Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Donostiako Jazzaldiak 175.000 entzule bildu ditu, inoizko gehien

$
0
0
Arrakastatsua. Ezin bestelako adjektiborik eman amaitu berri den Donostiako 51. Jazzaldiari. Arrakastatsua, bere historiako ikus-entzule kopururik handiena izan duelako —175.000, antolatzaileen arabera—, eta arrakastatsua, kontzertu gehienek aho zapore ona utzi dutelako jendearen artean. Miguel Martin jazzaldiaren zuzendariak berak nabarmendu du ikusleen «erantzun bikaina», eta baita kontzertuen «musika bikaintasuna» ere. «Urteetan gogoratuko ditugun zenbait emanaldi izan dira».

Jazzaldian zenbatu dituzten 175.000 pertsona horietatik 19.000 pasa ordaindutako emanaldietan izan dira, Trinitate plazan eta Kursaaleko auditoriumean gehienak, baina baita Viktoria Eugenian ere. Hainbat kontzertutan saldu dituzte sarrera guztiak, hala nola Ellis Marsalisek eta Brandon Marsalisek Kurt Ellingekin, Steve Colemanek eta DeJohnette-Coltrane-Garrison hirukoak eta Diana Krallek Trinitate plazan emandako kontzertuetan eta John Scofieldek gidatutako hirukoak nahiz Ibrahim Maaloufek Kursaalean emandakoetan —azken hori izan da aurtengo jaialdiko saio polemikoa ere: batzuentzat, zoragarri; besteentzat, penagarri—. Krallen kontzertuan 2.600 lagun bildu ziren, eta haietako batzuk kexu agertu dira sare sozialetan ikusteko arazoak zituztelako eta nahiko leku ez zegoelako Trinitate plazan. Martinek, ordea, ukatu egin du hori.

Doako kontzertuak 84 izan dira aurten, gehienak Kursaaleko eraikinaren inguruan barreiatuak. Ohi bezala, Zurriola hondartzako Agertoki Berdean bildu da jende gehien —45.000 lagun zenbatu zituzten antolatzaileek Gloria Gaynorrek ostegunean emandako kontzertuan—, baina nahiko orokorra izan da jendetza beste agertoki txikiagoetan ere, Kursaal kanpoaldean kokatutako terrazetan.

Gainera, aurten plaza berriak gehitu zaizkio jazzaldiari —Konstituzio plaza, esaterako—, eta arrakastatsuak izan dira. «Ziur aski hurrengo urteetan ere segituko dugu haiekin».

Saio bikainak

Trinitate plaza da Donostiako Jazzaldiaren gunerik esanguratsuena, jaialdiaren kontzertu garrantzitsuenak biltzen dituena, eta haren inportantzia ekarri du gogora zuzendariak, artisten eta publikoaren artean «konexio berezia» sortzen delako han. Hain zuzen ere, azkeneko egunean Diana Krallek emandako kontzertuan, artista kanadarra hunkitu egin zen, Martinen arabera: «Oso gutxitan sentitu du bere burua hain hunkituta, publikoak hain lagundua».

Diana Krallena ez ezik, Jazzaldiaren 51. ekitaldiko beste saio batzuk ere nabarmendu ditu jaialdiaren zuzendariak; hala nola ostiralean Brandford Marsalisek eta Kurt Ellingek Trinitatean emandakoa —«aurtengo kontzertua», Martinen iritziz—, Steve Colemanena, Marc Ribot & The Young Philadelphiansena eta Josemi Carmonarena.

Hurrengo urtean uztailaren 20aren eta 25aren artean egingo da Donostiako 52. Jazzaldia, eta, hortaz, egun pare batez Gasteizko Jazzaldiarekin egingo du bat. Izan ere, Gasteizko jaialdiaren antolatzaileek jakinarazi dute uztailaren 18a eta 22a bitartean egingo dela 41. ekitaldia.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik