Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Piztien ondoan zaildutakoa

$
0
0
Ellen Ripley tenientearen izu aurpegia, piztia estralurtar likatsu eta beldurgarriaren aurka borrokan. Alien filmaren (1979) irudi hori etorriko zaie askori gogora Sigourney Weaverren izena entzutean. Lan hartan debutatu zuen aktoreak pantaila handian, eta filmaren arrakastarekin batera iritsi zitzaion sona hari ere. Ordutik, izen handiko zinemagileen esanetara jardun du, eta beste hamaika pertsonaia gogoangarriren larruan sartu da aktore estatubatuarra azken lau hamarkadetan, sarri zientzia fikzioaren generoan eta askotariko piztien ondoan. Haren ibilbideari aitortza egingo dio Donostiako 64. Zinemaldiak Donostia sariarekin. Irailaren 21ean jasoko du saria Weaverrek, Kursaalean.

New Yorken jaio zen Weaver, 1949. urtean. Standfordeko Unibertsitatean graduatu ondotik, master bat egin zuen Yaleko drama eskolan, eta, profesional gisa, John Gielguden The Constant Wife antzezlanean igo zen lehen aldiz oholtza gainera, Ingrid Bergman alboan zuela. Pantaila handira, berriz, Ridley Scotten Alien filmarekin egin zuen jauzi. Gerora, beste hirutan ariko zen Ripleyren rolean: James Cameronek zuzendutako Aliens sekuelan (1986) —Oscar sarietarako eta Urrezko Globoetarako andrazko aktorerik onenaren izendapena eman ziona—, David Fincherren Alien 3-n (1992), eta Jean-Pierre Jeunetek zuzendutako Alien: Resurrection (1997) filmean.

Alien-en ondoko urteetan, beste hiru rol esanguratsu jokatu zituen: 1984an, bestelako piztiez inguratuta ibili zen Ghostbusters filmean; eta, 1988an, Urrezko Globo bat irabazi zuen Gorillas in the Mist lanagatik eta beste bat Working Girl-engatik. Gerora, zinemagile eta aktore laudatu askoren alboan aritu izan da lanean; besteak beste, Death and the Maiden, The Ice Storm, The Village eta Avatar filmetan. Antzerkian ere maiz jardun izan du.

Weaverren azken lanen artean dago A Monsters Calls, protagonistaren rola jokatu baitu Juan Antonio Bayona zinemagile katalanaren film berrian. Donostiako 64. Zinemaldian egingo dute lana horren Europako estreinaldia, lehiaz kanpo; galako pasea irailaren 21ean izango da, Kursaalean, eta haren aurretik emango diote aktoreari Donostia saria. Hirugarrenez izango da jaialdian, Alien eta A Map of World aurkezten ere izan baitzen Donostian.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik