Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Malgutasun indartsua

$
0
0
Katalanezko narratibak 36ko gerraren osteko lehen hamarkadetan izandako idazle nagusi, ezagun eta eraginkorrenetako bat izan zen Manuel de Pedrolo (Els Plans de Sio, Lleida, Herrialde Katalanak, 1918 - Bartzelona, 1990), sortzaile nekaezin eta oparoa, ehun liburu ingururen egilea: 70etik gora nobela, hamabost antzerki lan, hiru poema liburu eta bederatzi artikulu bilduma; horri guztiari, gainera, katalanera itzuli zituen 45 liburuak gehitu behar zaizkio. Haren liburuetako batzuk balio handikoak izan ziren belaunaldi berrietako zaleak literaturara oro har eta katalanezko literaturara erakartzeko, batik bat haren obrarik ezagun, itzuli eta zabalduena, Bigarren jatorriko makinaizkribua nobela. Ostiralean 25 urte izango dira Pedrolo hil zenetik, Bartzelonan, 1990eko ekainaren 26an.

Zinemagintzarako interesa eta zaletasuna izan zuen gaztetan, are 36ko gerra hasi aurretik ere, baina zinemagintzaren munduan sartuz gero gaztelaniaz lan egin beharko zuela jabetzeak mundu hartatik urrunarazi zuen, eta literaturara bideratu, idazle gisa bazuelako, zinemagile gisa ez bezala, katalanez lan egiteko aukera.

Pedrolok idatzitako nobela bat, Joc brut (1965), oihartzun handiz iritsi zen, hala ere, zinema aretoetako pantailetara, Juan Antonio Bardem zinemagile espainiarrak El poder del deseo (1975) zuzendu baitzuen hartan oinarrituta, aktore nagusi Marisol zuela, Espainiako ezagunenetakoa garai hartan. Pedrolok ez zuen gustukoa izan Bardemek zuzendutako lana, eta halaxe adierazi zuen argitara emandako artikulu batean. Josep Maria Forn eta Tomas Muñoz zinemagileek ere Pedroloren kontakizunetan oinarritutako filmak zuzendu zituzten, baina lan horiek ez zuten inondik inora ere Bardemen El poder del deseo-k adinako oihartzunik izan.

Idazle gisa 1949an hasi zen ezagun egiten Pedrolo, Ésser en el món poema liburua argitaratu zuenean. Baina eleberrigintzan nabarmendu zen batez ere gero. 1954an argitaratu zuen lehen nobela, Es vessa una sang fàcil, idatzi zuenetik bi urtera. Hurrengo liburuetako asko ere halaxe argitaratu zituen, atzerapenez, zentsurarekin izandako arazoen ondorioz. Totes les bèsties de càrrega eleberriak (1967) oihartzun handia izan zuen. Gertuko gertakari historikoei buruz idazten ausartu zen lan hartan, horretarako erreferentzia sinbolikoetara jota, zentsura eta zigorrak saihesteko.

Bigarren jatorriko makinaizkribua eleberria (Mecanoscrit del segon origen jatorrizkoan) 1974an argitaratu zuen, ekologiaren inguruan zituen kezkak islatuz idatzia neurri handi batean. Hondamendi baten ondoren bizirik geratzen diren bi ume dira nobelako protagonistak, Alba eta Didac. Telebistarako egokitzapen bat izateaz gain, hizkuntza askotara itzuli da eleberri hori, eta horien artean dago euskara. Jokin Lasak itzulita, Elkar argitaletxeak kaleratu zuen euskarazko itzulpena, 1989an. «Hizkera zuzena, laua, erraz-erraz sartzen dena, berezkotasunez isuria, gai erakargarria lantzeko, esku leunaz eta laztanez, baita heriotza agertzen denean ere, hara hor hainbat neraberen iniziazio liburua izan dugun honen gakoa azterlarien eritzian», idatzi zuen Edorta Jimenezek Argia aldizkarian, Pedroloren Bigarren jatorriko makinaizkribua-ren analisi kritikoa egitean. «Psikologo eta pedagogoek ere aztertu izan dute behin baino gehiagotan fenomenoa, hala zelan Emili Teixidorrek, hurrengo hitzetan laburtuz bere eritzia: 'Iniziazio edo sartze-liburuaren egitura du beronek, hainbat eskola-gazteren buru-egiturak eskatzen dituen ezaugarriak betetzen bait ditu. Hala bada, heziketa sentimentalaren edo horren antzeko zeozer da, egungo burokrazia guztiei hainbatetan darien ustelkeriari buruz'».

'Gizona eta ez' antzerki lana

Ez da, hala ere, Bigarren jatorriko makinaizkribua eleberria euskarara itzulita argitaratu den Pedroloren obra bakarra. Aurretik, 1969an, Xalbador Garmendiak haren Homes i no antzerki lana itzuli zuen, eta Egan aldizkarian argitaratu, Gizona eta ez izenburuarekin.

Duela bost urteko Correllenguaren barruan, lore eskaintza egin zioten Pedrolori Els Plans de Sioko Aranyo gazteluan, hots, jaio zen etxean, haren heriotzaren 20. urteurrena zela gogoratuz. Aurten, 25. urteurrena gogoan, bestelako hainbat ekintzaren artean, Javier Morillas Snap artistak 200 metro koadroko horma irudia egin du Tarregan (Lleida, Herrialde Katalanak) Pedroloren omenez. Idazle malgu baten indarra islatu nahi izan du bere lanean Snapek. Horregatik, honako hau irakurtzen da horma irudiaren goiko partean, Pedroloren aurpegia erakusten duen irudi handi baten ondoan:«Entre la intransigencia i la feblesa, la flexibilitat» (Intrantsigentziaren eta ahultasunaren artean, malgutasuna»).

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik