Graham Parker (Londres, 1950) indar handiarekin estreinatu zen 1970eko hamarkadaren erdialdean. Punka iragarriz nolabait. Ez Sex Pistols, The Damned eta enparauek epe oso laburrean azalduko zuten haserrea eta jotzeko azkartasuna bere egiten zituelako, baina bai, ordea, rockaren berezko energia aldarrikatzen zuelako, sofistikazio eta egitura hanpatuetatik ihesi. Pub-rock deiturikoaren erreferenteetako bat bilakatu zen Parker The Rumour taldearekin —Dr. Feel-good, Eddie & The Hot Rods eta beste batzuekin—, baina, garai loriatsu hori igarota, Parkerrek —ordurako The Rumour gabe— bere basamortuko zeharkaldi propioa hasi zuen. Bakarka, maisuei (Bob Dylan, Van Morrison, The Rolling Stones) dien miresmena kantu propioen bidez aireratuz. Baina beti bigarren mailan, nahiz eta nabarmentzeko moduko diskoak argitaratu (Another Grey Area, The Mona Lisa's Sister, Struck by Lightning).
Gauzak zer diren, orain dela hiruzpalau urte, erdi-kasualitatez Parker The Rumourreko kideekin berriro elkartu eta inork espero ez zuenean, birbideratu egin dute duela 35 urte etendako bidea. Zeini eta Judd Apatow zinema ekoizle ezagunari esker. Parkerren miresle aitortua, Apatowk kantari ingelesa gonbidatu zuen This is 40 (2012) komedian ager zedin, eta baita The Rumourreko gainerako kideak ere. Eta bat-batean abian zen makina berriro ere. Three Chords Good (2012) disko estimagarria izan zen lehenengo fruitua, eta hiru urte geroago hemen dira berriro beste ale aparta batekin: Mystery Glue.
Diskoaren izenburuak, itsasgarri misteriotsu horrek, txantxaz erreparatzen dio Fritz Zwicky astrofisikoak materia ilun deitu zionari: «Itsasgarri misteriotsua da unibertsoa batua mantentzen duena. Beti bezala, The Rumourreko kideei kantu berriak aurkezten dizkiedanean, haiek sutsu lan egiten dute abestiei zentzu bat emateko, askotan zuzenak ez diren bertsioekin, oso oker dabiltzanekin. Baina, bat-batean, denak zentzua hartzen du, itsasgarri misteriotsu batek gu guztiok elkarrekin mantenduko bagintu bezala». Eta hor dira Bob Andrews, Brinsley Schwarz, Martin Belmon, Andrew Bobnar eta Stephen Goulding, jatorrizko The Rumourreko kideak.
Egun gutxi batzuetan grabatuta, Mystery Glue ez da aldentzen Parkerrek bakarkako ibilbidean jorratutako bideetatik, baina bereziki inspiratua erakusten du egilea. Hala rhythm & blues egitura dirdiratsuetara hurbiltzen denean (Swing State), nola tempo ertaineko kantu dotore eta malenkoniatsuak egiten dituenean (Transit of Venus, Flying to London), soula bere erara moldatzen duenean (Going There) eta rock-and-rollaren manerak bere egiten dituenean (Raiload Spikes). Mystery Glue-ren ikuspegi zabalaren erakusle, Fast Crowd azken urteetako Bob Dylanek idatzia izan zitekeen, eta My Life in Movieland umoretsua —edo sarkastikoa, Hollywooden izandako esperientziaz mintzo baita— Randy Newmanen eremuan kokatzen da bete-betean. Estilo eta joera nahasketa horrek guztiak, ordea, ez du loturarik gabeko lana bilakatzen Mystery Glue, osotasun bat eta egiteko modu oso ezaguna erakusten baititu diskoak.
Klase kontzientzia
1970eko hamarkadan musika egiten hasi baino lehen, Parker gasolindegi batean aritu zen lanean, eta langile kontzientzia horrek bere bizitza guztian lagundu du, nahiz eta denborarekin ñabardurak gehitu dizkion bere jarrerari. Lehen, haserrea eta amorrua bistaratzen zituen, eta orain, aldiz, ironia. «Lehen, maitasun kantu bat abesten nuenean ere haserre ematen nuen; orain, kantuak eskatzen didanera makurtzen naiz. Baina nire kantuak inoiz ez dira sentimentalak izango. Beti izango dituzte ertzak, ironia eta garraztasuna».