Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Ezkutuko errealitatea

$
0
0
Espazio berean soinuak, argiak eta itzalak ikuslearekin nola nahastu aztertzen du Edwin Van der Heide (Hilversum, Herbehereak, 1970) artistak bere lanetan. Koloretako laserrak eta kea erabilita, hiru dimentsioko errealitatea sortzen duela dio. «Laserren bidez, existitzen ez den zerbait sortzen duzu, benetakoa den espazio batean». Beren-beregi Bilboko Azkuna zentroko atarirako ikus-entzunezko pieza bi sortu ditu Van der Heidek. Atariaren garaierak eta kristalezko hormek «berezi» egiten dute ikuskizuna, artistaren arabera. Eta osatu duen lanari buruz nork bere interpretazio propioa egitea nahi du. «Ez dago artelanaren eta ikuslearen arteko ezberdintasunik; ikuslerik gabe ez dagoelako lanik». Apirilaren 2ra arte izango da obra ikusgai, eta eguna iluntzearekin batera hasiko da ikuskizuna, egunero: 20:00etatik 23:00etara.

Konpositorea eta multimedia artista da Van der Heide. Musika elektronikoa sortzen du, eta argiekin batera sortutako ikus-entzunezkoak herritarrak biltzen diren espazioetara zabaltzen dihardu azken urteetan. Orain arte nazioarteko hainbat museo eta jaialditan erakutsi du bere lana. «Elkarreragina» bilatzen du artistak sorkuntza guztietan. Ikuslea obraren parte izatea nahi du, eta lanaren erdigunean herritarrak jartzen ditu horretarako. Hain zuzen, formula hori izan du ardatz Azkuna zentroko atarirako prestatu duen Elevated Projection lanetan ere. «Hau ez da beste nonbait sortu eta hona ekarri dudan lana. Bertan sortu dut, eta aretoak duen arkitektura erabili dut horretarako. Oso bitxia egin zait, garaiera handia duelako, eta baita kristalezko horma asko ere».

Herritarrak erdigunean

Elkarren osagarri diren bi pieza biltzen ditu Elevated Projection lanean. Artistaren hitzetan, geldoa da lehena, eta, bigarrena, aldiz, dinamikoagoa. «Lehen piezak espazioa eskanerretik pasatzen du argi eta soinuekin. Bigarrena arinagoa da, gehiago jokatzen du espazioarekin». Koloretako laserrek kea behar dute begi bistara agertu eta formak irudikatzeko. «Hiru dimentsioko errealitate ezkutua agertzen da laserrekin. Areto batean, aurrez ikusten ez ziren formak agertzen dira». Errealitate horren interpretaziorako ez du gakorik eman artistak, ordea. Eta atariaren alde batetik bestera mugitzera gonbidatu ditu ikusleak. «Obraren perspektiba eta interpretazioa ikusten den tokiaren araberakoa da. Horregatik, aretoaren alde batetik zein bestetik lana aztertzeko gomendatuko nieke ikusleei».

Ikusleak ikuskizunaren erdian sartzen ditu Van der Heidek. Eta kontraesana ere badu bere lanak horregatik. «Lana ikustera ez datozen herritarrak ere obraren parte bihurtuko dira aretora sartzen diren une berean».

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik