Txapelketako saio baterako dituzten helburuei buruz galdetzen zaienean, bada bat bertsolariek behin eta berriro errepikatzen dutena: «Niretik ematea». Erronka asko biltzen dira, ordea, ideia horretan; era berean, erantzun berberarekin bertsolari bakoitzak esan nahi duena ere erabat ezberdina da.
«Bertsotan orain arte egin dugun bezala egitea: bidea zabaltzea, erantzutea, elkarrizketak osatzea eta saioari kolore pixka bat ematea». Agin Laburuk horri esaten dio Aginetik ematea. «Iruditzen zait ari garela txapelketa molde batera iraultzen, funtzionatzen edo puntuak ematen dituen molde batera, eta molde horrek grazia gutxi duela denok modu berean egiten badugu».
Molde horri beste forma eta ertz batzuk ateratzea nahiko luke. Freskotasuna eskaintzea, nahiz eta ez duen hori ezinbestean umorearekin lotzen. Badu errimak asko zaintzeko fama. «Hori ere izan daiteke zure arrastoa uztea, baina nire kasuan ez da hain erabaki kontzientea. Gustatzen zait plazan erabiltzen ez diren doinu batzuk ateratzea ere, baina ez noa obsesiboki horren bila». Batez ere, bertsoa nondik datorren gogoan hartuta aritu nahi du Laburuk. «Bertsoa bada zure barrua askatzeko arte diziplina bat, mezu bat emateko bide garrantzitsu bat ere izan daiteke, baina bertsoa jolasa ere bada, eta iruditzen zait batzuetan ahaztu egiten zaigula jolastu ere egin behar dugula, jendeak ondo pasatu behar duela; bestela, aspertzeko arriskua dago».
Hain zuzen, txapelketari egiten zaion kritiketako bat da: bertsokera jakin batzuk saritu eta beste batzuk zigortu egiten dituela, eta, ondorioz, bertsotan egiteko modu bakar bat nagusitzen dela. «Korronte nagusi bat» badagoela uste du Laburuk ere. «Nik bertsotan egiten badut, korronte horretatik apartexeago dagoen edo pixka bat ezberdina den zerbait egiten dudalako da». Iker Zubeldiaren adibidea aipatu du: «Zergatik ez du txapelketan ateratzeko beharrik? Korronte horretan ez dagoelako; bera bakarra da. Nik ere deituko nioke, zerbait ezberdina eskaintzen didalako».
Ororen gainetik, erakusleiho handia da txapelketa, eta, txapela bezainbeste, beste gauza batzuk egoten dira jokoan; esate baterako, plazak. Bertsolariak erabakitzen du zer bertsokera atera erakusleiho horretara, zer estilo erakutsi. Jon Martinetik ematearen zati bat da, adibidez, gauzak modu poetikoan adieraztea. «Nik badakit gaur egungo bertsolaritzan ez dela bide nagusia gauzak poetizatzea, zenbaitentzat errazkeria ere badela. Badakit estilo poetikoa ez dela plaza gehien ematen duen estiloa, baina niri ikaragarri gustatzen zait, eta hori egiten jarraitu nahi dut».
«Gauza txikien edertasuna» seinalatzea gustatzen zaio oiartzuarrari, esaten duenarekin nahiz kantaera eta doinuarekin; adinarekin garatutako zalantzak plazaratzea ere gogoko du. Baina, esan du ez dela arrazoi irmoen aldekoa, ondokoari arrazoia kendu gabe, arrazoi horri beste ikuspegi bat eransten ahalegintzen dela; hau da, bere ikuspegia bestearena txartzat jo gabe ematen, bertsoaldia ez hutsaltzen. Pertsonaiei dagokienez, «ahalik eta pertsonaiarik normalenak hezurmamitzea» da Martinen hautua, normaltasun horretan sinesgarriak izango diren pertsonaiak marraztea. «Normalean ez ditut muturreko pertsonaiak egiten, ez dira karikaturak izaten».
Publikoaren eragina
Norberak bere estiloa ondo zehaztu arren, gaiek eta bertsokideek ere ahalbidetu behar dute modu horretan kantatzea. Eta publikoak ere baldintzatzen du bertsolarien lana, modu batean baino gehiagotan, gainera. Entzule gehienek ez dituzte ezagutzen bertsolariak, ez dute harreman pertsonalik haiekin, baina badute bakoitzaren gaineko irudi bat, jartzen dizkiote etiketa batzuk bakoitzari.
Umorearekin lotu izan da, esate baterako, Laburu. Hala, entzuleak espero zuenaren aurka borroka egiteko premia ere sentitu izan du Astigarragakoak. «Hasieran batez ere, beti umorearekin lotzen ninduten, eta korronte horren aurka borroka egin izan dut, erakutsi nahi nuelako serio egiten banekiela eta, gainera, egin nahi nuela». Zentsuratu izan dizkio bere buruari zenbait bertso, plaza jakin horretarako ez zirela egokiak iritzita. «Zuk beste baten roletik kantatuta ere, jendeak badaki kantatzen ari dena Agin Laburu dela. Horregatik da garrantzitsua zuretik ematea, eta kontuz ibiltzea zer eta nola esaten duzun». Hala ere, publikoak ez duela askorik baldintzatzen uste du. «Arriskatzen naizela esango nuke, eta gaizki ere atera izan zaizkit ahalegin batzuk. Publikoak Agin bat entzun nahi badu, eta nik ez badut Agin hori izan nahi, ez naiz izango; hainbeste nortasun badaukat».
Pertsonaia ahalik eta errealenak egiteko ahalegin horrek ulertua ez izateko beldurra eragin dio behin baino gehiagotan Martini. Azaldu du saiatzen dela batzuetan publikoa probokatzen, baina, horretarako, ulertuko duten ziurtasuna behar izaten duela. «Eskrupulurik gabeko enpresaburu baten ahotik kantatzen baduzu, erraz ulertzen zaituzte, jendeak ez du pentsatzen zure pentsaera hori denik; alabaina, pertsonaia erreal samar bat egiten baduzu, kontuz ibili behar duzu, publikoak pentsa dezakeelako zure ideologia dela, eta, askotan, ulertuko ez dizuten beldurrez, ez duzu esaten».
Gai batzuekin, berriz, egoera arraroak sortzen direla kontatu du. Adibidez, gisa honetako gaiekin: «Siriako errefuxiatuak hartzeko programa bat iritsi da zuen herrira. Zuk, A, etxean hartu nahi dituzu; zuk, B, ez». Itxura batera, argi dago A bertsolariaren rola dela gizartearen onarpena duena, eta B bertsolariarena onarpenik ez duena. «Baina gai horretan, ekintzetan, publikoko gehienak B laukitxoan daude, nahiz eta ideologikoki A posizioa defendatu. Orduan, B posiziotik kantatzea ez da batere erosoa bertsolariarentzat, gauza errealak kantatuta ere, eskrupulurik gabeko pertsona bat deskribatzen ari zarela ematen duelako».
Bada beste erronka bat, ahalegindu arren, bertsolariek inoiz gutxitan lortzen dutena: plazan bezala aritzea. «Egoerak eraginda, beldurrek gure indarguneetara eramaten gaituzte, eta nik plazan baino serioago kantatzen dut txapelketan», esan du Martinek. Txapelketak kode propioak dituela dio Laburuk ere, eta, bertsotarako modua ahalik eta gutxien aldatzen saiatu arren, ez dela plazan bezala aritzen.
Lehena, Bastidan
Gaur izango da Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen finalaurrekoa, Bastidako (Araba) udal kiroldegian. Han kantatuko dute bai Laburuk eta bai Martinek, eta haiekin batera, Nahikari Gabilondo, Sustrai Colina, Igor Elortza eta Jone Uria ariko dira. Final-laurdenetan ez bezala, saioa irabazten duena ez da zuzenean pasatuko hurrengo fasera, puntuak hartuko dira kontuan. Egin beharreko ariketak ere aldatu egingo dira, eta, hamarreko txikiko ariketaren ordez, sei puntuko motzekoan aritu beharko dute bertsolariek kartzelara joan aurretik.