Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

'Au Revoir Là-Haut' emango du Donostiako Zinemaldiak, lehiaz kanpo

$
0
0
Pierre Lemaitre idazle frantziar arrakastatsuak Gouncourt saria irabazi zuen 2013an Au Revoir Là-Haut nobelarekin, eta, orain, haren zinemarako egokitzapena aurkeztuko du Albert Dupontel aktore eta zuzendaria Donostiako 65. Zinemaldian. Sail Ofizialean emango dute, baina lehiaz kanpo, emanaldi berezi batean.

1918ko azaroan abiatzen dira hala Lemaitreren nobela nola Dupontelen filma, I. Mundu Gerraren hondarretan. Lubakietatik bizirik atera diren bi gizonek iruzur bat antolatuko dute gerran hildakoen monumentuen inguruan, eta haien operazioa arriskutsua bezain ikusgarria bihurtuko da. Dupontelek aktore gisa egin du lan batik bat, Gaspar Noeren (Irreversible), Michel Devilleren (La maladie de Sachs) eta Jacques Audiarden (Un héros très discret) filmetan, besteak beste. 1996an zuzendu zuen bere lehen filma (Bernie), eta, 2013an, 9 mois ferme aurkeztu zuen Donostiako Zinemaldian, Perlak sailean. Gidoi onenaren eta emakumezko aktore onenaren (Sandrine Kiberlain) Cesar saria jaso zuen filmak.

Dupontelen pelikula bezala, beste hiru film emango dituzte Sail Ofizialean emanaldi berezietan; hau da, lehiaz kanpo.Wonders of the Sea 3D Arnold Schwarzenegger aktoreak (The Terminator, Total Recall) ekoitzi eta kontatutako filma da, eta hiru urtez filmatu dute, Fiji eta Bahamak arteko ur azpiko uretan. Jean-Michel Cousteauk (Toulon, Frantzia, 1938) esploratzaile eta ekoizleak - Jaques-Yves Cousteauren semea da-, Jean-Jacques Mantellorekin elkarlanean filmatu du pelikula. Mantello aitzindaria izan da ur azpiko zinemagintza hiru dimentsiokoan; haren lanen artean, kasurako, 2009an Belodromoan proietatutako Ocean World 3D filma dago. Wonders of the Sea 3D dokumental ikusgarria da, ikusleari itsasoko altxorren eta horiek gordetzeko beharraren inguruko kontzientzia sorrarazi nahi dion filma.

Kimi no Na Wa / Your Name filma iaz estreinatu zuten Donostian, eta Japoniako azken urteetako animazio film arrakastatsuena bilakatu da orduz geroztik. Filmaren ekoizpen etxeak Uchiage hanabi, shita kara miruka? Yoko kara miruka? / Fireworks, Should We See it filma From the Side or the Bottom? aurkeztuko du aurten zinemaldian bertan, Sail Ofizialean, baina lehiaz kanpo. Akiyuki Shinbok eta Nobuyuki Takeuchik zuzendu dute filma, Shunji Iwairen izen bereko telesailean oinarrituta. Itsasaldeko herri batean dago girotua filma, opor garaian, eta Nazuna eta Norimichiren arteko adiskidetasun eta maitasun istorioa du ardatz.

Hiru lan horiekin osatu dute Donostiako Zinemaldiaren antolatzaileek Sail Ofizialeko emanaldi berezien zerrenda. Aurretik iragarria zuten Fernando Francoren Morir ere lehiaz kanpo emango zutela. Francok bi sari eskuratu zituen Donostian La herida bere lehenengo filmarekin: Epaimahaiaren Sari Berezia eta emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra (Marian Alvarez).

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik