Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Hariz lotutako malenkonia

$
0
0
Mina, tristura, eta malenkonia. Horiek dira Luis Gonzalez Palma argazkilariak (Guatemala, 1957) egindako argazkien ezaugarrietako hiru. Haurra zela piztu zen gerra Guatemalan. Hiru urte besterik ez zituen. 30 urtean, gizakiaren alderik ilunena ezagutzea tokatu zitzaion. «Nire haurtzaroa, eta, beraz, nire bizitza erabat baldintzatu zuen guda hark. Horren eragina antzeman daiteke nire argazkietan». Giza izaeraz hausnartzea xede duen Gonzalez Palmaren 85 argazkiz osatutako Ukiezin denaren konstelazioak erakusketa bisitatu daiteke Iruñeko Nafarroako Unibertsitateko museoan martxo amaiera arte.

Ofizioz arkitektoa da Gonzalez Palma. Bere lanbidean izan behar duen zurruntasunetik «ihes» egin nahirik hasi zen argazkiak egiten. Esperimentatzea maite du bereziki. Argazkilaritzan horren ohikoak ez diren euskarriak baliatzen ditu, arroz papera eta urrezko ogia esaterako. Horregatik, argazkiak baino gehiago, koadroak egiten ditu kamerarekin hartutako irudietatik abiatuta.

Guatemalako artistaren lehen sorkuntzetako bat da Loteria , eta da erakusketa irekitzen duen obra. Judeako betunez tindatutako hamabi erretratu txikiz osatua dago. Irudiak ez ditu guztiz tindatzen. Zenbait argazkitan berezko kolorea uzten du, interesatzen zaizkion elementuak nabarmen ditu modu horretan. Indar handia duen lana da, Guatemalan horren errotuta dagoen jokoa berrintepretatzen baitu; herrialdean berezkoak direnak eta katolizismoarenak diren sinbolikoak nahastuz.

Erakusketa osatzen duten argazkietan ageri diren pertsona gehienek aurpegi tristea dute. «Nire kameraren aurrean jartzen direnei aurpegi tristea jartzeko eskatzen diet. Pertsona malenkoniatsua naizela sentitzen dut; ez azalean bakarrik, baita nire izaeraren erraietan ere», onartu du. Baina izaera malenkoniatsu horren atzean, «dotorea» izateko nahia ere badago. Irudien artean loturak egitea atsegin du, baina dotorezia apur hori galdu gabe. Hala, loturak egiteko hari gorria baliatzen du, gizakiaren zirkulazio sistema irudikatzen duen hari gorria. Sorkuntzak ikustera joaten denari, pentsarazi egiten dio, ikusten dituen elementu horien artean interpretazio propioa eginaraziz.

Euskarrian esku hartuz

Nafarroako Unibertsitateko museoko beheko solairu osoa hartzen du Gonzalez Palmak hiru hamarkadetan egindako lanen bildumak. Ez da azkar batean ikusteko erakusketa. Artistak berak jakinarazi duenez, ikusleak patxadaz ibiltzea nahi du. Berari ere gustatzen zaio bere obraren inguruko azalpenak patxadaz ematea, sorkuntzen bidez esan nahi duen hori ondo uler dadin. Esanahi horiek lantzean, euskarrien eraldaketa bilatuz esku hartzen du. Horren adierazlerik garbiena, ziurrenik, Zure begiradak distortsionatzen nau jakin gabe. Bizkartzainak seriea da. Arroz paperean errebelatutako bederatzi bizkartzainen argazkiek osatzen dute lana. Guztiek elementu anakronikoa dute jantzia: galota. Errenazimentu garaian, gizonezkoek dotorezia adierazle gisara janzten zuten. Gonzalez Palmaren lanean, Guatemalako gudaren ostean zereginik gabe gelditu ziren militar eta paramilitar ohiak dira galota daramaten gizonezkoak. Horietako asko, bizkartzain modura hasi ziren lanean. «Europan hori pentsaezina da, baina Guatemalan oso ohikoa da familia dirudunek hogei bizkartzain izatea», azaldu du, eta nabarmendu sarritan zaila izaten dela ugazaba eta langilea zein den bereiztea.

Argazki serie horretan, pertsonen arteko harremanaz hausnartzen du argazkilariak, langile eta nagusien arteko hartu-emanaz bereziki. Artistaren ikuspegia «partziala eta osatu gabea» denez, argazkiak tolestu, zimurtu eta distortsionatu egiten ditu bere senari jarraituz. Hala, seriean ez dago bizkartzainen argazki osorik, beti falta da zerbait. «Langileak artelan bilakatu ditut, eta horrek tentsioak eragin izan ditu. Tentsioak nik nahita bilatu ditut, pertsonen arteko hierarkia eta harremanez hausnarketa sustatzeko».

Bestalde, guda eta, hein berean, heriotza beti dira artista guatemalarraren sorkuntzan presente dauden gaiak. Errealitate horietan barneratu nahi izan du zenbaitetan, Istorio paraleloak deituriko seriean, esaterako. Argazkiak zirkulu forma eratzen duten paneletan daude kokatuta. Zirkulu horren barruan sartzera behartzen du bisitaria. Begirada batean nabarmentzen dira serie horrek agerian utzi nahi dituen sentimenduak: heriotza, mina, desioa, frustrazioa eta familiaren porrota. Behin eta berriz ageri da heriotza Gonzalez Palmaren lanetan. Dioenez, txikitatik heriotza horren gertutik ezagutzeagatik egin zen argazkilari, «errepikatuko ez diren une horiek, hiltzear daudenak alegia, hilezkor bilakatzeko».

Ikuspegien lanketa

Nafarroako Unibertsitateko museoaren Zubiak eraikiz programan parte hartu du Luis Gonzalez Palmak, beste hainbat artistarekin batera. Besteak beste, unibertsitateak duen artelanen funtsa bisitatzeko aukera izan zuen 2014. urtean. Bisita hartan ezagutu zuen Andre Disderi argazkilari frantziarraren Carte de visite moztu gabeko plaka seriea. «Izugarri» gustatu zitzaion. Hala, Disderiren lana abiapuntu gisara hartuta, hamazazpi artelanez osatutako Möbius seriea egin du. Hori du, ziurrenik, bere serie guztien artean apurtzaileena da.

Izan ere, argazkiek berezko dituzten bi dimentsioak gainditzen ditu artistak, lerro eta irudi geometrikoak baliatuz. Abstrakzioaren bidea urratzen duten irudien bitartez, errealitateak bereizten ditu. Bi dimentsioak gainditzeko bilaketa horretan, hasierako unean proposatzen duen abstrakzioa gainditu, eta irudi konkretuak ikus daitezke katoptriken bidez. Hau da, funtsean irudi distortsionatuak direnak objektu metalikoetan islatu eta figuratibo bilakatzen dira. Modu horretan erdiesten ditu errealitatearen bi ikuspegiak. Hala, artistak berak esku hartuta aurkezten dizkio bisitariari errealitatearen bi ikuspegiak, distortsionatua eta erreala. Bisitariaren lana da, bi errealitate horietatik zein aukeratuko duen erabakitzea.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik