Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Soinua askatasun

$
0
0
Ez zaio arrotza Euskal Herrian aritzea. Gasteizko Unibertsitate Pabiloilan izan zen duela zortzi urte, 2009ko otsailaren 24an, Liars and Prayers (Thrill Jockey) bere bakarkako hirugarren lan laudatu eta gordina aurkezten —AEBetako errealitate sozialarekiko kezka eta kritika azaldu zituen bertan—. Gaur, Tolosan (Gipuzkoa) ariko da, Bonberenean, 20:00etatik aurrera, baina bestelako formatu batean, bestelako proposamen bat emanez. Ez baita geldi egotekoa Thalia Zedek, ez baita bertan gozo geratzekoa ere. Hasieran Donostiako Dabadaban jotzekoa zen, baina Tolosara aldatu zuten, datekin gaizki-ulertu bat egon zelako.

E deitu dio bere proiektu berriari, hiruko egitura duen taldeari. Zedekek berak (gitarra eta ahotsa), Jason Sanfordek (baxua; Neptune noise rock taldeko kidea) eta Gavin McCarthyk (bateria; Karate post-rock taldean aritua) osatzen dute hirukoa. Bai Sanford bai McCarthy, eta baita haien taldeak ere, Bostongo eszena alternatiboan itzala dutenak dira. Eszena horretan hezitakoa da Zedek bera ere, han egin baitzen musikari. Bostonera itzuli zen New Yorken 1980ko hamarraldiaren bigarren erdian urte zorabiagarri eta gordinak bizi ondoren ere. Live Skull post-punk taldeko kidea izan zen, eta arazoak izan zituen heroina menpekotasuna zela eta.

E egitasmoarekin lan bakarra plazaratu dute orain artean, taldearen izen berekoa. Iazko azaroan argitaratu zuten, Zedekek Eve bere bakarkako azken lana kaleratu eta hiru hilabete eskasera. Bakarkako seigarren lana izan zuen hura —oraindik bide horrekin segituko duela iragarri du—, eta egun taldekide dituenak izan zituen musikari bidaide. Hirurak leku desberdinetatik datoz, baina hirurak dira esperimentazioaren zale, hirurak noise musikaren, distortsioaren eta musika atmosfera desberdinen maitale. Codeine taldeko bateria jotzaile Chris Brokawrekin sorturiko Come taldearekin esperimentatu zituen rock musikaren alderdi horiek guztiak Zedekek. Lau disko goraipatu kaleratu zituzten 1990eko hamarraldian: 11:11 (1992), Don't Tell, Don't Ask (1994), Near-Life Experience (1996) eta Gently, Down The Stream (1998).

Disko gordina

E-k kaleratu duten diskoak erritmo eta intentsitate jolas bortitzak dakartza, girotze astunak, gitarra elektrifikatzeak, supituki egindako azkarraldi nahiz geldiuneak, eta taldeko hiru kideak txandatu egiten dira ahotsa jartzeko orduan gainera. Esperientzia sentsorial baten emaitza da, soinua askatasunarekin lotzeko joera baten ondorio ez ezik soinuaren bidez askatasuna probatu eta frogatzeko nahi baten emaitza.

Thalia Zedek 1961ean jaio zen, Washington DCn. Ama alemaniarra zuen, eta aita, lituaniarra. 15 urterekin gitarra jotzen ikasten hasi zen Patti Smithen musika ezagutu ondorenean, eta 18 urterekin Bostonera joan zen. White Woman, Dangerous Birds eta Uzi taldeetan aritu ondoren Live Skullen sartu zen 1987an. Komertzialki hedapen zabalik izan ez duen arren, AEBetako musika undergroundeko ikono garrantzitsuetako bat da egun ere.

KONTZERTUA

Taldea: E taldea: Thalia Zedek, Jason Sanford eta Gavin McCarthy.

Non: Tolosan, Bonberenean.

Noiz: Gaur, 20:00etan.

Prezioa: 8 euro.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik