Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Minen gainetik, bizitza

$
0
0
«Bizimodu mugatuenean ere bizinahia mantendu daitekeenaren eta behar denaren aitorpena». Hala definitu du Jexuxmari Mujika irakasleak Viktor Emil Frankl psikologo austriarraren Gizakia zentzu bila obra entzutetsua. Franklek nazien kontzentrazio esparruetan bizi zituenak kontatzen ditu liburuak, eta egoera makurrenean ere «bizitzaren aldeko apustua» egiteagatik da ezaguna. Ibilbide luzea duen obra da —berrogeita zortzi hizkuntzatara dago itzulia—, eta Erein argitaletxeak ekarri du orain euskarara.

Viktor Emil Frankl logoterapiaren sortzailetzat hartua da, eta, hain justu, duela urtebete, logoterapeuten biltzar batean atera zen Franklen lana euskarara ekartzearen asmoa. Horien ordezkari Javier Arangurenek, Gipuzkoako Logoterapia Foroko kide eta Espainiako Logoterapia Elkartearen lehendakariordeak, Gizakia zentzu bila-ren garrantzia azaldu du: «Gizakiaren alde ilunenarekin bizitzea tokatu zitzaion. Eta egoera ankerrenean ere, gai izan zen bizitzari begiratu eta guztiaren gainetik merezi duela esateko».

1945ean irten zen Frankl Dachauko (Alemania) kontzentrazio esparrutik, eta Vienara itzulitakoan idatzi zuen Gizakia zentzu bila. Psikiatra baten ikuspegitik deskribatu zituen han bizitakoak, eta aurrez garatzen hasia zen ideiak berresteko balio izan zion horrek. Hala, orduan garatu zuen logoterapiaren teoria, Vienako hirugarren eskolatzat hartua —Freuden psikoanalisia eta Adlerren psikologia indibiduala dira lehen biak—.

«Ez da autolaguntzakoa»

Osasunaren profesionalentzat «gau mahaiko liburua» dela, baina «edozeinentzat» izatea nahi dutela nabarmendu du Arangurenek. Eta ororen gainetik, gauza bat argitu du: «Ez da autolaguntzako liburu bat». Azaldu du ez dituela ematen nola bizi jakiteko «errezetak», ezpada «minari zuenean aurpegira begiratu zion pertsona baten aitortza». Gizakiaren gaineko begirada ezberdin bat landu, eta talaia horretatik «une bakoitzari bere zentzua bilatzeaz» dihardu liburuak, haren esanetan. Bi zati ditu: Psikologo bat kontzentrazio esparru batean eta Logoterapiaren oinarrizko kontzeptuak —1962an idatzia—. Lehen atala euskaratzeaz Lontxo Oihartzabal itzultzailea egin da kargu, eta Franklen inguruko hainbat zehaztapen biografiko egin ditu, «haren irudi iluna argitzeko»: Vienan jaio zela 1905ean, eta han hil 1992an, beraz, nahiz eta kontzentrazio esparru bateko oinaze guztiak nozitu behar izan, 92 urterekin hil zela; medikuntzan, psikiatrian eta neurologian aditu izan zela, eta 25 urterekin lortu zuela doktoretza; psikiatria eta neurologia irakasten jardun zuela Vienako unibertsitatean 85 urte bete artean; 39 liburu atera zituela, eta beste.

Jose Agustin Iturri editoreak galdera egin dio Arangureni, ea zenbaterainoko «kutsu kristaua» duen liburuaren mezuak, eta hark erantzun: «Erlijioso bat baino gehiago, humanismo engaiatu bat ikusten dut nik».

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik