'Sister Act'
Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Abuztuak 20.Bilbo Aste Nagusian sartu baino lehen hasi dira Arriaga antzokian Sister Act musikalaren emanaldiak. 1992an estreinatu zen filmean Whoopi Goldberg famatuak jokatu zuen rol nagusia, eta istorioak Walt Disney etxearen aztarna edulkoratua hartu zuen, bere itxura erdi probokatzailean gizartearen eredu konformista bultzatuz eta eliza katolikoaren instituzioei nolabaiteko distira emanez.
Urte batzuk geroago, Goldbergek berak ekoiztu zuen antzerkirako bertsioa, eta orain gurera etorri da gaztelaniaz, ekoizpen etxe katalan biren eskutik. Horrek guztiak esan nahi du tamaina handiko musikal baten aurrean gaudela —datozen hilabeteetan Iruñea eta Donostia ere bisitatuko ditu—, eta prentsarako bildu dituzten datu batzuk harritzeko modukoak dira: 17 tona material, 35 eszenografia aldaketa, 200 jantzi, zortzi musikari zuzeneko orkestran, zortzi Oscar eskuratu dituen Alan Menkenen musika...
Ikusten denez, horren inguruan diru asko mugitzen da eta diruaren hotsa entzun dugu emanaldian zehar, sakoneko planteamendu artistikoen gainetik. Zeren eta, argumentua nahiko beato eta jainjozale iruditu bazitzaigun bere garaian, zer esanik ez gaurko denboretan, Munillaren eta enparauen ateraldi lotsagabeak jasan behar ditugunean eta oraingo Aita Santu modernoarengandik inolako barkamen eskerik espero ez dugunean.
Buelta gaitezen, ordea, emaitza eszenikora. Argi dago Hollywoodetik irtendako film baten antzerki-egokitzapena ez dela inoiz gauza erraza izan, eta nik esango nuke nahiko ondo laburbildu dutela argumentuaren funtsa. Hala ere, argi dago jatorrizko thriller giroa erabat murriztu dela, eta eszena gehienak giro zeharo elizkoian gertatzen direla, dela komentuan dela elizan bertan. Oraingo produktuaren arrakastak asko zor dio filmeko pertsonaien diseinu sendoari, ohiko arketipoetan oinarrituta, baina haietariko batzuek —gangster nagusiak eta polizia onak batez ere— ez dute figurante maila gainditu. Aldiz, hiru gangster txikiek eta komentuko ama nagusiak pertsonaia politak eratu dituzte, eta rol nagusian zegoen Mireia Mambok teknika eta distira handiz gorpuztu du bere pertsonaia, baina behar zituen bihotz eta berotasunetik guztiz urrunduta.
Gauzak horrela, eta emanaldiaren melodia inkakorrak —lirdingatsuak, hobeto esanda— albo batera utzita, jantzien distirarekin, argiztapen koloretsuarekin eta eszena-aldaketa azkarrekin geratuko gara. Izan ere, gero eta gutxiago erabiltzen den ehundegi-sistema baliatu dute, hogeita piku barra mugiaraziz zortzi tramoiariren laguntzarekin, eta horrek xarma berezia eman dio beste inondik lortuko ez zukeen muntaiari.