Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Erbestea akuilu izan zuen zinemagilea

$
0
0
1951. urtea. Ezkertiar usaina duen edonor susmopean dago AEBetan. Paranoia antikomunistak hartu ditu bere atzaparretan Broadway eta, batik bat, Hollywood, eta hasi dira Joseph McCarthy senatariak zuzentzen duen Amerikaren Aurkako Ekintzen Kontrako Batzordean deklaratzen hamaika idazle, gidoilari, aktore eta zuzendari. Sorgin ehiza abian da.

Batzorde horretara deitu zuten Joseph Losey zinemagilea ere (Wisconsin, AEB, 1909), baina zuzendaria Italian zegoen Imbarco a mezzanotte filma zuzentzen, eta sorterrira une hartan ez itzultzea erabaki zuen. 1952ko urrian bueltatu zen. Zerrenda beltzean zegoela jakin zuen orduan. «Hilabete egin nuen AEBetan, eta ez nuen lanik; ez antzerkian, ez irratian, ez hezkuntzan, ez zineman. Arthur Millerren The Crucible antzezlana prestatzekotan ibili nintzen, baina beldurtu ziren, [batzordeak] deitu ninduelako. Ezer aurkituko ez nuela ohartuta, alde egin nuen, eta ez nintzen hamabi urtean itzuli».

Joseph Losey, sorgin ehiza haren biktima ezagunenetakoa izan zena, ekarriko du gogora Donostiako 65. Zinemaldiak irailaren 22tik 30era egingo duen atzera begirakoan. Haren filmografia osoa, AEBetan hasi eta Europan jarraitu zuena, eskainiko du.

Loseyren filmografia hiru ataletan bana daiteke. Batetik, hastapenetan AEBetan garatu zuen horretan, kutsu sozial eta aurrekontu txikiko filmak egin zituen, zinema beltzarekiko lotura argiak erakusten zituztenak. Erbesteko bidea hartu zuenean, Ingalaterran hartu zuen aterpe, eta han zuzendu zituen bere ospea sendotuko zioten filmak, Harold Pinterrek idatziak, eta gizakien eta erakundeen arteko botere harremanez gogoeta egin nahi zuten sinbolismoz beteriko lanak. Azkenik, bere azkeneko sasoian, Italiako, Espainiako eta Frantziako ekoizpenetan aritu zen.

Egile engaiatua

Zinemagile baino lehen, antzerkigilea izan zen Losey, eta oholtzara eramandako obren izaera politikoak ezagun egin zuen 1930eko hamarkadako New Yorken. Garai hartan ezagutu zuen Bertolt Brecht antzerkigile alemaniarra, biak Sobiet Batasunean Sergei Eisenstein zinemagilearen mintegi batean parte hartzen ari zirela. Bidaia hura garrantzitsua izan zen Loseyrentzat, ez bakarrik sistema politikoa ezagutu ahal izan zuelako —1946an AEBetako Alderdi Komunistan sartu zen—, baita Brechtekiko harremana hasi zuelako ere. Hain zuzen ere, 1946an antzerkigilearen Galileo eraman zuen oholtzara, eta Keuner jaunaren kondairak-en egilea Amerikaren Aurkako Ekintzen Kontrako Batzordera deitu zutenean, Losey izan zuen ondoan. Hogeita hamar urte geroago berriro heldu zion Loseyk Galileo-ri, orduko hartan zineman.

Hollywooden egindako lehen urratsetan, Loseyren izena zinema beltz eta kriminalarekin harremana duten filmei lotua ageri da:The Lawless (1950), The Prowler (1951), The Big Night (1951)... Orduan egin zuen Fritz Langen M maisulanaren remake-a ere. Eta hortik aurrera, erbestea.

Loseyk azaldu zuenez, oso modu makurra zuten Hollywoodeko eskuindarrek komunistak atzemateko: «Howard Hughes ekoizleak I Married a Communist filma eskaini zidan [komunismoa salatu nahi zuen filma], eta ezezkoa eman nion. Gero jakin nuen hori zutela gorriak zein ziren jakiteko sistema».

Erresuma Batuan filmatu zituen bere lanik gogoratuenak; haietako hiru Pinterrek idatziak eta botere harremanen alegoria garbiak zirenak: The Servant (1963), Accident (1967) eta The Go-Between (1971). Hirurak izan ziren sarituak Erresuma Batuan, baita nazioarteko jaialdietan ere.

Donostiako Zinemaldiak gogora ekarriko du Loseyren lana, baina bitxia bada ere, zinemagileak harreman zaila izan zuen jaialdiarekin frankismo garaian. Hainbat film aurkeztu zituen Donostian; horien artean, The Romantic Englishwoman (1975). Zuzendariak eta Glenda Jackson aktoreak, ordea, Zinemaldira ez etortzea erabaki zuten, Francok ETA eta FRAPeko bost kideren kontra sinatu berri zituen heriotza zigorren aurkako protesta ekintza gisa.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik