Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Umorez, XXI. mendeko gaitzez

$
0
0
Kalera sakelako telefonorik gabe ateratzen bazarete, urduri jartzen al zarete? Bateria bukatzeak egonezina eragiten al dizue? Mezuak etengabe begiratzen al dituzue? Halako galderak egiten dizkiete Sarean kateatuak antzezlaneko hiru aktoreek ikusleei, eta orain arteko emanaldietan behintzat gehienek baietz erantzun dutela baieztatu dute. Ez diote Nomofobikak izena alferrik jarri beren buruari; XXI. mendeko gaitz oso arrunta bihurtzen ari da nomofobia deritzona, etxetik sakelako telefonoa aldean hartu gabe ateratzeko beldur kontrolaezina duena sintomarik argiena. XXI. mendeko gaitz horri buruz gogoeta eragin nahi du taldeak antzezlanarekin, umorez eragin ere.

Olatz Beobide, Amaia Lizarralde eta Belen Cruz dira Nomofobikak, eta emanaldietan pozarren agertzen dira beren egoerarekin. Ikusleetatik gaitza zenbatek duten jakiteko, inkesta batekin hasten dute antzezlana, eta, jarraian, «terapia tranpa bat» egiten dute haiekin, Beobidek azaldu duenez. «Ikusle gehienak kateatuta daudela agertu izan da orain arteko emanaldietan. Gutariko batek doktorearena egin, eta terapia bat egiten dugu». Gaitza uste baino zabalduago dagoela ikusaraztearren, askotariko egoerak antzezten dituzte; haurrak zein helduak dira esketx nahiz bakarrizketetako protagonistak, eta agertokiak, berriz, askotarikoak: zinema, anbulatorioa, autobusa... «Gizartean zenbateraino gauden denok kateatuta erakusten dute egoera guztiek», Beobideren esanetan.

«Umore handiz» egiten dute hori, baina ongi pasatzeaz haragoko asmo batekin ere bai: «Balio dezala jendea, tantaka-tantaka, hausnarketa batera eramateko, une askotan irribarre txiki batekin bada ere». Umorea ez ezik, «esajerazioa» ere erabiltzen dute horretarako, antzezten dituzten pertsonaiak «nomofobika exaltatuak» baitira. «Gu hirurok pozarren gaude gure egoerarekin, eta esajerazio horren bidez gehiago nabarmentzen dugu ez gaudela horretatik uste dugun bezain urruti». Ikusle batek baino gehiagok esan die, antzezlana bukatzean, arazoaz jabetu direla.

Izan ere, sakelako telefonoarekiko menpekotasunaz jabetzen hasiak garela bai, «baina jolas baten moduan» hartzen dugula uste du Beobidek. «Betiere umorea galdu gabe, bakarrizketak baliatu ditugu gogoeta hori urrutiago eramateko, norberak bere istorioa kontatzean ikusten baita noraino gauden kateatuta». Jendeak buruarekin baietz erantzuten diela azaldu du. «Oso azkar sartu den tramankulu bat da, izugarrizko baliabideak dituena, eta horrek azkenean komunikazio mota bat sortu du gure artean; ia-ia haren menpe gaude».

Poltsiko Antzerkian saria

Obra pixkanaka sortuz joan zirela azaldu du Beobidek; haien kezketatik atera zela gaia, eta haien gogoetekin joan zirela janzten. Horretan ari zirela, Alazne Untxalok gaiaz jarritako bertsoak irakurri zituzten Gaztezulo aldizkarian. «Irakurri, eta pentsatu genuen, 'ai ama, hauxe da-eta guk nahi genuena!'». Harekin harremanetan jarri ziren, eta baiezkoa eman zien bertsoak antzezlanean erabiltzeko, baita beste bat idatzi ere. Haiek kantatzen dituzte emanaldietan. Bestetik, Anartz Zuazuak lagundu zien egoera bisual jakin batzuk gainbegiratzen, eta obraren orokortasunari Agurtzane Intxaurragak eskaini zion kanpoko begirada.

Joan den martxoan taularatu zuten lana lehen aldiz. Poltsiko Antzerkira aurkeztu zuten, eta sorkuntza saria irabazi. Horrek bidea asko erraztu diela dio Beobidek, eta pozik daudela orain arteko ibilbidearekin. Taberna eta areto txikietan antzeztu izan dute, 40 minutuko iraupenarekin. «Herrietako jaietatik ere deitu digute, eta horrek kalean egiteko aukera eman digu. Oso polita izan da, hiru belaunalditako jendea elkartu baita ikustera». Aurrerantzean bestelako aretoetan ere eskaini ahal izateko, ordubetera luzatu dute lana. Ez zaiela zaila egin dio Beobidek. «Askorako ematen du gai honek; egunero-egunero sortzen dira gaiari lotutako egoera berriak edo albisteak». Hainbat ikastetxek ere interesa agertu dute; Donostiako Luberri institutuan eskaini zuten, eta aurrerago beste batzuetan aritzeko aukerak izango dituztela uste dute.

Gaur eta bihar Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoan izango dira Nomofobikak, eta larunbatean, berriz, Oiartzunen. Sakelakoa itzali beharko ote da antzezlana ikusteko?

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik