Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Zahartzaro aktiboa

$
0
0
Errespetua irabazi egin behar omen da, galtzea erraza delako. Ingalaterrako Deep Purple talde beteranoak eskaini dezakeen onena eman zuen Barakaldoko BECen, ostiral gauean. Publikoaren zati handi batek erakutsitako jarrera, ordea, ez zen agertoki gainekoen maila berekoa izan. Kontzertua erretzen pasatu zutenak asko izan ziren —debekatua dago, noski—, eta sakelakoarekin emanaldi ia osoa grabatzen aritu zirenak, beste horrenbeste.

Oholtza gainean aritu zirenak hobeto portatu ziren. Rock gauari Floridako Alter Bridge taldeak eman zion hasiera. Ordubetean bost diskoetako kantuak tartekatu zituzten, eta Blackbird bigarren lanekoak nabarmendu ziren.

Ordutegia zorrotz beteaz piztu zuten agertokiko pantaila ikusgarria. Itzal artean agertu ziren Deep Purple taldeko bost kideak. Horien artean zegoen Ian Gillan abeslari hauskorra, Popeyeren kamiseta soinean. inFinite azken diskoko Time for Bedlam aurrerapen abestiarekin abiatu zuten emanaldi zinez duina.

Batez beste 70 urteko musikariak izan arren, zahartzaro aktiboa bizi dute. Jolas serio baten antzera uztartu zituzten abesti klasikoak (Fireball, Strange Kind of Woman, Lazy...) eta berriagoak (The Surprising eta Hell to Pay bikainak). Steve Morse gitarrak, sir Don Airey teklatu jotzaileak, Roger Glover baxuak eta Ian Paice bateriak maila paregabea eskaini zuten, Gillanen ahotsa babestearekin batera.

Azken txanpa izan zen gogoangarriena. Batez ere, Airey pianoaren aurrean bakarrik geratu zenean. Melodia, jolas eta beste eskainita, Santa Agedako doinu ezaguna atera zen bere hatzetatik, eta, berehala, Athleticen ereserkia. Bufanda soinean, kantu betean jarri zuen aretoa. Baina Smoke On The Water ezagunaren zain zeuden asko, eta ez zen falta izan. Joe South musikariaren Hush kantu klasikoaren moldaketarekin batera, kantuan jarri zuten aretoa.

Adiorik ez, Deep Purple.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik