Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Aspaldiko laguna

$
0
0

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Hans Graf. Obrak: Ludwig van Beethovenen Prometeoren izakiak, Igor Stravinskiren Sinfonia eta Robert Schumannen 2. Sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal. Eguna: Martxoaren 3a.

Duela hogei urte, denbora asko pasatu zuen Hans Graf austriarrak gure artean. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari zenak bisita egin berri dio orkestrari honako honetan. Ziur aski, orkestra hobea aurkitu du Grafek, gaztetasun printza berriekin, baina iraganeko oroitzapenak gaurkotasunean mantentzen direla frogatu nahi izan du zuzendari izan zenak. Izan ere, ez du egitarau erosoa aukeratu aspaldiko lagunekin lanean aritzeko: Igor Stravinskiren Sinfonia da horren adibide. Zuzen eta garbi, askorik astindu gabe igaro da Grafen presentzia, eta, askotan, isiltasunaren dotorezia hauek eskertzekoak dira.

Lehen aldiz interpretatu du orkestrak Stravinskiren Sinfonia, eta gehiegi nabaritu da. Ilusiorik eza, nekea edota auskalo zer gertatu den, baina irakurketa soilean aritu da orkestra Sinfonia honetan, sakontasunik gabe eta oro biluzik, arima eta artisauaren lanabes finak hozkailuan gordeta utzi izan balitu bezala. Arku instrumentuak beren arteko lehia zentzugabean aritu dira; haize egurdunak musika notak soilik kanporatzen, eta, metaldunak, aldiz, urduritxo. Ziur naiz egunetik egunera eta hiriz hiri hobetuz joango dela obra honen interpretazioa, eta lehen erakustaldiko ñabardura traketsak ezabatuz joango direla.

Alemaniarren musikaren interpretazioan argudio bikainak izan zituen orkestrak loraldi gozoan barrena abiatzeko. Bai Beethovenen Oberturan, bai Schumannen Sinfonian, hegaldia nabariagoa izan zen, musika arnastuz, batetik bestera jario etengabean, eta Grafek berak bere ikuspegia hobeto azaleratzeko aukera izan zuen, musikarienganako iraganeko ezagutzak berrikusteko asmotan.

Topaketa polita izan da burukoa; hara hor Adagio expressivo zoragarria, nahiz eta orkestrako kideak ez diren guztiz askatasun baikorrean aritu. Stravinskiren interpretazioa salbu, kontzertu duina izan da, hurrengo astean biribildu behar duten egitarau zorrotzaren aurrerapen txukuna. Halere, esfortzuak bide beretik joan behar dira, eta freskoegi sumatzen diren obretan norberaren ematea etorkizunean zintzoagoa izango delakoan nago.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik