Fotograma bakoitzaren konposizioa xehetasun osoz erabakitzen duela. Plano bakoitzean zein kolore baliatu sakon hausnartzen duela. Bere filmetako eszena bakoitza margolan bat balitz bezala ontzen duela. Haren begirada zinemagintzaren diziplinatik harago doala. Adituak bat etorri izan dira Wes Anderson zinemagilearen (Houston, Texas, AEB, 1969) estiloa definitzean. Hark ere aitortu izan du, bere inspirazio iturrien artean literatura, musika eta artea egoteaz gain, bere amaren pinturarekiko zaletasunak ere eragina izango zuela, ziurrenik, bere begiradan. Zinemagileak planoz plano sortutako unibertsoak, orain, inspirazio iturri bihurtu dira hainbat artistarentzat: Andersonen filmetako pertsonaiak, espazioak zein objektuak oinarri hartuta, ehun artelan inguru ondu dituzte 80tik gora sortzailek, eta, haiekin, erakusketa bat osatu dute New Yorken.
Askotariko formatu, estilo eta materialekin ondutako lanak dira ikusgai jarritakoak: margolanak, ilustrazioak, instalazioak... Erretratuen artean, estiloak estilo, sarri errepikatzen dira zenbait aktorerenak, Andersonek talde bertsuarekin lan egin izan baitu film gehienetan; hala, Angelica Huston, Bill Murray, Jude Law, Ralph Fiennes, Ed Norton, Owen Willson eta Adrien Brody protagonista duten margolan eta ilustrazioak izan dira nagusi. Zinemagileak iaz estreinatutako The Grand Budapest Hotel pelikulako pertsonaiak eta dekoratuak irudikatu dituzte sortzaile askok. Hotela bera ageri da marraztua batzuetan, baina baita filmetako pertsonaiak ere; tartean, hoteleko atezainaren rola jokatu zuen aktorea, Ralph Fiennes. Badira, hala ere, film zaharragoak aukeratu dituztenak ere; horien artean, hainbatetan ageri da The Royal Tenenbaums-eko Margot (Gwyneth Paltrow), askotariko moldeetan irudikatua. Ez dira gutxi Life Aquatic (2004) eta Moonrise Kingdom (2012) filmetan inspirazioa topatu duten artisten lanak ere.
Bost urtez San Frantziskon
Erakusketarekin, zinemagilearen obrari nolabait aitortza egin nahi izan diote antolatzaileek. «Artistek, haren lanak ikustean, inspiratzen dituzten milioi bat kontu aurki ditzakete, ez soilik bisualki, baita emozionalki ere», dio Jessica Rossek, erakusketa antolatu duen Spoke Art galeriakoak. San Frantziskon du egoitza arte etxeak, eta bost alditan egin dute han Andersonen lana oinarri duen erakusketa, Bad Dads izenburupean. Artistak aukeratu, eta zinemagilearen film, eszena edo pertsonaiaren bat oinarri hartuta, erakusketarako berariaz obra bat sortzeko eskatzen diete.
Aurten, baina, San Frantziskotik New Yorkera lekualdatu dute mostra, eta Chelsea auzoko Joseph Gross galerian izan dira lanok ikusgai, asteburu batez. Publikoaren erantzuna berehalakoa izan da: Facebooken baino ez zuten iragarri ekitaldia, eta bestelako publizitaterik ez zuten behar izan: hamabi orduren buruan, bisita egiteko 10.000 eskaera jaso zituzten, eta irekiera ekitaldian 60.000 ziren ia. Andersonen lanak pizten duen miresmenaren erakusgarri izan daitezke.