Asiako Gazte Orkestra
Zuzendaria: James Judd. Biolina: Vadim Repin. Egitaraua: C. Wongen As the heart soars, D. Xostakovitxen Biolinerako Kontzertua eta G. Mahlerren 1. Sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Abuztuak 23.Munduko kontinente handi eta jendetsueneko gaur egungo musikari gazte hoberenek osatzen duten orkestra sinfonikoa herenegun Kursaal auditoriumean entzundakoa baldin bada, Europa lasai asko egon daiteke; gehiago esango nuke, baita gure herria ere! Euskadiko Ikasleen Orkestrak duela urte batzuk Hego Amerikan egin zuen kontzertu bira hartako musikari belaunaldia Asiako Gazte Orkestraren parekoa da kalitate mailan. Egia da Europan tradizio handiagoa dugula bai Dimitri Xostakovitx edota Gustav Mahler fidagarriago bat lantzeko, baina mundua konkistatu eta gosez dabiltzan Ekialdeko gaztetxo hauek Claudio Abbadoren Luzerna hiriko orkestra entzutearekin azkar asko jakingo lukete zer den Mahler batek eskatzen duen soinu eta musika artikulazioa.
James Judd zuzendari britainiarrak ez zuen batere lagundu orkestraren ekoizpenean. Afinazioa gutxi landuta, haize egurra soinu txiki ulergaitzean, harizko instrumentuak arku ebatze ezberdinetan, perkusioa surik gabe Vadim Repin biolin artistarekin borrokatu beharreko erritmo dantzan eta haize metala indarraren mugak kontrolpean eutsi gabe. Tentsio handiko zeinu lehorrak zetozen podiumetik, musika esaldi bakoitzaren biribiltasunari kalte eginez. Europa Erkidegoko Gazte Orkestra izar handiz josita dago, lehenengo atriletik azkeneraino. Ordu pare bat iraun zuen emanaldi honetan ez nuen izarrik nabarmendu atril asiar hauetan. Harrigarria oso.
Bitartean, firmamentuko biolin jotzailerik distiratsuenetako batekin gozatzeko aukera izan genuen. Biolinak jaurtitzen zituen suziri guztiak soinu emankor zabalean oinarritzen ziren Repinen eskuetan, gazte orkestraren potentzia ezerezean utziz. Gazteak dira, ezagutzak ez dira hain sakonak, denbora badute kalitate handiko interpretazioak gauzatzeko, ez gaitezen hain gogor izan haiekin…Mila aitzakiaren babesean txalotu genezake asiarren jarduera, baina kontinente ikaragarri horrek eman ditzakeen fruiturik zirraragarrienak gaztetxo hauek badira, berriz ere aitortu beharra dut: lasai asko egon gaitezke.