'Happy end'
Zuzendaria: Michael Haneke. Herrialdea: Frantzia-Austria-Alemania. Iraupena: 107 minutu.Izenburu horrekin eta Michael Hanekek zuzendutako filma dela jakitean okerrena espero duzu. Filma ikusten hasi eta zuzendari austriarraren zigilua daramaten urruneko plano luzeek, kamera batekin grabatutako irudiek eta ezbeharren bat gertatuko den sentsazio horrek zure usteak beteko direla baieztatzen dizute.
Familia burges baten bizitzan zentratzen du istorioa Hanekek. Aita (Jean-Louis Trintignant handia),Georges Laurent, haren seme-alabak, Thomas eta Anne, eta haren bilobak Pierre eta Eve. Denak bizi dira elkarrekin etxe handi batean, Thomasen alaba Eve haiekin bizitzera joan da berriki, haren ama pilula batzuekin intoxikatu eta ospitalean baitago. Denek dute ezkutatzen duten zerbait, eta denei darie kutsu ilun bat.
Sakelako telefono batekin grabatutako irudi batzuekin hasten du filma Hanekek. Ez dakigu nork grabatu dituen, baina argi dago heriotzak edo hilketak gehiegi izutzen ez duen norbait dela. Ondoren obretan dagoen lursail bateko segurtasun kameraren bideo bat azaltzen da, luizi bat grabatuko duena. Haneke maisua da haren intentzioak erakusterako garaian, eta Happy end filmean ez zen bestela izango. Telefono batekin grabatutako azken irudi batzuekin amaituko du filma, zirkulua itxiz. Eta hasiera eta amaierako irudi horien artean zer? Bada, Haneke. Haneke bere estiloan, Haneke bere gaiekin (suizidioa eta heriotza, familiaren erortzea) eta dena inguratzen duen geruza ilun hori, okerrena gertatuko dela pentsatzera eramaten zaituena. Ez da Hanekeren filmik onena, baina Hanekeren mailan dago, eta ez da gutxi.