Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Ilogiko eta magiko

$
0
0

Suisse Romande Orkestra

Zuzendaria: Jonathan Nott. Pianoa: Nelson Goerner. Egitaraua: L. van Beethovenen Pianorako 4. Kontzertua eta 5. Sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma Eguna: Urtarrilak 29.

Suitzarrak Ludwig van Beethoven interpretatzen. Zorroztasun, bikaintasun eta egiaren bila abiatzen direla uste genezakeen Europa erdialdetik datorren interpretazio batetik, baina ez; errepertorioa hankaz gora jarri eta aldi berean emaitza liluragarria lortu zuten; batez ere, Bosgarren Sinfonia-n. Gaur egun egia bakar bihurtu den instrumentu historikoetatik urrun, orkestra handi batekin plazaratu zen Suisse Romande. Soinu boteretsua, indartsua eta askotan bonbardaketa baten irudia gomutarazten duen horietakoa. Entzuleen belarri eta begiak odolez gainezka, atentzioz, zalaparta gozagarri horrek zekartzan aldrebeskeriak eta sorginkeriak irensteko desiotan. Jonathan Nott zuzendari markatzaile gisa ez zitzaidan ez ulergarri ez eraginkor iruditu, baina ziurrenik entsegu lanetan musikari peto-petoa dela argi sumatzen da, musika ideiak bikainak baititu bere garunean ekoizten ari den musika gaindiezinean. Hala ere, orkestra ez zen batera joan askotan, tinbre koloreetan indarkeria maizegi sakondu zuten; horrek ez du beren produktua erosgarri izatetik aldentzen, Nottek lortzen duen musikaren lotura fusioa zoragarria baita.

Aurretik piano jotzaile bat: Nelson Goerner. Beethovenen Kontzertu-etatik zailenetakoa aukeratu zuen: laugarrena. Mila nota, mila arpegio eta gora eta behera, hautsa kentzeko aproposak diren hirudunez beteriko eskala mordoa. Zailtasunean nahiko eroso aritu zen, ez zuen kalamitaterik sufritu, baina musika desagertu egin zen. Arintasuna, garbitasuna eta hain zaila den erraztasuna mahai gainean jarri zituen, baina mila bider jorratzen diren notak eite hutsak dira beren barnean musika ez baitago. Horregatik ez zen liluragarri izan, entzungarria izan zen, baita txalogarria ere, baina ez genuen emozioz zipriztindutako hamar segundo ameslari aurkitu bere interpretazioan. Atzo gauean, Euskadiko Orkestra Pianorako Kontzertu berbera jorratzekoa zen, Nicholas Angelich pianistarekin; gorroto ditudan konparazioak ikusgarriegiak izango dira, ala ez, auskalo!

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik