Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Herritarra entzuten duen arkitektura

$
0
0
Proposamen estetikoari garrantzi handiagoa eman izan diote zenbait arkitektok beren eraikinetan. Beste zenbaitek, berriz, erabilgarritasunari edo kokatuta dagoen testuinguruari gehiago erreparatu izan diote. Bi aukerek ez dute zertan izan elkarren kontrakoak izan, ezta bakarrak ere, argi baitago arkitektura ulertzeko eta praktikara eramateko ikuspegi bat baino gehiago dagoela egun. Eta ikuspegi horietako bat, arkitekturan kontzientzia jasangarria aldarrikatzen duena islatzen du Architectus Omnibus? erakusketak. Galdera ikurra nahita erantsi diote izenburuari. Izan ere, arkitektoaren irudi «jainkotu» batetik urrun, bizi den gizartea entzuten dakien sortzailearena islatu nahi izan dute erakusketan, arduradunek azaldu dutenez. Ikuspegi horretatik landutako hamar adibide biltzen ditu erakusketak, eta Berlindik nahiz Madrildik pasatu ostean, Donostiako Tabakaleran ikusgai daude orain denak. Arkitekturaren Nazioarteko Egunean, atzo ireki zuten erakusketa, eta hilaren amaierara arte egongo da zabalik.

Espainiako Cervantes Institutuak eta Goethe-Institut Madrilek antolatutako VI. Topaketa Hispaniar-Alemaniarraren emaitza da erakusketa. Horren harira, beren proiektuak aurkezteko deialdia egin zieten Espainiako eta Alemaniako arkitektura estudio nahiz ikasleei, eta ehundik gora proposamenetatik hamar aukeratu zituzten erakusketarako. Guztiek oinarri bera partekatzen dute: Andres Jaque arkitektoak sortutako dekalogoa, zeinak «arkitekturaren praktikan joera hegemonikoei» aurre egiteko bideak aztertzen dituen. Hortaz, «ardura sozialaren testuinguruan» dauden proiektuek osatzen dute erakusketa.

Kutxa edo panel itxurako egurrezko hamar egitura baliatu dituzte euskarri gisa, haietariko bakoitzean proiektu bat erakusteko. Zirkuluan kokatu dituzte, Tabakalerako plazan; euskarri bakoitzak, kanpoaldetik, adibideetako bat aurkezten du, pantaila batek, irudiek edo objektuek lagunduta, eta barrualdetik, berriz, esertzeko aukera ematen dute egiturek.

Proiektuen artean dago, esaterako, Marina Fernandez Ramosen Kalea ehuntzea izenekoa: Caceresko Valverde de la Vera udalerriko (Espainia) kaleetan, emakumeek neguan kakorratzekin eta produktu berrerabilgarriekin sortutako itzalkinak jarri zituzten udan. Berlingo Stiftung Freizeit estudioak Worgl hirian martxan jarritako ekimena ere ikusgai dago: biztanleek hiria hobetzeko zituzten proposamenak adierazi eta eztabaidatzeko, Desiren bulegoa sortu zuten bertan. Gisa horretako beste zortzi proiektu bildu dituzte erakusketan.

Erakusketaren osagarri, bi solasaldi antolatu ditu M-Etxea kolektiboak. Bihar egingo dute lehena, eta hilaren 19an, bigarrena. Hainbat hiritan esperientziak aztertuko dituzte horietan, haietan aritutako kolektibo eta estudioetako kideak gonbidatuta.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik