Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Wim Wenders: «Europa oso egozentrikoa izaten ari da azken urteotan»

$
0
0
Alemaniako zinemagile esanguratsuenetako baten film berriarekin hasi zen atzo Donostiako 65. Zinemaldiko Sail Ofiziala. Submergence aurkeztu du Wim Wendersek Urrezko Maskorra irabazteko lehiaketara, bi protagonisten arteko maitasun istorioak gidatzen duen lana. Harreman horren ondoan, baina, auzi ilunagoak ere ageri dira, jihadismoarena, bereziki. Lana filmatu zutenean gaiak egun duen pisua izango zuenik ez zutela pentsatu azaldu zuen zinemagileak. Hain zuzen ere, Djibutin filmatu zuten zati bat, Somalia irudikatu nahian. «Eta han jabetu nintzen, maila batean, geure zibilizazioak sortutako arazoa dela, oso auzi zaharra dela eta zerikusia duela pobreen eta aberatsen arteko orekarik ezarekin. 2001ean terrorismoari gerra deklaratuta, haiek nahi zutena egin zen; neurri batean, geuk sortu genuen munstro hau», azaldu zuen.

Jonathan M. Legdgarden izen bereko nobela du oinarri filmak, eta Alicia Vikander eta James McAvoy aktoreek jokatu dituzte protagonisten rolak. Hain zuzen, Vikanderrek eta Legdgardek lagunduta egin zuen agerraldia zinemagileak, filmaren nondik norakoez hitz egiteko. Bizitza erabat ezberdinak dituzte bi protagonistek: biomatematikaria da Danielle Flinders (Vikander) eta Erresuma Batuko agente sekretua James More (McAvoy). Hotel batean topo egin, eta maitemindu egingo dira. Baina ozeanoak ikertzeko urpekari batean murgiltzekoa da Flinders, eta Somaliara joatekoa More, jihadismoaren aurkako misio arriskutsu batera, beraz, nork bere bideari ekingo dio. Bahitu egingo dute More, eta ezin izango dira elkarrekin komunikatu.

Pertsonaiek munduari bizkar emanda eta bere zilborrari begira bizi den gizarte bat irudikatzen ote duten galdetuta, Europa hartu zuen hizpide Wendersek: «Europa, zoritxarrez, oso egozentrikoa izan da azken urteotan. Historiari erreparatuta, munduari zabalik egon da, baina berriro mugak ixten ari gara, eta hori hondamendi bat da kulturalki; penagarria da. Nahi nuke filmak jendeari ikusaraztea Europa ez dela leku babestu bat eta gainerakoak molda daitezela ahal bezala, baizik eta planeta hau dela gure leku bakarra».

Hain zuzen, pertsonaien bidaiei jarraituz, mundu zabaleko paisaia ugari erakusten ditu filmak. Galiziatik Norvegiarako kostalde osoan jardun zuen zuzendariak paisaia horien bila, eta filmean duten pisua nabarmendu zuen. «Filmari asko ematen diote lekuek». Irudi horiek janzteko, Fernando Velazquez musikari getxoztarrak konposatutako eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak interpretatutako doinuak erabili dituzte.

Zientzialari baten buruan

Edonola, «alderdirik zailena» zelakoan, indarrak bi protagonisten arteko harremana eraikitzean jarri zituela azaldu zuen Wendersek, eta bi aktoreek eginiko lanarekin oso pozik geratu dela gaineratu. Vikanderrentzat, «plazera» izan da McAvoyrekin lanean aritzea: «Oso aktore kameleoikara da, interpretazio oso errealak egiten dituena, eta, benetako bizitzan, tipo oso dibertigarria». Bere pertsonaia eraikitzeko, ozeanoak ikertzen ari diren emakume zientzialariak aholkulari eta erreferente izan zituela azaldu zuen Vikanderrek. Itsasontzi batean egunak eman zituen haiekin horretarako. «Haien buruan sartzea izan da erronkarik handiena».

Dokumentalgintzan ere jardun du Wendersek urteotan, eta errealitatean isla duen istorio bat fikzionatu du orain. Bi generoen arteko aldean ez duela sinesten azaldu zuen. «Errealitatea beste edozer bezain garrantzitsua da fikzioan, eta dokumentalak oso fikziozkoak izan daitezke».

Kursaaleko publikoak nahiko epel hartu zuen Wendersen filma atzo goizean. Inaugurazioko filma izateak nolabaiteko presiorik eragiten ote zion galdetuta, ezetz erantzun zuen. «Ez nau arduratzen. Beste filmen ingurukoak bai, baina nire lanen inguruko kritikak ez irakurtzea aspaldi erabaki nuen».

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik