Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Hiria sutan

$
0
0
Alde batetik, maitasun istorio gazi-gozo baten kronika da Yvonne Veraren Butterfly Burning (1998, Tximeleta sutan) nobela. Bulawayo hiriko Makokoba auzo beltzean 1940ko hamarkada amaieran giroturik, Zimbabwe Rhodesia zen garaian alegia, Phephelaphi emakume gaztearen ibilerak kontatzen ditu. Nola bera baino dezente zaharragoa den Fumbatha eraikuntza langileak lehen aldiz ikusi zuenean, liluragarria iruditu zitzaion, eta «jaiotzerakoan banatua izan zen oinazpiko lurrarekiko bezainbesteko nahia» piztu zuen harengan neskak. Nola langile xumea izan arren, bizimodu aparta eskainiko zion promesarekin limurtzen saiatu zen Phephelaphi, eta hark azkenean baietz esan zion Fumbathari, harekin ezkondu egingo zela, nahiz eta barru-barruan jakin ez zuela inoiz maiteko. Eta zailtasunak zailtasun, Fumbathak «memoria baino zabalagoa» den itxaropena elikatzen jarraitu arren, Phephelaphik eztanda egiten du egun batean. Sekula mamitzera helduko ez den bizimoduaren ametsak ezin du ederragotu gela bakarreko etxebizitzan daraman etxekoandre existentzia. Amaren heriotza tragikoaren aurretik jasotako heziketa onak ez zuen bizimodu horretarako prestatu. Aitzitik, burujabea eta buruaskia izaten irakatsi zion. Ezaugarri horiek beraiek erakarri zuten Fumbatha, Phephelaphi Bulawayoko gainerako emakume beltzen artean nabarmenarazi egiten zutelako. Baina ezaugarriok elikatu beharrean ia itoarazi ditu Phephelaphi emazte onaren rolera mugatuta. Okerrena da 1940ko hamarkadan emakumeentzako aukerak, beltzentzat batez ere, urriak direla Britainiaren menpeko Rhodesian eta sistemaren kontra, koloniala zein patriarkala, egiten duenak amaiera tragikoa duela zain.

Hiri kolonialaren eta espazio horrek ekoitzitako gizabanakoaren gaineko lana ere bada Butterfly Burning. Lehenengoak kilometroka oztopo gabeko ikuspegiak eskaintzen ditu, betiere begirada ortzemugara zuzenduz gero. Bestelako norabidea jarraitzen duen begiradak, zertxobait beherago zuzentzen denak esaterako, Rhodesia «Beltzak ez, zuriak bakarrik» kartelez josita dagoela antzemango du. Hiriak zaintzarako teknologia gisa jardun dezake, espazioak ondo bereiziz, desiragarriak ez diren gorputzen —beltzen— mugimendua kontrolatuz. Espaloietatik kanporatutako biztanle beltzak hiriko arrakaletan bizi dira. Baina indarkeria geografiko horrek berak mugikortasunerako desira pizten du nobelako pertsonaiengan. «Jendea hiritik dabil debekatuak dituen espaloiak zeharkatu gabe... Mugen gainean badakite zerbait, baita horrek gorputzean sortzen duen desiraz». Desira horrek eragiten duen egonezintasunak bultzatuta kolonialismoak ezarritako sistema hertsi eta itxiaren kontra asaldatu egiten da gizabanako beltza. Mendetasun jarrera erakustera beharturik egon arren, erresistentziarako aukeren eta espazioen bila ari da etengabe: «Orduan espaloian ttu egin eta aurrera egiten dute». Espaloiak ez du gorputz beltzik maite, baina azken horrek kontra egiten dio espaloiaren sakralizazioari.

Hiriak, kolonialismo aurreko eta osteko Zimbabwen, kontraesan hori du. Mugimendua ez da kontrolatzen hain erraza, hain zuzen mugimenduaren beraren metafora delako hiria. Butterfly Burning nobelan, gorputzena ez ezik, musika eta trenen mugimenduari buruz ere hitz egiten da. Biek ala biek, hiri eta herri arteko, kolonia zein nazioaren beraren mugak gainditzen dituzte, tokiko gorputzak sare zabalago baten barruan kokatuz. Hain zuzen, Rhodesiako trenbideen egoitza nagusia delako da Bulawayo ezagun. Trenak definitu egiten du hiria, «eta hiria», dio nobelako narratzaileak, «trena bezalakoa da. Kea zabaldu egiten du norabide guztietan, eta gertu begiratuz gero, mugitu ere egiten da».

Literaturatik harago

Gutxitan gertatzen da literatur lan batek historia lan bat inspiratu izana, baina hala gertatu da Butterfly Burning nobelaren kasuan. Terence Ranger historialariak Veraren liburua irakurri ostean erabaki zuen Bulawayo Burning: The Social History of a Southern African City 1893-1960 (2010, Bulawayo sutan: Hego Afrikako hiri baten historia soziala) idaztea. Bulawayoren erretze metaforiko eta hitzez hitzekoa azaltzen du liburuak. Hitzez hitz, bitan erre zuten: Lobengula erregearen aginduz su eman zioten hiriari 1893an, eta 1960an, kolonialismo garaiko Zhii matxinadaren harira, beste horrenbeste gertatu zen. Erretze metaforikoa kolonialismo eta haren osteko gizarteko hainbat arloren arteko borrokari lotuta dago: nola promesak ahitzen doazen ordena aldaketak ez duelako nahitaez errotiko aldaketarik ekartzen. Genero, klase eta arraza kontuei heldu gabe, ezin kolonialismoa garaitu. Eta horrek erretzen du hiria, barru-barrutik erre ere.

Burning Butterfly-ren narrazio estiloari jarraituz, biografiatik abiatuta heltzen dio historiari Rangerren lanak. Kolono zuriak eta afrikarrak, gizon zein emakume, gazte zein adineko, modernistak zein tradizionalistak, kanpotar zein tokiko... Talde horiek guztiek hiriarekiko beren eskubidea aldarrikatzen dute, baita hiriari buruzko irudi ezberdina eskaini ere. Nabarmentzekoa da Tanger Charles van Onselenek eta Ian Phimisterrek 1929ko fakzio borrokan beltzek jokatu zuten rolaren gainean idatzitakotik —bi egileen ustez langile moduan baino ez dira azaltzen, inolako parte hartzerik gabe— aldendu egiten dela. Aitzitik, lehenago Bulawayo Burning-en azaldu bezala, hiriaren sortze eta desegite prozesuan partaide garrantzitsu izan zirela erakusten du.

Emakumeei ere espazio zabala eskaintzen die Tangerrek, batez ere afrikarrei, Bulawayoko «tximeletak», kolonialismo eta patriarkalismoaren kontra borrokatu behar izan zutenak. Phephelaphik bezala.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik