Leoneren estreinako lan luzea da La vida no vale nada. Taldekideek formatu fisikoan helarazi didate, gutun-azal marroi batean bilduta eta helbidea eskuz idatzita; detaile ederra. Bada, Leone espainieraz abesten duen rock talde bat da, baina bere proposamenean askotariko musikak biltzen ditu: «Bolero, surf, western, Mediterraneoko musika eta, oro har, espainieraz abestutako musika». Makina bat taldetan aritutako musikari eskarmentudun batzuek eratutako egitasmoa da (Corcobado, Tiro Ramirez, Les Rauchen Verboten). Taldearen proposamenean tradizio espainiarra eta anglosaxoia modu bitxian fusionatzen dira, Gabinete Caligarik Dick Daleren tremolo-tsunamiak haizatuko balitu bezala; emaitza sendoa da, hasieratik amaierara arte diskoa misteriotsu eta erakargarri mantentzen baita.
↧