostean, bigarren aldiz egin dute Ikusmira Berriak programa, aurten. Iazko egonaldiak eman zituen bere fruituak, eta han ibilitako Pablo Alvarez txiletarrak horren ondorio den El extraño filma aurkeztuko du aurten Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean. Habiatik salto egin du proiektuak.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik