Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Begirada betean, distira

$
0
0
Lula Carson Smith jaio zen, Ameriketako Estatu Batuetako hegoalde beroan, 1917ko otsailaren 19an; Carson McCullers ezizenez ezagutarazi zuen bere burua idazle gisa, 1940an, The Heart is a Lonely Hunter (Ehiztari bakartia da bihotza) nobelarekin. 23 urte zituen, baziren hiru urte senarraren —Reeves McCullers— abizena bere egin zuela. Lehen argitalpenarekin bereganatu zituen literatura zaleak. Tennessee Williams, W.H. Auden, Edith Sitwell, Karen Blixen Isak Dinesen eta beste hainbat idazlerekin sartu zen harremanetan. Reflections in a Golden Eye (Distirak begi gorri batean, 1941), The Member of The Wedding (Ezteikidea, 1946), The Ballad of The Sad Cafe (Kafe tristearen balada, 1951) eta beste eman zituen segidan.

William Faulkner, Flannery O'Connor, Truman Capote eta Tennessee Williams batzen omen zituen «Hegoaldeko gotiko» estiloan idazten zuela esan zuten batzuek; «hegoaldeko errealismoan» ari zela besteek; hegoaldeko idazlea zen New Yorken, horretan ados ziren denak. «Faulkner txikia» deitu zion norbaitek; «sugegorri» beste batek. Denek ez zuten maitatu, bistan denez. Ezta berak ere. «Hemingwayk baino gehiago daukat esateko, eta Jainkoak badaki Faulknerrek baino hobeto esan izan dudala» aldarrikatzeko adina ustea bazuen bere buruaz. Mitomanoa zen. Djuna Barnes, Katherine Anne Porter eta Annemarie Schwarzenbach izan zituen mitoetako batzuk.

«Nire gai gehienen oinarria bakartze espirituala da», esan zuen behin. «Argialdiak» aipatzen zituen bere idazketa prozesua azaltzean: «Nire ulermena zatikatua da. Pertsonaiak entenditzen ditut, baina nobela bera definitu gabe egon ohi da. Adur moduko batez agertu ohi da giltza batzuetan, egileak beste inork ulertu ezin duen istant horretan. Istant horiek, nire kasuan, eginahal handi baten ondoren etorri ohi dira. Nire lanaren bedeinkapena dira argialdiok. Nire obra osoa hala idatzia da».

Pertsonen arteko harremanen eta bere gizartearen sakoneko urak mugitzen dituen inkomunikazioa eta indarkeria ia fisikoki dastarazteko gaitasuna darie McCullersen idatziei. Ez naturala naturalizatzea lortu zuen, nerabezaroan dauden protagonisten bitartez askotan, begirada zorrotz bezain samurraz baliatuz.

Oinazeaz, terapiaz

Asko teorizatu izan da idaztearen botere terapeutikoaz. Carson McCullersen kasuan, idazketa terapia eta oinaze fisiko iturri izan zen aldi berean, umetako erreuma sendatu gabearen ondorioz gero eta ezinduago baitzegoen, urteek eta alkoholez betetako egunek aurrera egin ahala. «Oinazeak ia inoiz ez dit errukirik», zioen, zenbat eta ezinduago orduan eta gehiago behar zuen idazketari buruz galdetuta. Azken urteetan, Mary Mercer psikiatrak garrantzi handia hartu zuen idazlearen bizitzan. Duela bi hilabete, Carson McCullers in The Twenty-First Century (Carson McCullers XXI. mendean) lana plazaratu zuten Casey Kayser eta Alison Graham-Bertolinik, idazlearen obra, oharrak eta Mercerrekin egindako terapia psikiatriko saioak aztertuz.

Suzanne Vega kantariak, berriz, McCullersi eskainitako omenaldi diskoa plazaratu zuen urrian: Lover, Beloved: Songs from an Evening with Carson McCullers (Maitalea, maitatua: Carson McCullersekin egindako arrats bateko kantuak).

1967ko irailaren 29koa izan zuen azken goiza. Ordurako, idaztea ere galarazia zion perlesiak, ohera lotuta. Urte hartako apirilaren 18a eta abuztuaren 15a bitartean, bere memoriak diktatu zizkien bisitan joan zitzaizkion lagunei. Ez zuen bukatu ahal izan. Haren nobelek, narrazioek, antzezlanek, poemek eta gogoeta idatziek, haren begiradaren distirak agerrarazten zituen sakoneko uraren emariaz, Charles Bukowskik idatzi zuen:

Alkoholismoak jota hil zen

etzaulkian

tapakian bilduta

zetzala

bapore batean

bakardade izutuzko

haren liburu denak

maitasunik gabeko

[maitasunaren

doilorkeriazko

liburu horiek denak

haren besterik ez da geratu

udatiar ibiltariak

aurkitu zuen gorpua

eta kapitainari jakinarazi

ontziko beste norabait

aldatu zuten airean

eta denak

hark deskribatu bezalaxe

segitu zuen

gertatzen

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik