Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Ahots berriei aukera emango diete 2016ren ostean ere

$
0
0
Donostia 2016k, Ahotsak egitasmoaren barruan, Berriak ildoa antolatu du, hainbat arlo artistikotako talentu berriak identifikatzeko eta horiei prestakuntza emateko. Europako Kultur Hiriburutzak hasieratik azpimarratu du talentu sortzaile berrien beharra, eta 2016. urtea baliatu du haiei aukera bat emateko. Hala ere, hurrengo urteetan egitasmo horiekin jarraitzea espero dute, Xabier Paya Donostia 2016ko kultur programako zuzendariak adierazi duenez.

Hainbat diziplina artistiko hartzen ditu Berriak ildoak: Ikusmira Berriak, Komisario Berriak, Itzultzaile Berriak eta Antzerkigintza Berriak egitasmoak hartzen ditu. Diziplina horietako talentu berriei proiektuak sortzeko eta garatzeko aukera ematen die, eta hori lortzeko egonaldiak, laborategiak, tailerrak eta tutoretzak jarri ditu sortzaileen eskura, elkarren arteko lankidetza ere garatu dezaten.

Berriak ildoa hiriburutzaren programan sartzeko arrazoi nagusia epe luzerako egitasmo bat sortzea izan da, Payaren arabera; 2016 amaitutakoan jarraituko duen zerbait. Hirian hobetu beharreko ildo bat zela ikusi zuten: «Prestakuntzaren bitartez, sektore sendoagoa lor dezakegu». Kultur programaren zuzendariaren hitzetan, «ahots berriak» nahi zituzten, eta proiektuek aurrera jarraitzea nahi dute: «epe luzeko ondarearen zati bat izatea nahi dugu».

Ildoaren barruko programak garapen fase desberdinetan daude, baina, Payaren arabera, denak doaz aurrera.

IKUSMIRA BERRIAK

Zineman murgilduta

Zinemako hizkuntzaren eta ekoizpen moduen berrikuntzaren eta esperimentazioaren alde egiten duten proiektuei laguntzeko programa da Ikusmira berriak. Helburua ikus-entzunezko bat prestatzea, ekoiztea eta erakustea da, eta, horretarako, sortzaileek sei aste iraungo duen prestakuntza saioa jasoko dute, eta euren proiektuak garatuko dituzte. Abuztuaren 15ean hasi, eta Donostiako Zinemaldia amaitzearekin batera bukatuko da.

Aurtengoa Ikusmira Berriak egitasmoaren bigarren urtea da, eta iazko parte hartzaileetako bat da Maider Oleaga: «Oso aberasgarria izan zen sei astez proiektuarekin bakarrik egotea, bertan murgilduta». Adierazi duenez, bere eta bere kideen proiektuek aurrera jarraitzen dute; film luzea ekoizten hasiko da orain Oleaga. Aurtengo egonaldietako parte hartzaileak eta euren proiektuak hauek izango dira: Kiro Russo (Loba), Leo Calice eta Gerhard Reml (Calipatria), Aitor eta Amaia Merino (Fantasia), eta Mikel Gurrea (Suro).

ANTZERKIGINTZA BERRIAK

«Apustu handia»

Programa honetako parte hartzaileen proiektuak dagoeneko ekoizpen fasean daude. Zortzi egile aritu dira lanean azken hilabeteotan antzerkiko profesionalekin, eta sortutako obretatik hiru eszenaratuko dituzte antzokietan. Oier Guillanen Miss Karaoke abenduaren 1ean egongo da Gasteizko Principalen, Olatz Gorrotxategiren Coordenadas abenduaren 23an eta 24an ikusi ahal izango da Bilboko koliseoan, eta 2017ko martxoaren 3an estreinatuko da Mikel Gurrearen Soka, Donostiako Viktoria Eugenian.

Olatz Gorrotxategik egokitzat jo du programa. Hark dioenez, Euskal Herrian idazketan soilik jarduten diren antzerkigile gutxi daude: «Normalean, obra idazten duenak zuzendu ere egiten du». Bere testua aurrera eraman ahal izan du programari esker: «Apustu handia iruditzen zait».

KOMISARIO BERRIAK

Elkarlanean

Hamar arte komisario hautatu zituzten programa honetan, eta elkarrekin bi erakusketa antolatuko dituzte. Proiektuan Angel Calvo Ulloa, Irati Irulegi, Laura Diez, Leyre Goikoetxea, Natasha Kadin, Pilar Cruz, Iker Fidalgo, Sonia Fernandez Pan, Juan Luis Toboso eta Valerio de Baglivok parte hartuko dute.

Iker Fidalgok dioenez, erakusketen kontzeptua garatzen ari dira; oraindik ez dute prestakuntza amaitu. Donostiako Tabakaleran eta Bilboko Azkuna Zentroan laborategi bana egin dituzte, eta hirugarren bat egingo dute Gasteizko Artium Zentroan. Fidalgok laborategi horietan egindako talde lana nabarmendu du: «Komisarioena lan bakartia izaten da, baina Berriak-en lan kolektiboa egin dugu». Komisario berriak programaren sorkuntza ere eskertu du Fidalgok: «25 urtetik gorakoentzat aukera gutxi egoten dira prestatzen jarraitzeko». Izan ere, ildoak ez ditu pertsona gazteak hautatzen, ideia berritzaileak baizik.

ITZULTZAILE BERRIAK

Euskal kultura atzerrian

Itzultzaile berriak proiektuaren helburua euskal kulturaren garapenean itzulpengintzak izan duen garrantzia nabarmentzea da, euskal kultura atzerrian ezagutaraztea eta itzultzaile berrien prestakuntza sustatzea.

Etxepare Institutuaren laguntzarekin euskal literatura gaztelania ez den beste hizkuntza batera itzultzeko aukera izan dute nazioarteko zenbait itzultzaile euskaldundu berrik. Euskarazko obrak Europan barrena zabaldu nahi izan dituzte egitasmo honen bitartez.

Laura Biubinavicivte, Mariya Petrova, Barbara Pregelj, Katarzyna Sosnowska, Merilin Kotta, Karina Mishchenkova, Lenka Niznanska eta Matylda Figlerowicz itzultzaileek sei hilabeteko egonaldia egin zuten Euskal Herrian; euskara ikasi, eta hizkuntzaren ezagutzan sakondu zuten Zornotzako barnetegian. Payak adieraz duenez, dagoeneko euren herrialdeetara itzuli dira programako parte hartzaileak, eta hautatutako obrak lituanierara, bulgarierara, eslovenierara, polonierara, estonierara, errusierara eta txekierara itzultzen ari dira.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik