Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

HISTORIA ETA MUSIKA, LOTUTA

$
0
0
Donostia Europako bi Kultura Hiriburutzetako bat da aurten, eta, horregatik, Europari begira jarri da Donostiako Musika Hamabostaldia. Europako historia eta, zehazki, musikaren historia islatzen dituen programazioa osatu dute 77. aldirako. Ostegunean hasiko da jaialdia, eta abuztuaren 31n amaituko.

Musika klasikoa baina gauza europarrago gutxi daude, Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariaren hitzetan: «Elementu guztiz europarra da; orkestra, adibidez, Frantzian jaio zen». Kontinentearen historia islatzen du musika klasikoak, Alfayaren ustez, industrializazio garaia, esaterako; izan ere, metalezko instrumentuak garai horretan garatu ziren. Europak munduan zehar egindako kolonizazioa ere isla dezake; orkestraren adibidea jarri du Alfayak hori azaltzeko, kontinente guztietara iritsi baitzen Europako orkestren eredua.

Europari bai, baina Euskal Herriari ere begiratu dio Musika Hamabostaldiak, eta hemengo musikaren adierazgarri diren abesbatzei protagonismo berezia eman die. Hamabostaldiko zuzendariaren ustez, hemen bezainbeste abesbatza ez dago inon: «Koru tradizio zabala dugu». Alfayaren ustez, Euskal Herriko musika klasikoaren adierazpide nagusia dira, oso sozialak dira, eta amateur ugari aritzen dira koruetan abesten; era guztietako pertsonek hartzen dute parte haietan. Orkestrak ere badute pisua, «baina ez dira hain sozialak», Alfayaren hitzetan. Haiek ere izango dute lekua programazioan, Bilboko eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak itxiera ekitaldian ariko dira, Donostiako Orfeoiarekin batera.

Musika Hamabostaldi guztietan egon dira abesbatzak, baina aurten atzerrikoek ere parte hartuko dute. Belgikako, Alemaniako, Erresuma Batuko eta Kanadako abesbatzak egongo dira, eta azken horien parte hartzea nabarmendu du Alfayak: «Ternuakoak dira, eta hori interesgarria iruditu zitzaigun, lurraldea euskal baleontzien historiarekin lotuta dagoela kontuan izanda». Haiek ekartzeko, Kanadako Gobernuaren laguntza izan dute.

Abesbatzak eta Europako musikaren historia ardatz hartu dituztenez, programazioa ere kronologikoki antolatu dute neurri handi batean.

BARROKOA

Europaren ideia orokorra Musika Hamabostaldian islatzeko, historiarekin gurutzatzen diren obrak aukeratu dituzte, musikaren garai nagusi guztietakoak.

Johann Sebastian Bachekin hasi dute kronologia, XVIII. mende hasierako barrokoarekin. Alfayak adierazi duenez, Bachek Erdi Aroan errotutako musika sortzen zuen, betea eta konplexua: «Azken musika eskolastikoa bera dela esaten da». Haren lanen artean, Pasioa San Mateoren arabera eskainiko dute English Baroque Soloists, Monteverdi Choir eta Easo Eskolaniak.

ILUSTRAZIOA

Bachen ondoren datoz Haydn eta Mozart, ilustrazioarekin batera, argien mendean.

Haydnek eman zion hasiera sinfonien generoari, eta haren obratik, besteak beste, Meza si bemol maiorren edo Harmonia deitutakoa aukeratu dute. Meza hori alargun batek konpositoreari egindako enkargua da, eta, beraz, erlijioa presente dago, baina sufrimendua eragiten duen Jainkoaren figura desagertu egiten da garai horretan. Haydnen obran bazegoen erlijioa, baina ikuspegi indibidualista batekin, Mozarten konposizioetan bezala.

Hain zuzen, Mozarten lanen artean, opera bat aukeratu dute, bere lan ezagunenetako bat: Don Giovanni. Mozart garai berri baterako trantsizioa da; beste konpositoreek baino enkargu gutxiago hartzen zituen, musikari indibidualistagoa zen.

BURGESIA

Ludwig Van Beethovenek jarraitu zuen Mozartek hasitakoa; hura izan zen enpresariekin harremanak izan zituen lehen musikarietako bat, «lehen musika ekoizleetako bat». Musikariak ez zituen enkarguak behar, Alfayaren hitzetan, sarreren salmentarekin lortzen baitzuen dirua Beethovenek; «marketina» egiten zuen.

Burgesiaren goraldiaren adierazgarria da Beethoven, eta horregatik da konpositorea hurrengoa programazioaren kronologian. Beethovenen musika garaiko ikur izan zen, eta Bederatzigarren Sinfonia nabarmendu du Alfayak programaziotik: «Herriaren musika zen, horregatik da orain Europako ereserkia».

EUROPA «GARAILEA»

Hector Berlioz konpositorearen obra aukeratu du Hamabostaldiak Europa «garailea» erakusteko, kolonialismoaren eta industrializazioaren Europa. Berliozen garaian hasi ziren antolatzen Erakusketa Unibertsalak, eta Eiffel dorrea ere orduan eraiki zen. Alfayaren hitzetan, Berliozen Te Deum da inperialismoaren adierazgarri nagusia, Europa «geldiezinaren» erakusgarri, eta horregatik aukeratu dute garai horren lekuko.

POSTROMANTIZISMOA

1902an egin zuen Gustav Mahlerrek bere Hirugarren sinfonia, eta obra horretan Nietzscheren ideiak islatzen dira. Lan hori eskainiko du Budapest Festival Orchestrak, Donostiako Orfeoiarekin eta Orfeoi Txikirekin. Mundua aldatu egin dela uste du Mahlerrek, eta dena gauza beraren parte dela dio bere obretan.

ORAINA

Kronologia horretan orainaldiak ere badu bere lekua, Interprete Gazteen Zikloan. Egungo musikariek beste garai batzuetako konpositoreen obrak joko dituzte; Haydn eta Mozartenak, besteak beste. Gainera, aurten, ahalegin berezia egin dute gazteek kontzertuetara joateko erraztasunak izan ditzaten.

GEROA

Hurrengo belaunaldiak ixten du kronologia. Umeentzako zikloaren eskaintza indartu egin dute aurten; «biderkatu», Alfayaren arabera. Gainera, Kantu kontari egitasmoa gehitu dute aurten, Elena Odriozolak emango duen tailerrarekin batera.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik