Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Albertxiko usaina

$
0
0

'Call Me By Your Name'

Zuzendaria: Luca Guadagnino. Herrialdea: Italia-Frantzia. Iraupena: 130 minutu.

Italiako herritxo bat, 80ko hamarkada. Bizikletak, albertxikoak eta piano hotsa. Familia judu-italiar-ingeles-frantsesa. Elio, 17 urteko semea, eta Oliver, haien etxean sei aste igaro behar dituen mutil amerikarra. Maitasun istorio bat erakusten digu Guadagninoren filmak. Baina ez nolanahikoa. Bi gazte hauen maitasuna errekan hartutako bainuez inguratuta dago, albertxiko zukuz, hitzen etimologiari buruzko azalpenez eta jendez betetako bazkari zalapartatsuez. Herri txiki bateko udara batean kokatzen gaitu filmak, Italiako herri txikia izateak duen xarma gehituta.

Pertsonaia interesgarriak ditu protagonistatzat James Ivoryk idatziriko gidoiak; xelebreak eta detaile txikiz beteak: aitaren arkeologia aurkikuntzak, amaren ipuinak, baita etxeko sukaldariaren xamurtasuna ere. Bigarren maila batean dauden pertsonaiak ere oso zainduak daude —isiltzen ez diren bikote italiarra, adibidez—. Eta multzo honetan guztian, ikusleak maitemintzen dituen protagonista: Elio. Liburu zale amorratua, musika transkribatzeko ohitura duena eta 17 urte dituen mutiko batentzat apur bat sinesgaitzak diruditen elkarrizketa erakargarriak dituen gaztea. Eliorekin bizi dugu istorioa, amerikarrarekiko duen miresmena sentitzen dugu, eta haren beldur eta minek hunkitu egiten gaituzte. Bi orduz jarraitzea merezi duen pertsonaia borobil batek soilik lor dezake halako efektua.

Zuzendariak ez zuen lan erraza: gidoiak sortutako mundu zirraragarri hori erretratatu behar zuen, nolabait urratu gabe, ikusleriaren begirada gidatuz eta Eliorengandik hurbil mantenduz. Guadagninok, bada, lan aparta egin du. Aktoreen hautaketatik soinu bandaren erabileraraino ibili da fin, eta hainbat elkarrizketatan zuzendari gisa esku hartzeko tentazioari eutsi dio, gidoi eta aktoreengan utziz pisua. Honela bakarrik lor baitaitezke kredituetakoa bezalako eszenak. Bikaina.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik