Lan baldintza "duinak" eskatzeko greba egingo dute Guggenheim museoko hezkuntza saileko 18 hezitzaile eta orientatzaileek. Manpower Group Solutions enpresak azpikontratatuta daude langileak, eta ez da beren "egoera prekarioa" salatzen duten lehen aldia. Joan den uztailaren 28an egun beteko greba egin zuten.
Enpresarekin bildu dira gaur langileak, sindikatuetako kideak eta museoko ordezkariak, auziaz hitz egiteko. Enpresak haien eskakizunekiko "konpromisorik" ez duela salatu dute langileek, eta abuztuko eta iraileko bederatzi egunez greba egingo dutela azaldu dute. Greba mugagabera deitzeko aukera ere ez dute baztertu, enpresak lan baldintza "prekario" eta "ezegonkorrei" buruz hitz egiteko eta horiek aldatzeko jarrera erakusten ez badu.
Hezitzaile postua betetzeko, lizentziatura, hizkuntzak eta masterra eskatzen ditu enpresak, baina 5,35 euroko oinarrizko soldata gordina dute -gehigarriekin, 12,30 asko jota-. Antzinatasunik ez dute, ezta hilabeteko lanordu kopuru gutxienekorik ere. Enpresaren "utzikeria" salatu dute langileek, baina nabarmendu dute "erantzukizuna" ez dela enpresarena bakarrik. Haien ustez, 18 langileek duten egoeraren arduradun dira Guggenheim museoko patronatua osatzen duten erakundeak ere -Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Solomon R. Guggenheim fundazioa-.
Soldatak igotzeko eta subrogazioa ezartzeko eskatu dute hezitzaileek. Irailaren 30ean amaituko da museoak Manpower Group Solutions enpresarekin duen kontratua, eta deialdi publikoa egingo dute, hezkuntza zerbitzuak zer enpresak eskainiko dituen erabakitzeko. Deialdia irabazten duen enpresari subrogazioa baldintzen artean ezartzeko eskatu dute langileek -enpresak egungo langileak kontratatu beharko lituzke-, horrek egonkortasuna bermatuko bailieke.