Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Macondo unibertsoa

$
0
0
Dena gertatuko zen nobela bat idatzi nahi nuen, eta banekien sartuko nituela Aracatacako fantasiak, sineskeriak, estutasunak... Dena etxe baten barruan gertatzea nahi nuen [...]. Berehala konturatu nintzen hori ez zela posible, baina erabaki nuen gertaerak behintzat ez zirela Macondotik aterako». Joanarazi zuen Aureliano Buendia koronela gerrara, Erdialdeko amerikara; munduko hainbat lekutan topatutako tramankuluak zeuzkaten ijitoak eraman zituen herrira; pertsonaiei herrixkatik alde eginarazi zien... Baina narrazioaren abiapuntua beti zuen Macondo: hori zen Cien años de soledad nobelaren unibertsoa, guztiaren hasiera eta bukaera, agertoki nagusia, milioika irakurle liluratu dituen kontakizun erreal bezain alegiazko eta magikoa.

«Unibertso propio bat» sortu zuen Gabriel Garcia Marquezek (1927-2014) Macondon; hitz horiekin goraipatu zuen idazlea Suediako Akademiak Literaturako Nobel saria eman zionean, 1982an. 1950eko hamarkadaren amaieratik errealitatearen eta fikzioaren mugak batu zituela argudiatu zuen. Hain zuzen, errealismo magikoaren aitzindaritzat jotzen da kolonbiarra, eta korronte horren gailurtzat Cien años de soledad. Aurreko lanetan aipatua zuen arren, hor bihurtu zuen Macondo unibertso.

«Inoiz inork idatzi gabeko», eta «inoiz inork irakurri gabeko» nobela bat idatzi nahi zuen. Bidaia batean otu zitzaion hasiera, eta «barruan gehiago gorde ezin» zuen lehen esaldi hura idatzi zuen itzuleran: «Handik urte askotara, fusilatze pelotoiaren aurrez aurre, Aureliano Buendia koronelak aspaldiko arratsalde hura gogoratuko zuen, aitak izotza erakutsi nahian eraman zuenekoa». Ordutik, ez omen zion idazteari utzi egun bakar batez ere, eta hemezortzi hilabetez jarraian idatzi zuen bere ibilbidean gehien saldu eta itzuli den lanetakoa: 40 hizkuntzatara baino gehiagotara itzuli dute —euskarara ez, artean—, eta milioika ale saldu ditu mundu guztian.

Familia estu bizi izan zen tarte horretan. Idazleak bertan behera utzi zituen gainontzeko konpromisoak , eta Mercedes Barcha emazteak auzoko dendariarekin eta harakinarekin egindako tratuei esker jaten zuten. «Mercedesek hartu zuen guztiaren ardura, orduan inoiz baino gehiago». Bederatzi hilabetez egon ziren alokairurik ordaindu gabe, baina jabeak ez zituen etxetik bota; berriz ere, Barchari esker. Nobela idazten hasi eta urtebetera jaso zuten etxejabearen deia; hiru hilabeteko alokairua zor zuten ordurako. Barchak hitzeman zion senarrak liburua bukatu bezain pronto ordainduko ziotela dena, sei hilabete geroago. «Aski zait zure hitza», esan zion etxejabeak.

1966ko abuztuan joan ziren Barcha eta Garcia Marquez Mexiko Hiriko posta bulego batera, nobelaren originala Sudamericana argitaletxeko Francisco Porrua Paco-ri bidaltzeko asmoz. Guztira, 490 orriko nobela zen, paper arruntean idatzia. Bulegoko langileak paketea hartu, eta pisatu egin zuen: «82 peso dira». 53 baino ez zeuzkaten: bitan zatitu, eta erdia baino ez zuten bidali. Ostiral arratsaldea zenez, astelehenean bidali zuten falta zena, eta konturatu ziren alderantziz bidali zituztela. «Txarra izatea baino ez zaigu falta», esan zuen Barchak.

Eleberria amaitzen ari zela jaso zuen Porruaren deia. Ordura arte idatzitako lanen eskubideak nahi zituen, baina guztien eskubideak argitaletxe desberdinen esku zeuzkan, epe luzerako lotuta. Konpromisorik gabeko lan bakarra esku artean zuena zen, Cien años de soledad, eta horixe eskaini zion. Kopia telegramaz bidali, eta 500 dolarreko saria jaso zuen bueltan, aurrerakin gisa: azken bederatzi hilabeteetako alokairua ordaintzeko beste.

«Eskerrak hau hobea den»

Idatzi bitartean, maiz elkartzen ziren lagunekin Barcha eta biak. Lagunek jakin bazekiten buru-belarri ari zela lanean, eta, elkartzen zirenean, nobela kontatzeko eskatzen zioten. Kontatu zien, baina ez zen idazten ari zena: beste bat asmatu zuen. Alvaro Mutis izan omen zen behin betiko kopia irakurtzen lehena. Haserre deitu zion: «Liburu honek ez dauka zerikusirik kontatutakoarekin!». Eta gero, barre betean: «Eskerrak hau askoz ere hobea den».

Esperanza Araiza Pera mekanografoak egin zituen nobelaren kopiak. Garcia Marquezek txukundu ahala pasatzen zizkion pasarteak; astean bat. Hirugarren kapituluarekin etxera zihoala, istripu txiki bat izan zuen Perak: autobusetik jaistean, euria barra-barra, estropezu egin eta putzura erori zitzaizkion orriak. Inguruan zeudenek lagundu zioten jasotzen, eta, larrituta, arropa lisatzeko plantxa pasatu zien. Urte batzuen buruan aitortu zion Perak.

Liburuaren lehen alea jasotzean, originala puskatu zuten senar-emazteek. «Ez zitzaigun burutik pasatu ere egin hura izan zitekeela kopia guztien artean preziatuena, hirugarren kapitulu irakurgaitz hori eta guzti».

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik