'A Fish Out of Water'
Zuzendaria: Lai Kuo-An. Herrialdea: Taiwan. Iraupena: 91 minutu.Haren aurreko bizitzaz oroitzen da Yian txikia. Gurasoei behin eta berriro errepikatzen die haren aurreko amarekin itzuli behar duela, kezkatuta egongo dela. Bitartean, haurraren egungo familia ez da une polita bizitzen ari: gurasoak banantzen ari dira eta aitona geroz eta gaixoago dago. Yian geroz eta isilago egongo da, burua beste nonbait edukiko balu bezala, eta haren ingurukoak kezkatzen hasiko dira.
Iragana ez ahaztearen garrantziaz hitz egiten digu Lai Kuo-An zuzendari taiwandarrak, betiere aldatu ezin dugun zerbait dela kontuan hartuz. Yian haurra, etxean duen egoera ikusita, haren aurreko bizitzaren oroitzapenetan murgiltzen da, bere burua nolabait babestu nahian. Hala ere, gehiegi garatzen ez den egoera bat da haurrarena, eta metafora gisa funtzionatzen badu ere, apur bat errepikakorra egiten da amaierarako. Familia gatazketan zentratzen da, beraz, trama nagusia, gurasoen banantzea eta aitonaren gaixotasunaz gain, lanak eta haien semeak bikote protagonistari sortzen dion estresa gehitzen delarik.
Gai mamitsua da iraganarena. Era kuriosoan erabiltzen du, gainera, Lai Kuo-Anek, haur baten ikuspuntutik kontatuta eta ikusleari jakin-mina eragiten dion aurreko bizitzaren gehigarriarekin. Baina gehiago landu zezaken gai bat da. Erdi bidean gelditzen dela dirudi, haren indar guztiak familiaren istiluetan zentratuz. Lan txukuna egiten du alderdi horiek erretratatzen —teknikoki ondo landuta dago—, eta istorioak badu zer hausnartu, baina azken bultzada bat falta zaio. Filma borobilduko duen azken pieza hori.