Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Laguntzetan jasotakoa baino gehiago itzultzen du zergetan euskal zinemagintzak

$
0
0

Euskal zinemagintzaren sektorearen argazki bat aurkeztu du Ibaiak, Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak. Datuen bidez egin nahi izan du hori, sektorearen eragin sozioekonomikoaz Ikertalde etxeak egindako ikerketaren datuak mahai gainean jarrita. 2010-2015 urteen arteko epea hartu dute aztergai, eta 70 euskal ekoiztetxeren datu ekonomikoak baliatu dituzte. Epealdi horretan, gutxienez ekoizpen bat sortu zuten enpresak 93 izan ziren. Ikus-entzunezko ekoiztetxeak eta produkziorako zerbitzu osagarriak eskaintzen dituzten enpresak hartu dituzte kontuan, eta denen artean "sare sendoa" osatzen dutela ondorioztatu. Horren erakusle dira, Ibaia-ko arduradunen ustez, haien datu ekonomikoak: guztien artean 60 milioi euroko inpaktu globala eragiten dute, 27 milioi euro inguruko balio erantsia, eta ia 800 lagunentzako lanpostuak.

Epealdi horretan, orotara, 66 film estreinatu dituzte. Hala, urtean, batez beste, 11 lan luze ekoitzi dituzte enpresek: horietatik bederatzi fikziozko lanak izan dira, eta beste bi, berriz, animaziozko lanak. Fikziozkoen artetik, 2,5 izan dira euskarazko lanak, eta animazioari dagokionez, berriz, 1,8. Produkzioen kalitatea, gainera, etengabe hazten ari dela iritzi diote.

Diru laguntzei dagokioenez, berriz, ondorioztatu dute jasotakoa baino gehiago itzuli dutela ekoiztetxeek zergen bidez. 2014. urteko datuak aurkeztu dituzte: 3,9 milioi euro jaso zituzten enpresek ICAAtik (Zinemaren eta Ikus-entzunezko Arteen Espainiako Institutua) nahiz Eusko Jaurlaritzatik urte hartan, eta 4,5 milioi euro itzuli zergatan. Urteotan Madrilgo diru laguntza zuzenak erdira murriztu direla-eta, zerga pizgarriekin jarraitzeko eskatu diete sektoreko ordezkariek euskal instituzioei.


Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik