Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

'Igarotzea' zer den

$
0
0
Rachel Dolezal izena ezezaguna egingo zaie segur aski egunkari honetako irakurle gehienei. Ameriketako Estatu Batuetan ere gauza handirik ez zekiten hari buruz duela astebetera arte; arraza bazterkeriaren kontra eta aukera berdintasunaren alde lan egiten duen Koloreko Jendearen Aurrerapenerako Nazio Elkarteko (NAACP) sail baten buru zen Dolezal, bi gurasoen aldetik europar zuri jatorrikoa, eta azken hamarkadan beltz moduan igaro dela zabaldu da. Etikoa ez den «esperientzia jabetze» salaketa dela eta, bere burua zuritze aldera, txikitatik «beltz» sentitu dela azaldu zuen Dolezalek, eta azken batean gizakia Afrikan sortu zela gaineratu. Alegia, duela berrogei urte ikertzaile talde batek aurkitu eta The Beatlesen abesti baten harira Lucy izendaturiko «lehen gizakiaren» leinukoak garen aldetik, denok dugu «beltzetik» zerbait. Afrikarra izatea eta beltza izatea gauza bera delako, jakina. Ez hori bakarrik; navajotik zer edo zer ere baduela adierazi zuen, batere originala ez den kontua, Amerikako estatubatuarretatik %85ek gauza bera esaten baitute, baita Mayflowerren heldutako lehen kolono haien ondorengo direla ere. Indiarrak akabatu ostean edonor izan daiteke indiar.

Ironiaz aparte, Dolezal kasuak interes handia piztu du, baita eztabaida ugari ere, AEBen historian zuri moduan igaro izandako beltzen gaia arras ezaguna delako baina beltz moduan igaro izandako zuriena ez horrenbeste. Zuri moduan igarotzea, azken batean, arrazakeriari ihes egiteko eta lan, bizileku eta bizimodu aukera duinak ziurtatzeko modua izan da hainbat beltzentzat XX. mende hasieratik, esklabotza deuseztatu zutenetik, hain zuzen. Garai hartan, beltz izatea ez zen azal kolorearen kontua bakarrik; beltz izendaturiko asko europar etorkikoak ziren —arbasoetako bat zuri izatearen ondorioz—, baina, tanta bakarraren legea delakoaren arabera, nahikoa da ahaide bat beltz izatea bat beltz izateko. Ondorioz, jatorri mistoko askok ezkutatu egiten zuten beren jatorri afrikarra. Lehen hamarkada haietan zuri moduan igaro zirenen kopuru zehatza jakitea ezinezkoa da, baina Charles S. Johnson soziologoaren aburuz 350.000 beltz igaro ziren 1900. eta 1920. urteen artean.

Garai horietan New Yorkeko Harlem auzoan bildutako idazleei, igarotzearen gaia gertukoa zitzaien, haietako hainbaten esperientzia zelako, eta idatzi ere idatzi zuten horretaz. Charles W. Chesnuttek, esaterako, AEBetako hegoaldean, Ipar eta Hego Karolina estatuetan, gerra zibilaren ostean hirirako bidea eta, horrekin batera, zuri moduan bizitzeko erabakia hartutakoen gorabeherak ditu hizpide The House Behind the Cedars lanean (1900, Zedroen atzeko etxea). Rena Walden da istorioko protagonista, arraza mistoko emakume gazte bat, nebaren urratsei jarraituta «igarotzea» hautatzen duena. James Weldon Johnsonen The Autobiography of an Ex-Colored Man nobelako (1912-1927, Gizon koloredun ohi baten autobiografia) pertsonaia nagusiak lintxamendu baten lekuko izan ostean, bere segurtasunerako beste horrenbeste egingo du, eta, Jessie Redmin Fauseten Plum Bun: A Novel Without Moral lanean (1928, Okaran opila: Moralik gabeko nobela), «igarotzea» bere ametsak betetzeko bidea da Angela Murrayrentzat.

Igarotzea ez da hasi eta amaitu egiten den prozesu bat; igaro egiten dena salatua izatearen beldur bizi da, Rena Waldeni gertatu bezala aristokrata zuri aberats batekin maitemindu eta haren familiak berak asmaturiko iragana auzitan jartzen duenean. Beldurrarekin batera lotsa dago, gizon koloredun ohiak sentitzen duena bezalakoa, igarota bere arrazakoei bizkarra eman diela uste baitu; eta errealitate gordina ere bai: Angela Murray ohartzen da kolore marra zeharkatzea ez dela nahikoa erabat aske sentitzeko.

Adibide gorentzat joak

Aipatu gaiak oso presente daude Nella Larsenen Quicksand (1928, Harea mugikor) eta Passing (1929, Igarotzen) lanetan, askorentzat igarotze literaturaren adibide goren direnetan. Passing, zehazki, Harlem auzoan bertan 1920ko hamarkadan kokaturik dago, eta jatorri mistoko Clare Kendry eta Irene Redfield haurtzaroko lagunen gorabeherak azaltzen ditu. Irene beltzen eskubideen aldeko mugimenduetan sartuta dabil; Clare, aldiz, zurien mundura igarotzen da. Mundu horrek, ordea, bizkarra emango dio Jack Bellew senarrak —zuria hura— iruzur egitea leporatzen dionean. Irenek bere buruari galdetzen dio zein izango den ondorioa. «Zer gertatuko litzateke Bellew Clarengandik dibortziatuko balitz? Halakorik posible zen? Rhinelander kasua hor zegoen». Rhinelander kasua delakoak garai hartako egunkarien lehen orriak bete zituen hilabetez. Leonard Kip Rhinelander zuri aberatsak auzitara eraman zuen bere emazte Alice Beatrice Jones, iruzurragatik, ez baitzion bere odol «koloredunaren» berri eman ezkondu aurretik. Jonesek azaldu zuen bere jatorri mistoa agerikoa zela, eta ez zuela inoiz ukatu. Epaimahaiak Jonesen aldeko erabakia hartu arren, ondorio lazgarriak izan zituen emakumearengan, epaimahaiaren aurrean biluztu behar izan baitzuen bere azalaren iluntasuna azter zezaten.

Rachel Dolezalen igarotzea ez zen bazterkeriaren, segurtasunik ezaren edo aukera falten ondorio izan. Ez zen, ezta ere, elkartasun keinu bat, zuritasunak dakartzan pribilegioen adierazle garbia baizik: jazarriaren rola jokatzea jazarpenaren esperientzia izan gabe. Txikitan inauterietan lumak buruan, arkua eta heziak eskuan indiarrez mozorrotzen gintuztenean bezala.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik