Balthasar-Neumann Ensemble
Zuzendaria: Thomas Hengelbrock. Egitaraua: F. Schuberten Stabat Mater D175 eta Sinfonia Bukatugabea, eta Ludwig van Beethovenen op.86 Meza. Lekua: Donostiako Kursaala. Eguna: Abuztuak 19.Iazko Musika Hamabostaldiko kontzerturik hoberena Balthasar-Neumann taldeak eskainitakoa izan zen. Izugarrizko sorpresa izan genuen, kalitate ikaragarriko musikari pila, goraipatu beharreko elkarlan zoragarri batean. Aurten sorpresa ez zen larruazalean sentitzen, duela urtebete bizi izandako sentipenek ez ziguten txundigarri sentitzen uzten, baina entzundakoa goi mailako barazkiz jositako pure gozo bat izan zen. Elikagai guztiak bere jate puntu gorenean, denak elkarri lotuta, deseginda, nire alboan nuen musikari peto batek adierazi zidan bezala: «Orkestra kantatzen ari da, eta abesbatza, instrumentuak jotzen». Bai ahots taldeak, bai instrumentu sendiak, interpretazio bakar baten mesedetan aritu ziren, bakoitzaren talentua taldearentzat emankor izanik, onuragarritasunaren printzipio izateraino.
Nahiz eta Stabat Mater musikako pasarte dezentetan orkestra eta abesbatzak nota berak kantatu, eta horrek utzi zituen zikinkeria pasarteak bikaintasunetik urrun geratu, energia eta pasio aldetik Schubert jakitun bat eskaini zuten. Sinfonian barneratu baino lehen, arnasketa sakon bat proposatu zuen Thomas Hengelbrockek, bi piezen arteko loturari interesa emanez. Kontrabaxu hirukotea liluragarri, oboea zoragarri eta beste guztiak fidagarri izan ziren Schuberten ekosisteman. Balthasar-Neumann taldearen jatorrian abesbatza kokatzen da, orkestraren sorrera baino lehen. Beethovenen Meza-n abesbatzak aurrerapauso galanta eman zuen, aldi berean taldekide eta bakarlari zirela frogatzeraino. Ganbera musika zer den azaltzeko adibide eder eta preziatuena Balthasar-Neumannek eskainitakoan koka genezake. Irizpide berberetik hasita, pentagramako giltza guztien adierazkortasuna dotore plazaratzen dute musikari hauek.
Hitzak sobran, musika labean. Iazko urre distiratsua, aurtengo pure mamitsua.