Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Perimetroko aztarnak arakatuz

$
0
0
Ikus-entzunezkoa beste mintzaira batzuekin hibridatzen deneko edo beste egoera batzuetan agertzen deneko esparruak erakutsi nahi ditu Tabakalera Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Gunean egingo den estreinako erakusketak. Ikus-entzunezko aldiriak. Ingurua marrazten duten puntuak ikus-entzunezkoaren «inguratze gisa» artikulatu dute, Soledad Gutierrez eta Anna Manubens komisarioen esanetan, eta irudia ez dago emaitza edo objektu gisa aurkeztuta. Mintzaira jakin horretan sakondu beharrean, zinema eta bideo artearen perimetroaren aztarnetan arakatzen dute mostran parte hartu duten 28 artisten obrek. Bihartik datorren urtarrilaren 3ra arte egongo da zabalik.

Tabakalera kultur proiektuaren erakusketa aretoan sortzaile esanguratsu zenbaitzuen lanak jarri dituzte: Marguerite Duras zinemagile eta idazleak (1914-1996), Jean Luc Godard zinema zuzendariak, Herman Asselberghsek —Londresko Tate Modernen eta Parisko Pompidoun erakutsi izan ditu bere instalazioa eta bideo sorkuntzak, adibidez— eta Manon de Boerrek— Veneziako, Berlingo eta Sao Pauloko arte biurtekoetan parte hartu izan du, esaterako—, besteak beste.

Ikus-entzunezko egitasmoen ekoizpen, erreprodukzio, transmisio eta iraupen legal edo irudimenezkoaren baldintzetan oinarritu da erakusketa. «Ikus-entzunezkoa beste forma batzuetan ageri da: gramatika gisa, lan gisa, gailu kritiko gisa, partekatutako artxibo gisa, jokatzeko modu gisa edo komuna denaren katalizatzaile gisa», jakinarazi zuen Manubens komisarioak, atzo goizean Tabakaleran egindako aurkezpenean.

Gutierrezen iritzian, praktika filmikoekin lotutako beste formatu eta iraupen batzuk sartzen dira jokoan, ikus-entzunezkoa inguratzen duen perimetroan ibiliz gero. «Erakusketaren espazio-denboran txertatzen du prozesuan dagoen ikus-entzunezkoa, eta agertzen da zatikatuta, irakurrita, algoritmo bidez iragazia, happening bihurtua edo, adibidez, modu setatsuan entseatua». Perimetroaren marrazketa horrek, hortaz, kanporanzko begirada bat eskaintzen du, haren iritzian.

Jardun horiek guztiek keinu gisa jasotzen dute ikus-entzunezkoa, «hura desegiten duen edo hura gauzatu beharrik ez duen keinu baten bidez, bideorik gabeko bideo arte aukera azaleratuz».

Ikus-entzunezkoak bere mugetara jotzeko dituen moduen artean, mintzaira-ekintza bihurtutako idazkuntza lehenesten du mostrak, komisarioaren aburuz. «Ikus-entzunezkoaren arloan, filmak ekoitzi aurretiko gidoigintzarekin lotzen da idazkuntza, eta errealizazio prozesuaren barruko hasierako fase estandarizatutzat hartzen da. Erakusketan, aldiz, idazkuntza eta testuaren lanketa ez dira obraren atzean desagertzen».

Prozesuaren berezitasunari ere erreparatu nahi izan diote erakusketa atontzerakoan. «Irudiaren langintzaren izaeraren gainean gogoeta irekia egiten duten obrak ekoizpen metodoan esku hartzen duten botere logiken gaineko begirada kritikoa sortzen duten obrekin uztartu ditugu», azaldu zuen Manubensek.

Aldi berean, aldiriez hausnartzeko beste bide bat proposatzen dute komisarioek. Hori da kritika lanari erreparatzea, eta zinema eta bideoa antolatu eta bistaratzeko protokoloek horri nola eragiten dioten aztertzea.

Ikusgai dauden lanen artean, badaude Euskal Herriko zenbait artistarenak. Ibon Aranberriren Política hidráulica instalazioa, Aimar Arriolaren Carpeta Propia Compartida, testu inprimatuekin eta besterekin erakusketarako propio sortutako pieza, Itziar Barrioaren All of Us Want to Work Less (El robo) bideo eta instalazioa, Nader Koochakiren Soineko paisaia audio artxibo eta landa koadernoak, Itziar Okarizen Diario de sueños eguneroko performancea eta horren agiriak, eta Alex Reynoldsen By Day hemeretzi minutuko bideoa.

Erakusketaren bueltan mediazio /hezkuntza programa bat eta hainbat jarduera garatuko dituzte, «jorratzen diren ildoetan era sakonago batean lan egiteko».

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik