'Atomic Blonde'
Zuzendaria: David Leitch. Aktoreak: Charlize Theron, James McAvoy. Jatorria: AEB. Iraupena: 115 minutu.
Humphrey Bogarten Rick bezalatsu, denetatik pasatzen ahal den hiri batean mugitzen da James McAvoyk gorpuzten duen David Percival Atomic Blonde filmean. Iragan mendeko 80ko hamarkadako bukaerako Berlin horrek antz handia du II. Mundu Gerrako Casablancarekin, kolore guztietako espioiak eta ekintzaileak batera eta bestera mugitzen mundu mailako gorabehera politikoen baitan.
Nolanahi ere, Percival ez da istorioko protagonista, eta erdibitutako hirira ailegatuko den Lorraine Broughtonentzat da pelikularen protagonismo ia erabatekoa, izenburutik beretik hasita. Rol hori jokatzeaz gain, Charlize Theron da ekoizleetako bat, eta filma bere burua nabarmentzeko egina dela argi geldituko da lehenengo minututik.
Izatez, erakargarria da haren pertsonaia: espioi generoaren rol klasikoak hankaz gora jarriko dituen agente gupidagabea. Harenak dira borroka koreografiatutako ostikada eta ukalbikada dotoreenak, eta harena da kolpe festa ikaragarria, zuzendariak plano sekuentzia bakarreko gordinkeria handiko borrokaldia oparitu nahiko digunean.
Elementu horiekin -testuinguru historikoarekin eta protagonista nagusi interesgarriarekin- Atomic Blonde-k izan bazituen lehenengo mailako osagaiak gutxienez taxuzko pelikula izateko. Zoritxarrez, horiek ez dira aski, filmak dituen bestelako hutsuneak estaltzeko.
Indefinizioarena da nagusia. Espioitza generoari eite berria eman nahian, David Leitchek ez du asmatuko norabide argi bat hartzen. Komikiaren itxurak eta formak gorde nahiko ditu -eleberri grafiko bat baita oinarria- baina erdizka eginen du hori. Cyberpunk kultura jaso nahiko du, baina azaletik besterik ez du lortuko. Erotismo tanta batzuk jarri nahiko ditu, baina dosi zainduan.
Horrekin guztiarekin, etengabe balantzaka mugituko da istorioa, eta hasierako aurreikuspen onak zeharo desitxuratuz joanen dira, amaierarik gabeko amaiera zentzugabe batekin errematatzeko.