Hasierako kredituetan sartu da jada Donostiako Zinemaldia. Irailaren 16tik 24ra egingo da 64. jaialdia, baina antolatzaileak hasiak dira emango dituzten filmak aurkezten. Aurreratuta zuten Ewan McGregor aktoreak zuzendutako American Pastoral lanaren proiekzioa, Oliver Stone zuzendariaren Snowden filmarena, J.A. Bayonaren A Monster Calls lanarena —azken bi horiek lehiaz kanpo—, baita Alberto Rodriguezen El hombre de las mil caras, Rodrigo Sorogoyenen Que Dios nos perdone eta Jonas Truebaren La reconquista pelikulena ere. Sail Ofizialean izango diren beste zazpi izen jakinarazi dituzte orain. Izen handiak, tartean. Urrezko Maskorra lortzeko lehian izango dira Bertrand Bonello, Fernando Guzzoni, Arnaud des Pallieres eta Hong Sang-soo. Eta beren lehen pelikulak aurkezten izango dira Miles Joris-Peyrafitte, Johannes Nyholm eta William Oldroyd ere.
BERTRAND BONELLO
'Nocturama'
Bogan dago zinemagile frantziarra. Fipresci saria eskuratu zuen Cannesen 2001ean Le Pronographe filmarekin, eta jaialdi horretako sail ofizialean izan dira bere azken hiru lanak ere: Tiresia (2003), L'Apollonide. Souvenirs de la maisen close (2011) eta Saint Laurent (2014). Ikusmira piztu du horregatik Donostiako Zinemaldian aurkeztuko duen Nocturama lanak ere. Azaroko atentatuen aurretik errodatu zuten filma, baina gaurkotasuna du gaiak. Parisen gazte-talde baten kontakizuna egiten du filmak; badirudi plan bat jarraitzen dabiltzala. Paris lehertzeko zorian dago.
ARNAUD DES PALLIERES
'Orpheline/ Orphan'
Ibilbidea egin du Arnaud des Pallieres zinema zuzendariak ere, Parisen izandako juduen aurkako jazarpenari buruzko Drancy Avenir saiakera filmikoa errodatu zuenetik (1997). 2008an filmatu zuen Parc eta Cannesko Sail Ofizialean izan zen 2013an Michael Kohlhaas lanarekin. Orain lau emakumezkoren bizitzetako lau momentu harrapatzen dituen Orpheline aurkezten izango da Donostian.
FERNANDO GUZZONI
'Jesus'
Aurrez Donostian egona da Fernando Guzzoni zinema zuzendari, gidoigile eta ekoizle txiletarra. Bere lehen fikzioko lana aurkezten izan zen 2012an, eta Kutxa-Zuzendari Berriak saria irabazi zuen. Carne de Perro hartan torturatzaile izandako gizon baten kontakizuna egiten zuen filmak, eta sari gehiago jaso zituen Zinemalditik pasatu ostean ere. Orain Jesus pelikula aurkeztuko du Sail Ofizialean. Aita-seme batzuen harremana kontatzen du filmak, eta bere sorterriaren erretratu bat eskaintzen du haien bidez.
HONG SANG-SOO
'Dangsinjasingwa dangsinui geot/ Yourself and Yours'
Koreako Woody Allen deitzen diote Hong Sang-soo zinemagile hego korearrari. Eta haren emankortasuna da horretarako arrazoietariko bat: hemezortzi film luze grabatu ditu bere ibilbide osoan. Eta bikote harremanei ematen dien zentraltasuna da beste arrazoietariko bat. Baina eman, bere zinemagintza ulertzeko modu pertsonalak eman dizkio sariak. Zuzendari onenaren Zilarrezko Lehoinabarra jaso zuen Locarnoko zinema jaialdian, adibidez, Our Sushi filmarekin (2013), eta Urrezko Lehoinabarra 2015ean Right Now, Wrong Then lanarekin (2015). Maitasun istorio baten kontakizuna eramango du Donostiara ere. Pintore baten eta haren neska-lagunak osatzen dute protagonista bikotea.
MILES JORIS-PEYRAFITTE
'As You Are'
23 urte ditu Miles Joris-Peyrafitte zinemagile eta aktoreak, eta bere lehen film luzea aurkeztuko du Zinemaldiko Sail Ofizialean. Sundanceko zinema jaialdiko Epaimahaiaren Sari Berezia jasota dator filma Euskal Herrira, ordea, eta bi neraberen arteko harremana aztertzen du polizia ikerketa baten bidez. Amandla Stenberg (The Hunger Games) eta Owen Campbell (Conviction) ditu pelikulak aktore taldean.
JOHANNES NYHOLM
'Jatten/ Giant'
Las Palmas film laburrarekin ezagutu du aparra Nyholm zinemagile daniar-suediarrak. Suediako, Finlandiako eta Erresuma Batuko zinema jaialdietan saritu zuten lan hura, eta bere lehen lan luzea aurkeztuko du orain Donostian: Jatten/Giant. 30 urteko Rikarden istorioa kontatzen du pelikulak. Autista da, malformazio larriak ditu, eta minez bizi da jaiotzean amarengandik bereizi zutelako. Petanka txapelketa irabaziz gero amak berriro onartuko duela konbentziturik dago, eta horretan saiatuko da buru-belarri.
WILLIAM OLDROYD
'Lady Macbeth'
Best film laburrarekin lortu du izena zinemagintzan William Oldroyd zuzendariak, eta bere lehen film luzea aurkezten dabil orain. Alice Birch idazlearen gidoia hartu du oinarri, eta XIX. mendean girotu du Lady Macbeth. Pasio debekatuak eta heriotza ditu ardatz nagusiak, eta lan horrekin lehiatuko da Zinemaldiko Sail Ofizialean.