Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Teatroa sortzearen antzerkia

$
0
0
S oinean daraman maskarari begira jarri zuen antzerkia Luigi Pirandellok (Villaseta de Cavasu, Italia, 1867-Erroma, 1936). XX. mendeko lehen erdialdeko antzerkigintzaren iraultzailetzat jotzen dute horregatik adituek, eta Eugene Ionesco eta Bertolt Brechtekin batera aipatzen dute horregatik maiz. Poesia, ipuinak, eleberriak eta saiakerak ere idatzi zituen, eta jada nagusitu zenean hasi zen antzerkia idazten, baina eszenarako egindako lanagatik pasatu da historiara. Asteazkenean bete ziren 150 urte idazlea jaio zenetik, eta omenaldi eta emanaldi ugari izan ditu nazioartean.

Leherketa bat deskribatzen den bezala deskribatu zuen Pirandelloren antzerkirako jauzia Luigi Almirante antzerkigile eta aktore italiarrak. «Luigi Pirandello, ez dakienik balego, 60 urteko antzerkigile gazte bat da: eta antzerkigile gaztea dela diot, urte gutxi direlako antzerkirako idazten dabilenetik. [...] Kontuan izan behar da Pirandellok antzerki ekoizpen hau guztia urtez urte metatu duela bere buruan, harik eta, egun eder batez, sumendi indartsu bat balitz bezala, eskuzabaltasun infinituz, azkartasun ikaragarriz gure ondare artistikoa maisulanez aberastera heldu den arte».

1927koak dira Almiranteren adierazpenak, eta esanguratsua da data. Izan ere, ordurako sei urte zeramatzan jadanik Sei pertsonaia autore bila antzezlanak oholtzetan. Pirandellok ordurako bazuen eleberri, ipuin bilduma eta poesia liburu sorta bat kaleratua. Kalean ziren, esaterako, Novelle per un anno ipuin bildumako lehen liburukiak (1922-1937), eta baita L'Esclusa (1901) zein Si gira (1915) eleberriak, eta, are, baita Cosi è (se vi parvi) (1917)eta Il Giuoco delle parti (1918) antzezlanak ere. Baina sona, autore bila zebiltzan sei pertsonaiari buruzko pieza hark eman zion sona, eta lan haren kausaz utzi zion publiko zabalaren begietara idazle izateari eta antzerkigile bihurtu.

1934an Nobel saria eman ziotenean ere antzerkian egindako lana nabarmendu zuen Per Hallstrom akademiako idazkariak. Aipatu zituen, noski, Pirandelloren nobelak, txalotu zuen haren prosaren bizitasuna, eta loriatu zuen garai hartako gizartea aztertzeko zuen zorroztasuna, baina nabarmendu, antzerkian egindako lana nabarmendu zuen nagusiki beste ezeren gainetik. «Analisi psikologikoak antzerki on bilakatzeko daukan indar ia magikoa da Pirandelloren artearen ezaugarririk azpimarragarriena».

Baina bada Hallstromen hitzaldian bereziki deigarri egiten den puntu bat ere, une batez, halako ekitaldiek izaten duten laudoriorako joera nabarmenetik urrundu, eta paragrafo bete eskaintzen baitio Pirandelloren lanek izan duten kritikarik errepikatuenari. «Maiz esan izan da Pirandellok ez duela ideia bakar bat baizik, nortasunaren, 'ni'-aren izaera ilusorioa. Erraz froga daitekeen akusazioa da, egia baita autore ideia horrekin obsesionatuta dagoela. Baina, nahiz eta ideia hori gizakiak sinesten, ikusten eta ulertzen duen guztiaren erlatibotasuna kontuan hartzeraino zabaltzen duen, akusazio hori bidegabea da».

Hots: ez da gaia soilik idazlea idazle egiten duena.

Eskandalutik txalora

Hain zuzen ere, maskara joko horretatik sortzen da Sei pertsonaia autore bila lana ere. Fartsaren eta egiaren arteko tentsio horretatik. Pirandelloren arabera, sei pertsonaia bururatu zitzaizkion egun batez, baina ez zitzaion haiek txertatzeko moduko kontakizunik bururatzen. Behin eta berriz zerabiltzan pertsonaiak buruan bueltaka, baina irtenbiderik topatzen ez, eta, azkenean, buruan gertatzen ari zitzaion horixe oholtzaratzea bururatu zitzaion: sei pertsonaia, beraz, beren existentzia justifikatzeko autore baten zain.

Hala kontatu zuen esperientzia autoreak berak 1925eko bertsioari egindako hitzaurrean. «Nire gogoaren sorkari izanda ere, dagoeneko nirea ez baina berena zen bizitza bat bizi zuten sei pertsonaia horiek, nik dagoeneko ukatzeko ahalmenik ez nuen bizitza bat».

Gaur egun ere, antzezlan hori da euskaraz irakur daitekeen Pirandelloren lan bakarra. Josu Zabaletak itzuli zuen, eta 2004an eman zuten argitara Literatura Unibertsala sailean.

Eskandalua piztu zuen piezak 1921ean Erroman egindako estreinaldian, baina berehala irauliko zen giroa, berehala arrakastaz arrakasta egin baitzuen Europarako bidea gero, eta, ezinbestean, antzezlan horri estu loturik pasatu da historiara Pirandelloren izena.

Faxismoaren alde

Kontra ere izan zuen haizea tarteka. Benedetto Croce idazlearekin aurrez aurreko bat baino gehiago izan zuen Pirandellok. Erromantizismoaren defendatzaile sutsua zen Croce, izan ere, eta Pirandellok, berriz, gogoz egiten zuen erromantizismoaren aurka. Crocek pisu handia zuen Italiako garai hartako literaturan, eta zaildu egin zion horrek zabalpena bere herrian bertan. Neurri batean, nazioarteko txaloek eman zioten oihartzuna sorterrian.

Bada Pirandelloren ibilbidean orban bat ere. Alderdi Faxistako kide egin zen 1924an, eta Teatro d'Arte erakundeko zuzendari izendatu zuen Mussolinik trukean. Ez zuen luze iraun harremanak, ordea. Haserreak izan zituzten agintariekin hasieratik, eta, lau urteren buruan, itxita zegoen erakundea. Pirandelloren lilura ez zen puntuala izan, ordea. 1934an ere, New Yorken bizi zenean, Italiako Gobernuak Abisinia bere menpe hartzeko kanpaina militarraren aldeko panfletoak jarri zituen, eta Nobel saria jaso zuenean ere, Italiako gobernuari eskaini zion domina idazleak, hura urtu, eta harekin lortutako dirua Abisinia hartzeko erabil zezan.

Bi taldetan bereizten zituen idazleak Pirandellok: «izaera historikokoak», batetik, eta, «izaera filosofikokoak», bestetik. Eta bigarren taldean kokatzen zuen berak bere burua. Idazle bat, bere maskarari begira.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik