Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Atzera begira, nostalgiarik gabe

$
0
0
«Espero dut burua zuloan jende askok sartzea». Ane Rodriguez Tabakalerako zuzendari kulturalak espero du herritar guztiek aurkituko dutela zerbait hesiaren beste aldean. Lau urte iraun duten eraberritze lanak amaitzear direla, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentro bilakatuta zabalduko ditu ateak tabako fabrika zaharrak, irailaren 11n. Eraikinari itxura aldatu dioten arren, ez dute ahaztu haren iragana. Hala, «memoriari begirada bat» eman nahi izan dio proiektuak.

Donostiako kultura garaikidearen gune berriaren irekierak ospakizun itxura hartuko du. Espazioa herritar guztientzat zabalik egotea nahi dute, eta inaugurazioko ekintzak ere halakoak izango dira. Horren haritik, atzo aurkeztu zuen zuzendariak iraileko bigarren astea beteko duen egitaraua.

Tabakalera oraindik itxita egongo den arren, irailaren 6an Eskoziako Mogwai banda eskoziarraren emanaldia izango da, haren kanpoaldean. Tabakalerak Kutxa Kultur jaialdiarekin eta Donostia 2016rekin elkarlanean antolatu du ekitaldia. Kutxa Kultur jaialdiko azken kontzertua izango da, eta, aldi berean, hasiera emango dio Tabakalera zabaldu aurreko programari.

Gainera, «herritarren kuriositatea tarteko», eraikina ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte hilaren 8tik 10era bitartean. Proiektu kulturala, eraberritze arkitektonikoa eta zentroan izango den ekosistema landuko dira batez ere, eta espazioaren arduradunekin egoteko aukera ere izango da. Dena den, topaketa horietan parte hartzeko, ezinbestekoa da www. tabakalera.eu webgunean izena ematea.

Irailaren 11n zabalduko dute Tabakalera. 18:00etan hasiko da irekiera ekitaldia, eta Rodriguezek hara joatera gonbidatu ditu herritarrak. Eraikineko txokoak ezagutzeko aukera izango du edonork; modu askean, edo gonbidatutako artistek proposatutako performancez osatutako ibilbideei jarraituz. Artista horiek Euskal Herrikoak eta atzerrikoak izango dira: besteak beste, Idoia Zabaleta, Idurre Azkue, Angela Milano eta Natxo Moreno.

Egun berean inauguratuko dute erakusketa aretoa. Ikus-entzunezkoaren aldiriak. Ingurua marrazten duten puntuak da ikusgai egongo den lehen proiektua. Anna Manubensek eta Soledad Gutierrezek prestatu dute, Euskal Herriko eta nazioarteko 28 egileen lanak bilduta. Horien artean daude Ibon Aranberri, Aimar Arriola, Itziar Barrio, Itziar Okariz, Alex Reynolds eta Marguerite Duras, esaterako. Erakusketak ikus-entzunezko lengoaia inguruarekin erlazionatzean sortzen diren hibridazioak jaso ditu. Horrekin batera, Apologia /Antologia proiektuak ere izango du lekua erakusketa horretan. Webgune bat eta DVD sail bat sortu dituzte Hamaca banaketa etxearekin, EHUrekin, Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioarekin eta Kataluniako Generalitatearekin elkarlanean.

Irekiera egunean abiaraziko dituzten beste espazioetako bat sotoa da. Fabrikako sotoaren jatorrizko ezaugarriak mantendu dituzte, memoriari eta historiari leku bat eginez. Han aurkeztuko den lehen lana Bihar Goodbye. Elkarrekin lan egiten duen emakume taldea izango da. Marion Cruza eta Pablo Marte artistek tabako fabrikako emakume zigarrogile ohiekin landu duten lana da. «Zubi bat egin nahi dugu eraikina izan zenaren eta izango denaren artean», azaldu zuen Rodriguezek. Irailaren 11ko ospakizunak amaitzeko, Chico Tropico eta Ami Plin DJen musika emanaldiak izango dira.

Larunbatean eta igandean, hilaren 12an eta 13an, oparoa izango da jarduera berezien eskaintza: lantegiak, proiekzioak, bisitak eta performanceak prestatu dituzte, eta DJ gisa parte hartzeko aukera ere egongo da.

Tabakaleran zinemak izango duen garrantzia nabarmendu du zuzendariak. Irailaren 12an estreinatuko dute zinema aretoa, Ivan Zulueta donostiarraren (1943-2009) Un, dos, tres, al escondite inglés kultuzko filmarekin (1969). Han izango dira Euskadiko Filmategiko, Zinemaldiko eta Donostia Kulturako kideak.

Hirikilabs, irekita berriro

Gainera, Hirikilabs hiri laborategiak berriro irekiko ditu ateak. Donostia 2016rekin abiatu zuen proiektua Tabakalerak, eta azken bi urteotan haien esparruan kokatuta egon da. Orain Tabakalerara eraman dute, berrituta eta handituta. Kokaleku berrian ere, teknologia eta kultura digitalari lotutako programa eskaintzen jarraituko du laborategiak.

Lehen astea «berezia» izango da, Rodriguezen arabera, baina irailaren 14tik aurrera «pixkanaka haziz» joango da Tabakalerako programazioa. Dena dela, Zinemaldia amaitu arte ez du martxa normalean funtzionatuko. Izan ere, Zabaltegi sailaren egoitza ofizial bilakatuko da eraikineko zinema aretoa, eta Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa egingo dute bertan. Denbora gehiago beharko dute liburutegia eta eraikin berean kokatuko den hotela martxan jartzeko. Liburutegia abenduan zabalduko dute, eta hotela, otsailean.

Egoera berrira moldatu dituzte Tabakaleraren irudia eta webgunea ere. Jatorrizko logotipoa ia erabat mantendu dute, baina garapen grafikoari itxura gaurkotuago bat emanda. Webguneak ere berrikuntza estetikoa izan du, baina baita edukiei loturikoa ere. Proposamen berria Tabakalerak eskainiko dituen zerbitzuetara hobeto egokitzen dela uste dute.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik