Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Jazza ardatz izango duen Jazzaldia

$
0
0
Jazza izango da Donostiako 51. Jazzaldiaren ardatza. Hala esanda, begien bistakoa eman dezake, baina aurten berebiziko ahalegina egin dute jaialdiko antolatzaileek jazza, ortodoxoa edo esperimentala baina jazza izan dadin nagusi jazzaldiko agertoki garrantzitsuenetan. Zurriola hondartzako Agertoki Berdea izango da, neurri batean, salbuespena, hor batuko baitira, soularen eta musika beltzaren bi ikur handi (Gloria Gaynor eta Charles Bradley), pop garaikidea egiten duten bakarlariak (Ryley Walker eta Nick Waterhouse), baita jazzetik bezainbeste rhythm & bluesetik edaten duen konbo handi bat ere (Snarky Puppy).

Hain zuzen, Gloria Gaynorrek Agertoki Berdean emango duena izango da biharko Jazz Band Ball hasierako festako kontzertu nagusia. I Will Survive disco musikaren ereserkiarekin bihurtu zen izar handia Gaynor (AEB, 1949) 1970eko hamarkadaren amaieran, baina soularekin eta, oro har, musika beltzarekin beti izan duen harremana nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek. Donostian rhythm & blues banda batekin ariko da, eta egun prestatzen ari den disko berrian grabatuko dituen hiru gospel piezatan Easo abesbatzak lagunduko du.

Gaynor izango da lehen eguneko izenik mediatikoena, baina Jazz Band Ballek bestelako proposamenak ere aurkeztuko ditu. Nabarmentzeko bat: Marc Ribot & The Young Philadelphians. Gitarrista estatubatuarra orain dela hilabete batzuk izan zen Kursaalean proiektu berarekin, baina, orduko arrakasta kontuan izanik, berriro ekartzea erabaki dute antolatzaileek. The Young Philadelphiansek bi ardatz ditu: Ornette Colemanek 1970eko hamarkadan abian jarritako Prime Time taldearen punk-funka eta garai bereko Filadelfiako soul sofistikatu eta melodikoa. Biak oso ezberdinak, baina, era berean, osagarriak, Ribotek berak erakutsi duenez.

Saria Ellis Marsalisi

Trinitate plaza izan ohi da Jazzaldiaren epizentroa, eta han joko du ostiral gauez aurtengo protagonista handienetako batek, Ellis Marsalisek (New Orleans, 1934). Jazz musikarien familia bateko aita pontekoa da Marsalis, eta musika hezkuntzan egindako lanagatik nabarmendu da batez ere. Baina horrek ez luke ezkutatu behar, 1950eko eta 1960ko hamarkadetan New Orleanseko pianista garrantzitsuenetakoa bihurtzeaz gain, jazzaren berritzaile bat ere izan zela. Donostiako Jazzaldiaren saria jasoko du aurten Marsalisek, eta bere laukotearekin joko du Trinitate plazan etzi. Ondo lagunduta etorriko da, aurretik bere seme Brandford ariko baita oholtza berean Kurt Elling izarra gonbidatu duela.

Jazza. Hori da aurtengo hitza. Eta Trinitate plaza horren erakusgarri agerikoa izango da. Han ariko da Jose James abeslari estatubatuarra larunbatean jazzetik eta souletik hartzen duen proposamenarekin, eta ikonoklasta izango da, halaber, Mike Mainieri bibrafonistak 1970eko hamarkadan sortu eta orain bueltan den Steps Ahead taldearen kontzertua ere: funka, sanba, jazz estandarrak... Oso bestelakoa izango da Steve Colemanen boskoteak eta Jack DeJohnettek, Ravi Coltranek eta Matt Garrisonek osatutako hirukoak larunbatean emango duten kontzertua. Coleman saxo jotzailea abangoardiako jazzaren izen propioa da, eta Five Elements taldearen moldaketa berri batekin dator Donostiara. Eta mainstream-etik urruti ibiliko da DeJohnette bateria jotzaile beteranoak —John Coltrane, Keith Jarrett, Miles Davis, Ornette Coleman, Sonny Rollins eta Herbie Hancock ditu curriculumean— osatutako hirukotea ere.

Diana Krall jazzeko eta pop musikako izar handi bilakatu da azkeneko urteetan, eta iaz Wallflower lana argitaratu zuen, pop estandarrez eta baladez osaturiko lana. Jazz gutxikoa. Donostiara, ordea, pianoa, gitarra, kontrabaxua eta bateria ekarriko ditu. Jazz formatu erabatekoan antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Kursaaleko auditoriuma bihurtu da azkeneko urteetan jazza entzuteko beste agertoki garrantzitsua, eta aurten ere pisuzko eskaintza prestatu dute horretarako. Han ariko dira, esaterako, John Scofield gitarrista, Brad Mehldau pianista, eta Mark Guiliana bateria jotzailea ostiral arratsaldean, Ibrahim Maalouf tronpeta jotzailea larunbatean —bederatzi laguneko talde batekin—, eta Jan Garbarek saxo jotzailea igandean.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik